Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

III. Errepublika eta Eliza Katolikoa elkarren kontra ari izan ziren ia I. Mundu-Gerraraino. Frantses estatuak eskolak laikotu zituen eta frantses hizkuntza hedatu euskararen kaltetan, ondorioz erlijioaren eta euskararen arteko lotura sendotu egin zen. Iparraldean Errepublikaren kontrakoek ("xuriek" edo kontserbadoreek) batez ere Eskualduna kazetan plazaratu zituzten beren ideiak, interesak eta jokabidea.

Errepublikarrek Réveil Basque astekari elebiduna, hots, Euskal Iratzartzea (1886-1894) ateratzen zuten; 1898an Le Pays Basque-Eskual-Herria k (1898-1914) hartu zuen haren segida. Reveil Basque-ri erantzunez "xuriek" Eskualduna sortu zuten, 1887an. Eskualduna ideologiaz tradizioaren aldekoa zen eta erlijioarentzat askatasun osoa aldarrikatzen zuen. Kazeta politiko gisa jokatu zuen, gobernu errepublikarrei eraso eginez.

Eskualduna-k euskal idazle multzo handia bildu zuen. Kazeta horren eta geroago Herria (1944tik aitzina) astekariaren bidez nagusituko da nafar-lapurtera literarioa, lapurtera eta behenafarreran arteko euskara batu literarioa.

Hazparnekoa. Larresoroko seminarioko irakaslea eta Eskualduna-ko zuzendaria. Kazetalan zinez ugari idatzi zuen berak kudeatzen zuen kazetan, horietako multzo batzuk berrargitaratu dira. Lehen orrialdeburuan editorial gisako artikulua berak idatzi ohi zuen astero-astero. Beste sailetako artikulu asko idatzi zituen (kronikak, jostagarriak, istorioak), ia orotariko gaiez. Horregatik guztiagatik eta bere euskara landu eta erretorikoagatik idazletzat ere jo genezake, kazetaritzat ez ezik. Areago: maisutzat ezagutu zuten haren ondoko idazleek (J. Etxepare, Saint-Pierre, Lafitte...).

Kazeta-mintzaira ulerterraza nahi zuen, hitz zaharregi edo berriegirik gabe. Hiriart-Urrutiren idaztankera malgua, zalua, bizia, labur eta trinkoa da. "Euskararekin jostatzen zen haren luma", J. Etxepareren arabera. Eta irakurleak ez omen zituen behin ere aspertzen.

Arnaud Abbadie (1843-1916). Bitirinekoa (Nafarroa Beherekoa), Filosofiako irakasle eta seminarioko buruzagi izan zen Larresoron. "Laborarier" saila idatzi zuen Eskualduna-n urte luzeetan.

Jean Blaise Adema (1861-1936). Senperekoa, "Zaldubi" koblakariaren iloba, erretore Saran eta Uztaritzen. Hiriart-Urruti hiltzean asterokoaren zuzendaritza hartu zuen. 40 bat urtez jardun zuen idazten Eskualduna-n. "Asteko berriak" saila (Frantziako eta auzo erresumetako gorabehera politikoak) bete ohi zuen, lapurtera erraz eta garbian, labur eta mamitsu.