Kontzeptua

Autonomia Estatutua

Ikuspegi politiko batetik, azken bi mende luzeotan zehar espainiar sistema politikoaren garapena bera baldintzatu, eta Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko harremanei era oso garrantzitsuan eragin dion liskar historiko larri baten, irakurketa juridiko-konstituziogile batetik, EHAE irtenbiderako proposamena izan zen. Ikuspegi juridiko batetik, Konstituzio espainiarra (KE) autonomia-edukiaren esparru zehatz eta zurruna ezarri beharraz abstenitu egiten da. Eduki horrek gerorantzean Autonomia Estatutu guztietako testuetan zehaztua izan behar zuen.

EHAE hurrengo faktore bi hauengatik baldintzatuta aurkitzen da, hau da, sakontasun handiko liskar politiko baten isla izatea eta bestalde Autonomiazko Estatuaren arautzaile diren konstituzio arauen izaera malgua. Guzti horretatik ondorio jakin batzuk eratortzen dira.

Lehendabiziko ondorioa EHAEk era nabarmenez Konstituzioak ematen zizkion aukerak mugaraino ahitzen zituenaren bidea hartzen du. Joera hori Estatutuaren izaera "hitzartuan" eraginez, hau da, Estatutua Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko hitzarmen baten ondorio bezala aintzat hartu izanari buruzko printzipioen arloan bakarrik ez ezik eskumen edo aginte propioez jabetzerako orduan ere nabarmen azaltzen zen.

Bigarren ondorio bat, aurrekotik zuzenean eratorria, estatutuaren testuko giltzarri diren paragrafo batzuetan azaldutako indefinizioa da, Estatutua-Konstituzioaren arteko harreman zehaztugabe eta iskanbilatsuaren adierazpen bezala borondatezko eta jakinaren gaineko indefinizioa da. Estatutuaren helbururik behinena egoera korapilatsu eta kontrobertitu bati irteera ematea izan zen, eta zentzu horretan indefinizio maila guztiz garrantzitsuak lortzen dira, eta arlorik istilutsuenetan borondatezko indeterminazio maila ere. Gai jakin batzuei aurre ez egitearen alde jotzen da, aurrerago gai horiei heltzerik izango delakoan. Indefinizio horrek Konstituzio-Estatutua harremanari bakarrik ez ezik Autonomia Erkidegoaren (EHAE) barne diseinuari berari ere eragiten diola nabarmendu beharra dago, eta oso berariaz Autonomia Erkidegoa-Jatorrizko Lurraldeen arteko harremanari.

Hirugarren ondorio bat estatutuaren testuko zehaztasun juridikorik eza da. Estatutua ikuspegi formaletik agiri juridiko urria da eta bere kalitate teknikorik eza bere hainbat paragrafotan antzematen da. Zehaztasun juridikorik eza hori Estatutuaren beraren indefinizioaren ondorio zuzena besterik ez da, eta neurri baten behintzat logikoa dirudi, horretara izana eztabaidatu eta gauzatu zenean eman ziren egoerak gogoan hartuz. Estatutuaren testua euskal indar politikoen artean eta batez ere alderdi politiko horiek estatuko gobernuarekin izan zuten negoziazioaren inguruko prozesu gogor eta latzaren laburbildutako ondorioa osatzen duela gogoan izan beharra dago.