Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

Lore Jokoekin eta Donostiako Euskal Festekin euskal literatura hasten da bere adiera hertsian. Genero berriak agertzen dira, eta batzuk literatura hutsekoak: kontaera -bereziki eleberrigintza- eta antzertia. Poesia ere ugaltzen da.

1879an Donostian "Itz jostaldiak" antolatzen hasten dira, Udalaren babesaz eta J. Manterolaren eraginpean. Lehiaketan istorio, elezahar edo ohitura oroigarriren bat gaitzat hartu behar zen. Ohargarria da aurkezten diren idazle gehienak laikoak direla.

Donostiako Euskal Festen inguruan agertzen diren elezahar edo leiendek, deskripzioek eta antzerkiek prosaren nagusitasuna ekarriko dute.

Eleberria oso berandu hasten da, XIX. mende bukaeran, eta (sasi)kondairarako joeratik ohitura eleberrigintzara iraganen da, eta hartan iraunen du luzaz, harik eta nobela esistentzialista etorri arte ("Txillardegi"ren Leturiaren egunkari ezkutua, 1957). Ipuin eta kontakizun laburrek kontaeraren esparrua zabalduko dute: askok folkloregaiak landuko dituzte, beste asko farregarriak izango dira eta jazoerak asmakizunekin nahasita ager daitezke.

Peru Abarka -ko autuak eta santuen bizitzetako kontakizunak (Laphitze, G. Arrue, edo Birjinia ), euskal eleberriaren hasikintzat joak izan arren, eleberri edo ipuinez bestelako genero mota batzuetan idatziak dira.

Daskonagerre-ren Atheka gaitzeko oihartzunak da lehen euskal eleberria (1870), baina itzulpena da Les échos du pas de Roland -ena (1867). Nobela horretan "Ganix" kontrabandistaren ibilerak kontatzen dira lapurtera "kostatarra" deitzen den hizkeran. Itzulpena da Amodioaren martirra foiletoi-nobela ere (Le Pays basque-Eskual-herria, 1900-1901), Ernest Daudet idazle frantsesaren (1837-1921) Dolorès nobelarena (1879), gaztelaniazko bertsiotik egina (1886). Kontatzeko era tradizionalagokoak dira Elizanbururen Piarres Adame eta Duvoisin-en Baigorriko zazpi liliak.

Hasierako aldiko kontakizun gehienak kazeta edo aldizkarietan agertu ziren atalka.

1879-1891 bitartean, Donostiako Udalak Manterolaren bultzadaz antolatutako lehiaketei esker, 30 bat elezahar edo leienda idatzi eta argitaratu ziren "Oroimengarriak" bildumetan, baita aldizkarietan ere (Euskal-Erria-n batez ere).

Pizkunde garai honetan edo lehenxeago, nagusi da erromantizismo sasihistoriazalea, lehenagoko euskaldunen egintza harrigarri eta miragarri ustezkoak eta mitoak sortzen zituena (Aitor, Altabizkarko Kantua...). Euskal idazleek (K. Otaegi, Tx. Agirre, T. Alzaga, G. Arrue, A. Arzak, A. Kanpion, K. Etxegarai, Lopez Alen, Guilbeau etab.) gaztelaniazko egileak itzultzen edo imitatzen zituzten (Navarro Villoslada, J. M. Goizueta, V. Arana, J. V. Araquistain), kalitate eskaseko literatura idazten zutenak.

  • Txomin Agirre (1864-1920)

Ondarroan jaioa, Zumaiako monjen komentuan kapilau izan zen. Haren Auñemendiko Lorea (1898) jotzen da lehen euskal eleberritzat. Urte batzuk lehenago A. Apaolaza medikuaren Patxiko Txerren (1890) ipuin luze edo nobela laburra atera zen, A. Trueba-ren El Judas de la casa-ren egokitzapen trebea.

Auñemendiko Lorea kondaira eleberria da, VII. mendeko gertaerak kontatzen dituena, egilearen ustez kristautasuna sartuz zihoan garaikoak. Riktrudis da jokalari nagusia. Riktrudis San Amandoren ikaslea da, euskaldun kristaua, eta bere maitaletzat Adabaldo frantses kristaua hautatzean euskaldunen artean gerra sortzen da. Bizkaiera herrikoian idatzia dago, garbizaleegia da baina ez aranatarra, larramenditarra baizik.

Kondaira joerako eleberrietatik ohitura eleberrietara iraganen da Agirre (Kresala, 1901; Garoa, 1907).

  • Resurrección María Azkue (1864-1951)

Resurrección María Azkue, Lekeition jaioa, Eusebio Maria Azkueren semea. Apaiztu ondoren, Bizkaiko Aldundiak eratu euskararen katedra irabazi zuen (1888) S. Arana eta Unamunorekin lehian. Musika ikasketak egin zituen eta Euskaltzaindiaren lehen burua izan zen, hil arte.

Obrak:

Euskal Izkindea. Gramática Euskara (Bilbao, 1891), elebiduna.

Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-1906), 2 lib.

Morfología Vasca (1923).

Cancionero Popular Vasco (1925). Euskalerriaren Yakintza. Literatura Popular del País Vasco (1935-1947), 4 liburuki.

Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariak sortu, zuzendu eta bertan artikulu ugari idatzi zuen. Euskalzale-ko bere bizkaierazko eta gipuzkerazko irakurgai barregarrien bilduma bat eginda Txirristadak liburua atera zuen (1898).

Zartzuelak sortu zituen: Vizcaytik Bizkaira, 1895; Eguzkia Nora, 1897; Pasa de Chimbos, 1898; Sasi-eskola (1898). Operak ere bai: Ortzuri, 1910; Urlo, 1912.

Ipuinak: Behin da betiko (1893, 1898) eta Batxi Guzur (1897). Batak eta besteak kostaldeko herrixka baten bizimodua eta ohiturak kontatzen dituzte. Gizarte bereizketa bat ageri da (euskaldunak eta erdaldunak) eta helburu didaktiko bat (zuhurtzia). Euskararen aldetik balio handiagoa dukete literatura aldetik baino.

Eleberriak: Ardi Galdua (1918). Latsibi, 1919 inguruan idatzia, 1989an argitaratua.

Abertzaletasunarekin batera, Sabin Aranak euskal kultura eraberritu eta euskara "garbia" ezarri nahi izan zuen, ortografiatik hasi eta morfologia, joskera eta batez ere lexikoan aldatuz, hau da, erdal usaina zuten hitz guztiak kendu eta hitz berriak asmatuz. Aranak ordura arteko tradizio idatzia gutxietsi eta euskara berria ezarri nahi zuen. Jarraitzaile ugari izan zituen: Arriandiaga "Mibisus", Zabala-Arana, L. Eleizalde, P. Orkaiztegi, "Kirikiño", Olabide... Olerkarien artean, "Lauaxeta" batez ere.

Azkuek ere, hasieran bereziki (Euskal Izkindea, 1891), euskara arlo guztietan aldatu nahi izan zuen. Garbizalea izan zen eta haren hiztegiak aldi oso bat markatu izan du; haren hitz berriak, ordea, gramatika aldetik zuzenak eta gardenak dira. Joskeran ere haustura gertatu zen, Altuberen lege hertsiekin.

Arana eta Azkueren hizkuntz ereduen eragina nabarmena da hitz lauz nahiz neurtuz eta genero guztietan; Hegoaldean nagusi izan da ia 1960 ingurura arte.