Kontzeptua

Bizkaiko Inauteriak

Inauteri izenez ezagutzen den epealdiaren barnean, Inauteri-igandearen aurreko igandez egiten zen askaria nabarmendu behar da, herri gutxi batzuetan mantentzen dena apur bat eraldatuta: Bizkaiko zonalde euskaldun guztian ospatzen zen eguna, eta ekitaldiak berak hainbat izendapen hartzen zituen: Kanpo(ra) martxo, Sasi martxo, Txitxiburduntzi edo Basa(ra)toste.

Jaiegun horretan, igande arratsalde horretan, mendi edo larre gertukoenera joan ohi ziren haur zein adineko, lagunartean edo bakarka. Leku jakin batzuetan ostegunez ospatzen zen eguna. Han sutzar txiki bat piztu eta sutan edo txingarretan lukainkak edo xingarrak erretzen ziren. Horretarako, puntadun makila bat erabiltzen zen, hori zen egurrezko burduntzia. Kantuan eta dantzan ematen zuten eguna eta iluntzean bakoitza bere etxera itzultzen zen. Hurrengo igandea, Inauteri-igandea, leku batzuetan Etxera martxo izenaz ezagutzen zen eta, izenak adierazten duen moduan, askaria etxean egiten zen.

Mendiko askaria egin eta hurrengo astean "Ostegun Gizen" edo Eguen Zuri eguna (hau ez da, hala ere, antza gehien duen izendapena) iristen zen. Egun horretan eskola-haurrek herri jakin batzuetako auzotan ibili ohi ziren etxez etxe Durangaldean, Uribealdean, Busturialdean eta Arratian.

Eske horretan lukainkak, arrautzak, xingarrak eta dirua (garai hartan asko ez izan arren) pilatzen ziren. Saskidun eta poltsaduna besteekin batera ibili ohi ziren. Hala, gainerakoak lurra makilarekin joz kantuan aritzen ziren bitartean, aipatu bi pertsonaiak auzoan barna ibili ohi ziren arratsaldez askari ederra prestatzeko baliagarri izango zitzaizkien jakien bila.

Enkarterrietako herri batzuetan antzeko zerbait egiten zuten Astearte-inauterian: Barakaldo, Ortuella, Trapagaran, Gordexola, Zalla edo Gueñesen. Haurrak talde txikietan batu eta "Carrastolienda" edo "Carrascolinda" (Aratustearen aldaerak) doinua airean zela, ibilbideari ekiten zioten goizeko lehen orduan. Egun horretako osagarri askok Eguen Zuri eguna ekartzen zuten gogora, abestiak izan ezik. Eta ez soilik hizkuntzagatik, izan ere, oilarra eraman ohi zen egun horretan.

Interpretatzen ziren abesti guztien artean hainbat aldaera nabari dira melodiari dagokionez eta zonalde bakoitzak bere hitzak jartzen zituen. Azpiko ahapaldi guztiak Durangaldeko herri ezberdinetan jasotakoak dira eta, horietan, ospakizuneko elementu arrunt eta berezkoenak ageri dira.

"Eguen Zuriko eguna
Jaungoikoak berak egiña,
eskola mutilak ibilteko
limosna on baten bila.

Hor goien goien goldie
haren ganien belie,
etxe honetako nagusi jauna
nekazari langilie.

Poltsan baditut errial bi
batak bestia dirudi,
etxe honetako etxekoandriak
Ama Birjina dirudi.

San Kasiano Obispua
eskola maisu jakituna,
Jesukristoren fediagaitik
odola eman ebana.

Santu hau bitartez dala
ezeizu izan okerrik,
orain bagoaz hemendik eta
agur danori eginik."

Ostiral eta larunbata ekitaldirik gabeko egunak izaten ziren. Inauteri-igandean, aitzitik, mozorrotuak agertu ohi ziren goizeko lehen orduetatik, orokorrean, mutiko gazteak izaten ziren. Kalera irten eta haur zein neskatoen atzetik korrika ibiltzeko garaia zen, izan ere, horiek lelo probokatzaileak abesten zituzten:

"Mascarita ya te conozco
por que eres de Orozko."

Zenbaitek makilak eta erratzak hartzen zituzten zigorra gauzatzeko, baina elizaren atarira iristean jarrera erasokor hori alde batera uzten zuten. Barruti horretara ezin ziren sartu: zonalde "sakratua" zen, eta han debekatuta zegoen jazarritakoak kolpatzea.

Herri handietan, arratsaldez, dantzaldiak egiten ziren plaza publikoan eta itxitako lokaletan.

Astearte-inauteriakj jai kutsu hori zuen eta, gainera, hori zen egun nagusia. Horrenbestez, partaide kopurua askoz ere handiagoa zen. Maila ezberdinetako festak ospatzen ziren, gizarte-egoera ezberdinen arabera.

Bilbon, XX. mendeko hasieran karrozen desfilea egiten zen. Zaldiek egiten zuten tira gurdi horietatik eta haien gainean, orokorrean, konpartsak edo mozorrotu batzuk joaten ziren, orduan eraikin gutxi zituen Kale Nagusian barna paseatuz.

Dantzaldietan jende andana pilatzen zen, Garizuma iritsi eta debekualdia etorri aurretik. Hala ere, hurrengo igandea, hots, "Eltze-itsu Igandea" egun klandestinoa zen nolabait. Jostaketa gabezia hausteko aukera txiki bat zen, izan ere, Pazko-igandea iritsi bitartean soiltasuna zen nagusi.

Hala Astearte-inauterian nola Errautsetako Asteazkenean, Sardina-ehorzketak inauterien amaiera adierazten du, gutxi gorabehera.

Besteak beste, Portugalete, Santurtzi, Sestao edo Bilbon segizioa kalez kale ibiltzen zen negar eta otoitz artean, ekitaldiari zegokion abestia kantatuz. Sardina beirazko kaxa batean kokatzen zen eta arrantzale-ejertzito txiki batek zaintzen zuen. Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrera iristean arraina uretara jaurti eta arrantzaleen eginkizuna bertan amaitzen zen.

Honatx Portugaleten interpretatzen zen abestia, inguruneko beste herri batzuetan jasotakoekin bat datorrena:

"Una cruz, una palma y un sepulcro,
éstos son los instrumentos funerarios;
la mansión donde todos son iguales
y que estamos obligados a seguir.

No tengo, no tengo padre ni madre,
ni quien me, ni quien me asista al morir,
y hasta las mismas piedras que yo piso
se rebelan, se rebelan contra mi.

Sólo tú, sólo tú bien de mi vida
rezarás, rezarás una plegaria;
con el hacha, con el hacha funeraria
que me alumbre, que me alumbre al expirar.

Allí no hay clases, ni excepción ninguna.
Quien rige al grande, también rige al chico.
Una lápida de mármol para el rico
y un puñado de tierra al infeliz, al infeliz. (Errepika)

Pobre sardina qué muerta estás,
al cementerio te han de llevar."

Zenbaitetan jai-zikloa ixtekoa martxoaren 1eko "Marzas" delakoa agertzen da, Inauterietako beste elementu bat bailitzan. Gerta zitekeen Inauteriekin bat egitea ala ez, baina Karrantzako haranean eta alboko Lanestosa herrian entzuten ziren zintzarri-hotsak ere egun horietako osagarri ziren.