Kontzeptua

Bizkaiko Inauteriak

Inauterietako elementu nagusiena beste garai batzuetan hau izan da: mozorroa. Bakoitza bere etxe edo inguruan batzen zituen jantziekin mozorrotzen zen. Bakoitzaren ogibidea betez janzteagatik zahartu eta erabilitako arropak edo bestelakoak janzten zituzten mozorrotuek, horrela, herri txiki eta auzotan bizilagunek ez zituzten ezagutzen eta herri handiagoetan anonimo ibil zitezkeen oinezkoen aurrean.

Batzuk zakua, zintzarriak edo kanpaitxoak jantzita irten ohi ziren. Beste batzuk, aldiz, arlekin, pierrot edo baserritar jantziak alokatzen eta are, erosten zituzten. Emakume gutxi mozorrotzen ziren eta hala irtetea erabakitzen zuten urriek "kolondar" arropa bilatzen zuten edo, bestela, senitarteko edo lagun bati hartutako neskame arropak.

Trabestismoa oso ohikoa zen. Mutilak neska jantzita, gonekin eta bular handiak irudikatzeko betegarriz. Emakumeak, berriz, "jaunxkil" jantzita, bibote eta prakekin. Ahal zela, aurpegia estali egiten zuten trapuren bat, katamalo bat edo maskara jarrita. Begiak eta ahoa baino ez zituzten agerian izaten.

Eskualde bakoitzean bere izendapena erabiltzen zen horientzat. Zenbaitetan, herri berean izendapen bat baino gehiago ere izaten zen. Hala, adibide batera, aipa daitezke "maskaratxo" izen hedatuena eta kokoxa gutxien erabiliena, edo tarteka aipatzen ziren karatulie, errabidxe, kokomarroak edo marroak.