Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

Genero narratiboaren azpimota hau Frantzian garatu zen klasizismo eta neoklasizismo garaietan (XVII. eta XVIII. mendeak). Gizabanakoari eta gizarteari argitasunez eta jostatuz irakastea eta on egitea du helburu. Euskaraz ipuin izena ere hartu izan du. Euskal alegigintza Mogeldarrekin hasten da, XVIII. mendearen amaieran edo XIX. mendearen hasieran. Alegilari klasikoen (Esopo) eta modernoen (gaztelaniaz Samaniego, frantsesez La Fontaine) itzulpenak eta batzuetan moldapenak dira baina helburu literariokoak. Gehienak neurtitzetan itzuliak dira (Zabala, Iturriaga, Arxu, Goihetxe, Zaldubi); Juan Antonio Mogelek hitz lauz ere idatzi zituen, eta Bizenta Mogelek hitz lauz baino ez. Generoak funtsean irakasteko asmoa badu ere, Fedro eta La Fontaine-en eraginez gizarte kritika egiteko joera hartu zuen (Juan Antonio Mogel); Erromantizismo garaian politika gaietara lerratu zen (Zaldubi).

XIX. mendeko euskal alegigileak Juan Antonio Mogel (ik. lehenago Juan Antonio Mogel), Bizenta Mogel, Fr. J. M. Zabala eta Iturriaga dira. J. Antonio Mogelek gehienak bizkaieraz itzuli edo moldatu zituen, Bizenta Mogelek eta Iturriagak gipuzkeraz. Haien bien liburuek edizio franko izan dituzte; Zabalaren alegiak bizkaieraz eginak dira eta Urkixok argitaratu zituen XX. mende hasieran. Beste idazle batzuek Lore Jokoetara aurkeztu zituzten beren alegiak, adibidez, Jose Artola, Arrese Beitia edo Karmelo Etxegaraik.

  • Bizenta Mogel (1782-1854)

Azkoitian jaioa, Markinan hazi eta hezi zen, osaba J. Antonio zuela irakasle. Bilbora ezkondu ondoan, itzultzaile gisa aritu zen Bizkaiko Aldundian, baita Abandoko Ulibarrirekin S. Fraiskuko gabon-kantak ontzen. Ospetsua izan omen zen Bilbo aldean sasimediku gisa begiko gaixotasunak osatzen zekielako enplastoen bidez. Andre humanista hau euskal literaturako lehen emakume idazlea da, emakumeek idaztea ondo ikusia ez zegoen garaian. Alegiak, neurtitzak eta itzulpenak argitaratu zituen.

Obrak:

Ipui Onak, lehen alegi liburu argitaratua, gipuzkeraz (1804). Behin eta berriro argitaratua izan da. Esoporen 50 alegi dira, hitz lauz. Nekazari eta gaztetxoentzat itzuli zituen alegiok, haien bizitza zuzentzeko eredugarri izan zitezen. Iturri klasikoak huts-hutsik erabili arren, egileak abereen herri-ipuinen lekukotasuna jasotzen du, erromantizismoarekin aintzat hartuko dena.

Neurtitzak: gabon-kantak, izenpetu gabeak (1818, 1819, 1820, 1824, 1825, 1828, 1829, 1830, 1831, 1832; 1814ko S. Bizentekoak ere?). Eguberritan Bilboko S. Fraisku, S. Bizente eta Jaundone Jakueko elizan kantatzen ziren, aspaldiko tradizioari jarraituz. Bilbo inguruko euskaldun eta bereziki baserritarrentzat atera ohi zituzten. Pentsamolde jakina erakusten dute, legezaharrekoena. Egilea bizkaitar nekazariei zuzentzen zaie, haien interesen alde egiteko eta ohiturak garbitzeko dei eginez. Foruak, euskara eta ohitura "onak" gordetzeko kezka agertzen du, erlijioarekin eta xenofobiarekin kutsatua. Bilbora etorri zirela eta, D. Fernando eta Maria Josefa Amalia errege-erreginen omenez onduak ere harenak dirateke (1828).

Itzulpen ofizial zenbait ere egin zituen, Bizkaiko Aldundiaren mandatuz. Politika arloko hitz teknikoak euskaratzean, Larramendiren hitz berriak eta etimologiazko zentzuaren araberakoak erabiltzen ditu Bizenta Mogelek.

  • Juan Mateo Zabala (1777-1840)

Bilbon jaioa, frantziskotarra, Zarauzko komentuko nagusia izan zen. Zehatza eta kritikoa zen.

Obrak:

Ipuin edo alegiak, Fábulas en dialecto vizcaíno izenez J. Urkixok argitaratuak (1907, 1909). Bilduma horretan 35 hitz neurtuzko alegi daude, horietatik 22 soilki Zabalarenak, gainerako gehienak J. A. Mogelenak.

Sermoi multzoa ere idatzi zuen, askoz geroago argitaratuak (1996, 2000), eta gutun batzuk euskaraz, Ulibarri eta beraren artekoak.

El Verbo Regular Vascongado del dialecto vizcaíno (1848). Bizkaierazko aditz irabiakera da, tauletan jarria.

Noticia de las obras bascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi (1856). Euskal liburu eta idazleen kritika zorrotza da. Zabala gramatikalaria zen batez ere. Oso ondo ezagutzen zuen hizkuntza, zuzen eta ondo zekien idazten baina gatz gutxikoak eta hotzak dira haren alegiak, eta berez genero honek gatza behar du, hain zuzen, besteak beste.

  • Agustin Pascual Iturriaga(1778-1851)

Hernanin jaioa, latin gramatika gazteei irakasten aritu zen apaiztu baino lehen, eta, ondoren ere, bere herriko apaiz zela. 1817an Gipuzkoako Aldundiari ikastetxe berri bat eraikitzeko eskaria egin zion, baita euskara eskolan sartzeko proposamena. Proposamena ontzat eman zuten baina salaketak izan ziren eta ikastetxea ixtea erabaki zuten. Gainera, 1823an Konstituzioaren aldekoei irakasten aritzea galarazi zitzaien. Lehen karlistatean Iparraldera erbesteratua izan zen. 1841an berriro Hernanin zegoen. Iztuetaren adiskide mina izan zen.

Iturriagak elebitasuna gauzatzeko edo euskara eskolan lehen mailako irakaskuntzan sartzeko bide bat ireki zuen. Hizkuntzak eta hezkuntza alde batetik, eta hizkuntza eta kultura bestetik, oso lotuta daudela ulertu zuen. Horregatik eta horretarako idatzi eta argitaratu zituen bere obrak. Bestalde, Iturriagak literatura klasiko eta modernoa ezagutzen zuen.

Obrak:

Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano (1842). Hau da egilearen obrarik ezagunena, ediziorik gehien izan duena eta hari ospea eman diona. Ipuiak (hau da, alegiak) izenez ere ezagutzen da. 55 alegi dira, Samaniegorenetatik itzuliak. Alegilari ona da; grazia eta dotoretasuna dute haren alegiek eta, gainera, bere burutik asmatuak dirudite. Iturriaga bertsogile trebea zen eta herri moldeen ezagutzailea.

Beste bertso batzuk ere itzuli edo bere burutik sortu zituen egile honek: Virgilio-ren I. eta III. eglogak, S. Inazioren martxako letra eta ezpatadantzakoa. Gehienak itzulpenak diren arren, alegien liburua literatur helburuzko obra da, egilearen gainerakoak ez bezala. Euskarari dagokionez, lapurteraren kutsua nabari da, batez ere hiztegian.

Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipuzcoa (1842; 1857). Jolasak izenez ezagutua da hitz lauzko liburu hau. Haurrei, zekiten euskaratik abiaturik, gaztelera ahalik ongiena irakasteko irakurgaiez osatua da.

Gazteleraz honako liburuska hau argitara zuen: Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de las primeras letras de Guipuzcoa (1841). Esaldi arrunt edo elkarrizketazkoez osatutako gramatika bat da.

Jolasak eta esaldi gramatika gaztelania irakasteko egin zituen Iturriagak, euskara tresna laguntzaile gisa hartuz.

Iparraldean J. B. Arxu, Goihetxe eta G. Adema "Zaldubi" dira alegigileak. La Fontainenak itzultzen dituzte neurtitzetan, hark ospe handia eman baitzion alegigintzari. Zubereraz argitaratu zituen Arxuk, lapurteraz Goihetxek eta Zaldubik. Zaldubirenak moldapenak dira, itzulpenak baino gehiago.

  • Jean Baptiste Arxu (1811-1881)

Altzürükün (Zuberoa) sortua, eskolamaisua eta eskoletako ikuskatzailea izan zen. Euskarazko irakaskuntzaz axolatua, kari horretara argitaratu zituen gramatika (Üskara ta Franzes Gramatika, uskalherrietako haurrentzat egina, 1852), baita alegiak ere.

Arxuren euskarazko idazlan gehienak itzulpenak dira. Alegilari modura da, batez ere, ezaguna, La Fontaine-n alegiak itzuli baitzituen zubereraz, frantsesezko testua ezarriz ezkerretara: La Fontainaren alegia berheziak, neurt-hitzez franzesetik uskarara itzuliak (1848).

Arxuren Kantu Patriotikak (1848) liburuko batzuk, adibidez "La Marseillese" ospetsua, itzuliak dira, baina beste batzuk, ordea, berak asmatuak. L. L. Bonaparterentzat itzuli zituen Ruth-en libria (Londres, 1861), Jonas-en libria eta Salomon-en kantika (1888). Bernat Etxepareren poema multzo bat eta Oihenarten atsotitzak ere frantseseratu zituen.

  • L. Goihetxe

L. Goihetxe Urruñakoa (Lapurdi) eta apaiza izan zen. La Fontaine-en alegi multzo handi bat (216 alegia) bertsotan itzuli eta argitara zuen: Fableak edo alegiak Lafontenenetarik berexiz hartuak (1852).