Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

Frantziako Iraultzak eta haren ondorioek (Antzinako Erregimenaren erorketa, Ipar Euskal Herriko foruen galera, Estatuaren zentralizazioa, atzerriko herrialdeen kontrako gerrak, frantsesaren zabalkundea Frantzia osora, elizgizonen konstituzio zibila, nazionalismoaren sorrera etab.) markatuko dute luzaroan euskal literatura Iparraldean nahiz Hegoaldean. Bereziki Iraultzak (1789), Konbentzioko gerrak (1893-1895), Napoleon Bonaparteren kanpaina militarrek (1769-1821) eta frantsesteak (1808-1814) arrastoa utzi dute bai garai hartan eta bai geroago ere, XIX. mende osoan XIX. mende osoan. Kantuak edo bertsoak dira aipatu gertaeren lekuko hoberenak; tamalez, bertso asko galduko ziren garai odoltsu eta nahigabez beteriko haietan, ez baitzuten inprimatuak izateko aukerarik. XIX. mendean ere Iraultzaren eta Napoleonen garaiaren oroimenak bizi-bizirik iraunen du poema, pastoral eta istorioetan.

Gorde diren kantuetatik (33 kantu, 376 ahapaldi) gehienak Iraultzaren eta ondorengo urteetako erlijio-jazarkundearen kontrakoak dira, egile ikasiek onduak -arruntki apaiz edo elizgizonek-, herri-bertsogintzatik hurbilekoak eta lapurterazkoak. Egile landuetan Monho gailentzen da kopuruz eta kalitatez. Hegoaldekoen artean aipagarriak dira gabon-kanta generokoak eta haien egile Juan Antonio Mogel eta Frai Pedro Astarloa. Egile landuez beste aldean, baditugu soldaduen kantuak eta abar, ez hain landuak.

Frantsesteko gerrari buruzkoak ere franko heldu zaizkigu: 40tik gora Espainiako gerra luzeaz. Euskaldunak suaren alde bietan izan baitziren, batzuek Hegoaldekoek eginak dira (Napoleonen, frantsesen, Jose Bonaparteren edo Godoyren kontrakoak, Bitoria eta S.an Martzialeko batailakoak, Donostiaren erretzea eta basakeriak kontatzen dituztenak, Bilboko gabon-kantak), baita Iparraldekoenak (soldadu kantuak, adib. maiatzaren 2an Madrilen gertatuak kontatzen dituztenak, Napoleon eta Harisperen laudoriozkoak, bolondresena, Napoleonen eroraldikoak).

Isturitzen sortua eta Bardotzen hila. Konstituzio zibilari zin egiteri uko egin eta atzerriratua. 1972an argitaratu ziren haren kantu profano eta kantika multzo bat. Izan ere, Monhok ez du bere izena agertzen bertsoetan. Kantu profanoetan Mentaberri apaiz zin egilea eta hura bezalakoen aurkakoak, bai eta Robespierre et Pineten kontrakoak nabarmentzen dira; hots, ziri-bertsoak. Geroztik Napoleonen kontrakoak eta erregearen aldekoak ere ondu zituen.

Monho koblakariak baino jantziagoa da (mitologia, errima kurutzatuak...) baina neurkeraz ez da ia urruntzen herri bertsogintzatik. Lapurtera klasikoa darabil eta hiztegi aldetik nahikoa garbia da.