Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

Erromantizismoak kultur joera edo mugimendu bat izendatzen du, klasizismoaren aurkakoa, XIX. mendean Europan nagusituz doana. Izatez, XVIII. mende erditik aurrera Ingalaterrako eta Alemaniako literaturan agertuz doaz erromantizismoaren genero batzuk (eleberri eta komedia sentimentala, adibidez), eragileak (bereziki Rousseau eta Herder) eta idazle goiztiarrak (Young, Goethe).

Erromantizismoa, sortzez, ilustrazioko argien eta arrazoiaren kontra jaiki zen. Filosofia aldetik, idealismoarekin batera garatzen da, eta, honen eraginpean, idealen munduan sinesten du, materia, historia erreal eta eguneroko mundutik ihes egiten du, bere mundua sortuz, ametsari eta irudimenari leku emanez. Arteari dagokionez, subjetibismotik abiatuta erlatibismo estetikoa defendatzen du eta estetika berri bat ekarriko du, are bizitzeko era berri bat.

Erromantizismoak gizabanakoaren beregaintasuna eta nagusitasuna predikatzen du, haren nitasuna, nortasuna, berezitasuna eta bakantasuna gora aldarrikatzen. Gizabanakoaren parean herrien nortasuna eta beregaintasuna, are herri txikiena ere, aintzat hartzen du. Politikoki Europako nazionalismoaren sorrera eta garapenarekin batera dator, nahiz ereduak desberdinak diren (Frantziar estatuarena eta germaniar edo helvetiar konfederazioena, adibidez). Politikak kutsatuta, erromantiko batzuk iraultzaileak izango dira, idealak predikatuz (askatasuna, berdintasuna, anaitasuna), eta beste batzuk kontserbadoreak.

Erromatizismoaren gai orokor gogokoenak maitasuna eta izadia dira. Erromantikoen maitasuna izpiritua eta natura elkartzen saiatuko da. Izadiaren zaletasuna eta mirespenean gizabanakoak babesa eta lasaitasuna bilatzen du. Erromantikoek iraganera eta batez ere Erdi Arora jotzen dute beren eredu, gertaeren kokaleku eta iruditeriaren bila.

Euskal literaturan erromantizismoa poesian nabarmendu zen. Iparraldean poeta erromantikotzat hartzen ditugu Kamusarri eta Etxahun; erromantikoa da Xaho ere, bere Azti-Begia idazlanagatik (1834) eta Kantutegiagatik. Halaber Elizanburu eta Lore Jokoetako bertso eta olerki asko. Hegoaldean "Bilintx", arlo politikoari lotuago dauden Iparragirre, P. M. Otaño eta Arrese Beitia, eta alderdi batzuetan E. M Azkue.

Baina joera desberdinak daude. Kamusarrik poeta landu eta bertsolarien arteko bereizketa egingo du, poeten alde jarriz eta neurtitz landuak eginez. Egileek garrantzi handiagoa eta beste estatus bat hartzen dute erromantizismoarekin. Mugimendu honek, gainera, nitasuna bultzatzen du, poeta landuengan ez ezik, bertso-jartzaile -eta aldi berean poeta- hoberenengan eragina duena, horrela uler baitaiteke Etxahun eta "Bilintx"en nitasuna.

Erromantizismoak folklorezaletasuna eta herri kulturaren bilketak bultzatu zituen. Euskal folklorearen bilketan Juan Ignazio Iztueta aitzindaria da, euskal dantzen bilduma baliotsua argitaratu zuelako 1824an.

Kultura alderdien artean (hizkuntza, ohiturak, musika etab.) herri literatura ere aintzat hartu zuen Erromantizismoak. Herri-literaturaren barruan, beste genero batzuen ondoan (elezahar edo leiendak, herri-ipuinak, errefrauak...), herri-poesiak esku handia izan zuen.

Bilduma aipagarrienak F. Michel (1857), Mahn (1857), J. A. Uriarte, Salaberri (1870), Manterola (1877-1880) eta Vinsonenak (1883) dira. Bilduma horiek euskal folklorea eta literatura ezagutarazten eta zabaltzen asko lagundu izan dute. Gainera, horietako askotan egileen berri ematen da; F. Michel, Sallaberri, Vinson eta Manterolarenetan bertso eta kantuen frantses eta gaztelerazko itzulpenak ere agertzen dira. Mahn, Uriarte eta bereziki Manterolarena (Cancionero Basco, 1877-1880) bilduma literarioak dira, ez folkloriko hutsak, egile klasiko nahiz garaiko poeten neurtitz ugari biltzen dituztelako. Ahozko literatura hutsekoa da, ostera, Vinson-en Le Folklore du Pays Basque (1883). Lehen bilduma 1789koa da; hau eta Uriarterena ez dira oraintsu arte argitaratu.

  • Juan Ignazio Iztueta (1767-1845)

Zaldibin jaio eta hil zen. Gipuzkerazko literatura zaharrean elizgizona ez zen idazle bakarra da, nortasun berezi eta konplexukoa. Presondegian egon zen Kontzezirekin (ustez haur-galtzailea eta gero bere bigarren emaztea izango zena), bide-lapur omen zelako. Geroago, ordea, Donostian zerga-biltzaile eta presondegi-zaintzaile izan zen, eta, azken urteetan, bere sorterrian dantza-irakasle.

Idazle bezala alderdi anitzekoa da Iztueta: etnografo edo folklorezalea, kondairagilea, bertso jartzailea eta hiztegigilea. Dantzei buruzko liburuagatik da, batez ere, ezaguna.

Obrak:

Gipuzcoako Dantza gogoangarrien Kondaira edo Historia (1824). Iztuetak euskal dantzak biltzea du asmo; 36 dantza deskribatzen ditu eta dantzez gainera beste jolas eta ohiturak ere, bertsolariak, adibidez. Liburu hau da dantzei buruzko iturri zahar nagusia. Obra etnografiko oinarrizkoa da.

Iztuetak euskal dantza jatorren ahazte, galera edo kutsaketa hizkuntzarenarekin lotzen du; egoera horren zergatia, Iztuetaren arabera, kanpoan ikasitako gazteen gutxiespenezko jarreran dago. Honetan Iztueta kultura eta hizkuntza elkarren kontra jartzen dutenen aurka ateratzen da. Iztuetak dantzei buruzko ideologia ohikoa bat erakusten du: dantzak, gizarte antolamenduari dagokion errito bat dira. Bestalde, gipuzkoar izaera galtzeko arriskuan ikusirik lehenbiziko euskaldunengana itzulera aldarrikatzen du; haren ustez -Jovellanos eta J. A. Zamakolak esandakoak aintzat hartuz- dantza agerikoak moraltasunaren eta aitzinakoen bertuten erakusle ziren.

Gipuzkoako Probinziaren Kondaira edo Historia (1847). Garai hartako historiaren eta egilearen nortasunaren lekuko ez eze jaiolurraren maitetasun eta goraipamena ere bada. Bi parte desberdin ditu: lehen partean egileak berak ezagutzen zuena (tokiak, laboreak, harrobiak, zuhaitzak eta abereak) kontatzen digu. Bigarrenean, gipuzkoarren guduak, Zaldibia historialariari jarraituz.

Bertsoak ere ondu zituen Iztuetak, ahozko tradizioaren nahiz olerki idatziaren bidetik. Horietako batzuk ospetsu bihurtu ziren, adibidez "Kontzeziri" eskainiak, kartzelan idatziak, "Maite bat maitatzen det maitagarria" bertsolerroz hasten direnak.

Jakintza arloko idatzietan hitz berri larramenditarren zaleena da Iztueta gipuzkerazko idazle zaharren artean; neurriz kanpo erabili zituen. Hitz berriok zailagotzen dute haren hitz laua. Bertsoetan, ordea, ez zuen halakorik erabili.

Lehen poeta erromantikoa Kamusarri da, poeta landua. Etxahun-ek bere bizitza zorigaiztokoa kantatu zuen guganaino belaunaldiz belaunaldi heldu diren bertso hunkigarrietan. Xaho kazetari eta politikaria ere erromatikotzat hartua da haren ospe, irudimenezko eta asmakizunezko idazlan (Azti-begia, Aitor) eta kantutegiagatik.

  • J.B. Kamusarri (1815-1842)

Ziburutarra. 1838-1839an Larresoron irakasle egona, Elizanburu edo Adema "Zaldubi"gan eragin handia izan zuen 1840-1850 urteetan, hauek irakaslearen poemak miresten eta kopiatu edo kantutegietan sartu baitzituzten. Ondoren, Donibane Garazin bikario (1839-1842). Osasun eskasekoa izan zen; haren poemetan deitore edo iletarako isuria nabari da.

Poeta erromantikoa, kalitate handikoa, bertsolarien -"basa-koplariak" deitzen zituen- kritikoa eta poeta landuen eskolakoa (errima aberatsa etab.). Aipagarriak dira poesia hauek bederen: "Eri baten gogoetak", "Eri baten liraren auhenak", "Hiltzeko menean den gazte baten gogoetak", "Zumalakarregi-ri 31 koplak", "Alexis-en heriotzearen gaineko bi artzainen solasak" (Virgiliorengandik itzuliak).

  • Pierre Topet Etxahun (1786-1862)

Barkoxekoa (Zuberoa). Haurtzaro eta gaztaro zorigaitzez betea izan zuen. Familiarekin arazoak izan zituen, amodio eta seniparte kontuak zirela-eta. Auzietan ibili zen ondasunak eskuratzearren. Erroman eta Done Iakuen izan zen. Ospetsu egin zen: A. von Chamisso (1781-1838) alemandar poeta erromantiko ospetsuak haren omenez poema bat ondu zuen garai hartan eta Xahok haren historia bat idatzi (1842).

Etxahun, bertso-jartzailea izanaz gain, bat-bateko bertsolaria ere izan zen. Haren bertsoak ahoz-aho eta izkribuz zabaldu ziren. Etxahunen kantuak, guztira, 40 bat dira. Gai eta generoka, hiru multzotan sailka daitezke: autobiografikoak, ziri bertsoak eta egokierazkoak.

Autobiografikoen artean aipagarriak dira "Ürxapal bat" (1805-1808), kantu zaharrena, bere maitale behartsua utzi beharraren kariaz egina; "Mündian malerusik" (1827, 1842); "Bi berset dolorusik" (1831); "Etxahunen bizitziaren kantoria" (1834); "Ahaire delezius huntan" (1849).

Ziri-bertso edo satiren arteko batzuk fartsak dira, beste batzuek ogibideen kritika egiten dute. Ugariak dira emakumeari iseka egiten diotenak, herriko kronika eskandalagarrien bidez ("Bi ama-alhaba", "Maria Solt eta Kastero"). Diatribak edo aurkakoen inarrotsaldi bortitzak ere badira, non egilea mendekatzaile agertzen den berarekin ikustekorik izan eta ustez bidegabeki tratatu dutenekin ("Bi berseten egitez", 1853ko poesia lehiaketako epaimahaiko apaizak astintzen ditu sariztatu ez zutelako; "Barkoxeko eliza" (1859), erretorearen aurka, elizatik kanpo ezarri zuelako).

Egokierazkoen artean badira goresmenezkoak ("Musde Deffis", 1828). Baita poema politikoak: "Musde Xaho" (1849), politikari eta kazetariari zuzentzen zaiona bere kantuak inprima ditzan; "Musde Renaud" (1850), Donibaneko politikari errepublikazalea deputatu hautatua izan zelarik.

Aitorkizunak, ziriak eta okasiozko kontuak elkarren ondoan doaz. Aitorkizunak mingarriak dira, bere zorigaitzak azaldu nahi dizkie jendeei. Baina erasokorra da, gorrotoz betea eta guztiaren eta guztien kontra erreboltatua. Alderdi satirikoa da nagusi.

Etxahun ahozko tradizioari jarraitzen zaio. Haren bertso guztiak doinu bati lotuak dira. Zuberera aberatsa eta askotarikoa darabil.

  • Augustin Xaho (1811-1858)

Zuberotarra. Kazetari eta politikari errepublizale ezkertiarra eta masoia, euskalzalea eta euskalaria, literatura eta politikara emana. Baionako Udal Kontseilukoa eta Pirineo Apaletako Kontseilukoa izan zen eta garai hartako zenbait kazeta, albistari eta aldizkaritan erakutsi zuen bere luma zorrotz, zirikatzailea. Ariel kazeta sortu zuen, bere kazeta, Baionan ateratzen zuena (1844-1852). Hor Iraultza Frantseseko bertsoak, amodio kantak, Hiribarren-en "Iruñeko bestak" (1845) etab. argitara zituen. Erromantizismoko gizon jator bezala, herri kantu zenbait argitaratu zituen Ariel kazetan, horretan ere aurrelari izanez. Kantutegi bat prestatu zuen (1844-1855), duela gutxi argitaratua (2006). Aitor-en (euskaldunen lehen aita) istorio edo legenda asmatu edo sortu zuen.

Ariel-en euskarazko anaia bizkia ere sortu zuen 1848an, Iraultzaren gerizapean: Uskal-Herriko Gaseta, lehen euskal kazeta; bi ale baizik ez zituen jalgiarazi. Izan ere, urte haietan iraultza eta askatasun haizeak zebiltzan Europa osoan. Xaho bereziki laborariei zuzentzen zaie, kargudun eta funtzionariak dituztela etsai erakutsi nahiz. Errepublika ere kritikatzen du ezkerretik, eta karlismoarekiko haustura aldarrikatzen du. 1851ean L. Napoleon Bonapartek, estatu kolpea emanez, prentsa askatasunari ere eman zion, eta Xahok erbesteko bide hartu behar izan zuen.

Azti-begia saiakera (Paris, 1834), frantsesera itzulia (1840) kosmogonia filosofikoaren esparruko saiakera da. Xahok kristau eta ekialdeko alegoria eta sinboloak (Uholdea, Sugea, Kristo, Bildotsa etab.) argitu nahi ditu, aztien argibide izateko. Horretarako mintzaira metaforikoa darabil, irudi nagusiena haritza izanik (1851ean azalduko du Errepublikaren sinboloa dela eta hiru adarduna, hots, askatasunaren, berdintasunaren eta anaitasunaren irudia). Xahoren euskarazko testu gehienak Urkizuk berrargitaratu ditu (Azti-begia eta beste izkribu zenbait, 1992). Haren euskara zubereran oinarritua eta bere gisara batutakoa da; kazeta-lanetan prediku erretorikoa da harena, beti indartsua.

Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques argitara zuen (Paris, 1836), gaztelera eta alemanierara itzuli zena. Les études grammaticales sur la langue euskarienne (Paris, 1836), D'Abbadierekin batera egina, konparatismoaren joerakoa da. Bere lan nagusia, hiztegia, amaitu gabe utzi zuen.