Kontzeptua

Bizkaiko Inauteriak

Diktadura frankistan zehar Inauteriak debekatuta egon ziren denbora luzez. Horren ondorioz, XX. mendeko 30eko hamarkadan Inauterien inguruan zeuden adierazpen jadanik ahulduak desagertu egin ziren. 1960eko hamarkadan galdutako ekitaldiak berreskuratzeko ahalegina egin zen Mundakan.

Atorrak izeneko koadrila eratu zen hartako kide zahar batzuek bultzatuta. Alkandora, alderantziz jantzitako gona, prakak eta txanoa ziren haien janzkera. IlustraciónGitarrak, biolinak eta soinuak lagunduta eta zuzendariaren gidaritzapean jotzen zituzten abestiek arrastoa utzi dute, ez soilik tokiko kantutegian, baita Bizkaikoan ere, izan ere, izaera sortzailea zuten arras. Gaur egun, Inauteri-igandean atorrak ikus daitezke goizeko ibilbidea eginez eta, arratsaldez, lamiak izeneko emakumeen taldea ateratzen da, beltzez jantzita eta aurpegiak zuriz margotuta.

Itsasaldeko herri horretatik hurbil, oraindik Busturialdean, Gernika-Lumon Aratuzteak ekitaldia ospatzen da. Ekitaldi horren barnean "nasapuntakoa" eta Oilar Joku tradizionala egiten dira. Haurrak dira protagonistak. Begiak zapiz estalita eta eskuan ezpata hartuta plazan ehortzitako hegaztiaren burua ukitzen saiatzen dira itsu-itsuan. Saria, hots, lurperatutako oilarra, ez dute guztiek eskuratzen. Jarraian Aurreskua dantzatzen da, Soka Dantzak izenekoaren aldaera. Katamaloz mozorrotuta daudenek dantzatzen dute: marrauek edo marroak.

Bestalde, Markina-Xemeinen, Aratosteetako ekitaldi nagusia Antzar Jokua izaten da. Antzarak zintzilik jartzen dira (antzina bizirik) eta zaldizkoek burua moztu behar diete eskuekin. IlustraciónAntzina txistulariek interpretatutako berezko melodien doinura zamalkatzen ziren zaldizkoak zaldi gainean. Goizean, beste pertsonaia oso hedatu bat azaltzen da, hots, hartza, haurrak izutzeko ahaleginean. Hori izaten da beste une historiko bat. Haurrek ihes egiten dute animaliaren tamaina itzelak izututa. Artileak hotzetik babesten du, baina, aldi berean, ausartena ere akitu dezakeen izerdia eragiten dio.

Dantzari plantigrado asaldagarriaren aldamenean, dantzariz osatutako segizioak Zaragi Dantza dantzatzen du hutsik eta puztuta dagoen zahagi-ardo zaharraren gainean kolpeak emanez. Dantza hori hainbat aldiz egiten dute herrian barnako ibilbidean eta Inauterietan gaudela gogorarazten du, zeina, J. I. de Iztuetak bere garaian idatzi zuenez, festa hauen eta beste batzuen amaierarekin lotzen den.

Honatx iraganaren isla diren beste zenbait elementu: Oilar Jokua eta Ermuko kaleetan atera ohi den hartza, Durangoko surrandi (sudur handi) eta hartza, Markina-Xemeingo kokoxak, Portugalete eta Sestaoko Sardina-ehorzketa edota Lekeitioko ikasle-errondaila eta abesti zaharrak.

Lurralde osoa aintzat hartuta, historian zehar ez da batasunik hautematen ospakizunei dagokienez. Herri batzuetan festen garrantzia txoko guztietan nabari zitekeen eta bizilagun guztiek parte hartzen zuten, herri txikitan, aldiz, oroitzapenak oso ahulak dira eta ia ez zen ekitaldirik egiten.

Alde batetik, tradiziotik jaso eta egunerokotasuna mantentzeko aldatu egiten diren elementuak daude eta, beste aldetik, etengabe asmatzen direnak ditugu. Herri askotan, Inauteriak ekitaldi ugariz ospatzen dira urtero. Horrela, ohiko mozorroen desfilea egiteaz gain (sariak eskudirutan ematen ziren), erraldoien ibilbidea eta txikientzako jolasak antolatzen dira.

Bizkaiko Inauteriek antzinako hainbat ezaugarri mantentzen dituzte. Dena den, neurri batean eguneratu eta estandarizatu egin dira elementu guztiak. Hala, gazteentzat eta adin guztietako jendeentzat, dibertsiorako egunak izaten dira, batez ere, lehenengoentzat. Hala ere, dagoeneko festa hauek galdu egin dute XX. mendeko hasieran zuten kutsu berezi hori. Ez da mendeen arteko lehia. Modak aldatu egiten dira eta adierazpideak ere bai; hori jantzien lanketan nabari da, zeina, orokorrean, taldean prestatzen den. Beste muturrean bakarka mozorrotzen direnak kokatzen dira, berezitasuna eguneroko bizitzari aurre egiteko modu gisa ulertzen dutenak.