Eskultoreak

Obray, Esteban de

Frantses jatorriko zizelkatzailea. Nafarroako eskulturan Errenazimendua sartu zuen. XV. mendearen bigarren erdialdean jaio zen, Saint-Thomas-en (Rouen), eta Tuteran hil, 1556an, Ebroko hiri horretan testamendua egin ostean.

1517 inguruan iritsi zen Tuterara. Aragoin lan egiten zebilela, Pedro de Villalon deanak Tuterako katedralaren aulkiteria eta hesia burutzeko enkargua egin zion, eta 1522an amaitu zituen. Lan horretan, Obrayren obraren bereizgarri izango zen estilorako aldaketa iragarri daiteke. Izan ere, aulkiteria flandestar gotikokoa da, baina hesiak platereskotzat har litezke jada. Gainera, Cintruenigoko San Juan elizaren erretaulan -1525ean egindakoa-, aragoitar eskola ikus daiteke. Calatayudera joan zen, eta, bertan, 1538ra arte Santa Maria kolegio-elizako atarian eta atean lanean aritu zen, Juan de Talaverarekin batera. Hurrengo hamarkadan, hainbat lan egin zituen Tarazonan (Zaragoza), Burlatan eta Nafarroan, eta, 1539 eta 1541 artean, Nafarroan burututako obrarik onena egin zuen: Iruñeako katedralaren koruko aulkiteria. 1544an, Juan Moretorekin eta Nicolas Lobatorekin lankidetzan aritu zen, Zaragozako Pilarreko Ama Birjina elizaren koruan. Lan horrek, Iruñeako koruarekin eta Sariñenako San Frantzisko elizako erretaularekin (1541ean, Huescan) batera, Obrayren sormen-unerik gorena osatzen du. Bizitzaren azken partea Tuteran eman zuen, eta, bertan, San Adriango jauregiaren teilatu-hegala landu zuen. 1553an, Sigüenzako (Guadalajara) katedralaren erlikien kaperan lan egin zuen.