Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

Hiru genero edo moeta ageri dira: Iparraldean -zehatzago esanda, Zuberoan- tradiziozko teatroa (asto-lasterrak eta pastoralak); Hegoaldean, alde batetik, Barrutiaren teatro herrikoia, barrokoaren ondoko teatroaren eta Europako eguberri-teatroaren eragina duena, herri-tradizioko bertso-moldeetan eta herri-hizkeran egina, eta, bestetik, teatro neoklasikoa (Xabier Munibe, Alzibar-jauregi). Azken hau Neoklasizismoaren barruan ikusiko dugu.

Zuberoako asto-lasterrak (farces charivariques) herriko pertsona jakinen kontra eginiko satira gogorrak ziren, hots, senar edo emazte adardun, emazte senar-jipoitzaile, mozkor eta abarren aurkakoak, eta agintariek debekatu egiten zituzten. Pastoralen antzeko egitura zuten, hain zuzen haien parodia zen, burla egitea zuten helburu. Hamar bat asto-lasterren testuak edo zatiak behintzat gorde dira (ik. Bibl. Urkizu 1998): aipagarriak dira, adib. Bubane eta Xiloberde, Juanik Hobe eta Arlaita, Petit-Jean eta Sebadina edo Rekokilart eta Arieder. Aipatu asto-lasterron eskuizkribuak XVIII. mendekoak dira eta mende erditik aitzina antzeztuak izan ziren.

Pastoralen eskuizkribu zaharrenak ere XVIII. mendekoak dira. Zaharrena Sainte Elisabeth de Portugal dateke: 1750koa da haren eskuizkribua, ia 1600 bertso dituena. Beste dozena bat pastoral ere antzeztu zituzten (Edipo, Abraham, Jean de Paris, Godefroy de Bouillon, Clovis etab.); aipaturikoak, behin eta berriz, gainera.

Aramaion sortua, Arrasateko eskribau zela idatzi bide zuen bere obra, 1710-1753 bitartean.

Acto para la noche buena (edo Gabonetako Ikuskizuna) da Barrutiaren antzezlana, baina ez dakigu Arrasaten-edo antzeztu ote zuten. Mende eta erdi galduta egon ondoren Azkuek argitaratu eta ezagutarazi zuen (1897).

Antzezlan honetako ekintza eta pertsonaiak alderdibikoitzak dira, eta lehenak eta orainak, Belenek eta Arrasatek elkarrekin topo egiten dute. Barregarria (gazt. El Gracioso ) delako pertsonaiak barroko edo barrokondoaren eragina erakusten du.

Bertso-moldeei dagokienez, Barrutiak estrofa molde ugari darabiltza, bertso-lerro guttikoak eta arinak. Gainera molde bakoitzak usadio zaharreko erabilkera jarraitzen du (koplak erronda kantuena, bilantzikoak Haurtxoaren aurrean kantatzen direnena) eta pertsonaia jakinentzat neurri jakina du.

Antzezlan bizi eta umoretsua, egilearen inguruko bizkaieran eta herri hizkera bizian idatzia.

Barrutiaren antzezlana agian ez zen izan bakarra Hegoaldean. Eliza Katolikoak Trentoko Batzarraz geroztik debekatu zuen komediak antzeztea eta, beraz, ez dirudi harrigarria antzerkilan gehiago ez aurkitu izana. Ilustrazioak, ostera, bultzatu egin zuen teatroa.