Kontzeptua

Bizkaiko Inauteriak

Urteko jai-zikloen barnean, gertuko iragan bateko gizarte nahiz kulturan neguak garrantzi itzela izan duela ikus dezakegu.

Berez, inauteriak izan dira neguko festa nagusiak XX. mendeko hasiera haietan parte hartu izan zutenentzat (horiek izan ziren inauteriak ospatzen azkenak, mende bereko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadan berreskuratu ziren arte). Horrela, XIX. mendeko amaieratik 1936. urtera arteko epealdiari buruzko informazio oro izango dugu bidelagun. Aipatu urtean zehazki debekatu ziren halako jaialdiak gobernuko manu eta dekretuen bidez.

Inauterietako epealdia finkatzerakoan, ekitaldien multzo mardula osatzen duten egun ezberdinak bereizi behar ditugu ezinbestean, beste sasoi batzuetan ekitaldi nagusi modura ezagutzen ziren ekitaldiekin zuzeneko edo zeharkako lotura dutenak: Ostegun Gizena, Ostiral Mehea, Larunbat Erregularra, Igande-inauteria, Astelehen-Inauteria eta Astearte-Inauteria.

Lehendabiziko albisteei erreparatuz , zera ikus dezakegu, sasoi batean Aratuste eta Inauteri izenak lehian izan zirela, azkenean, bigarrena nagusitu zelarik. Euskaraz hainbat izen hartzen dituzte egunek: Eguen Zuri, Karnabal Domekie, Astelehen Karnabala eta Martitxen Karnabala. Dena den, horiek ez dira bakarrak, izan ere, memoria kolektiboan iltzatuta geratu dira Aratuzteak edo Aratosteak. Izendapen horiek ere oso hedatuak dira eta jaialdi-ziklo horri erreferentzia egiteko termino jatorrenak direla esan ohi da.