Kontzeptua

Bizkaiko Inauteriak

Mozorrotuek, zenbaitetan, egun horietan etxeetan jaten ziren elikagaiak lapurtzen zituzten; nagusiki ogi-torradak eta irin-torrada edo esne-torradak.

Halako jakiak primerako ahogozagarriak ziren, batez ere haurrentzat, eta sekulako ilusioz jaten zituzten. Kontuan izan behar da gerraostean elikagai eskasia zela nagusi. Azkenburuko horiek eta haurren mozorroak izan dira Inauterien debekualdian zehar etenik gabe mantendu diren elementu bakarrak.

Horrez gain, menuan txerriaren hankak (Enkarterrietan "patos" izendatuak) eta belarriak ezinbesteko osagaiak ziren. Are, zenbaitetan, txerriaren muturrak ere jaten ziren. Guztia "bizkaitar erara" prestatutako saltsan bustita. Hori izaten zen etxekoandreek arduraz prestatzen zuten beste platera bat.

Prestatutako jaki horiez gain, neguan zehar bedeinkatzen ziren (San Antonio, Kandelario eta San Blas egunez) produktu guztiak paratzen ziren mahai gainean, eta baita Kanpora martxo edo Basaratoste egunez jaten zirenak edo egun horietako eskeetan oparitan ematen zirenak ere, hau da, lukainkak, xingarra eta arrautza.

Festa, familia eta lagunarteko giro batean ospatzen zen eta adin guztietako lagunak elkartzen ziren. Negu gorria arintzen zuten askariak egiten ziren, laneko errutinatik irtetea ahalbidetzen zuen giro batean: lukainka-tortillak, arrautza frijituak, xingar erre edo frijitua.