Kontzeptua

Artearen Historia. Eklektizismoa

XIX. mendearen bigarren erditik aurrera burgesiaren botereratzearekin, politika, ekonomia, gizarte eta cultura egoerak eraldaketa sakon eta berri bat jasan zuen. Estatua artearen bultzatzaile nagusi bihurtu zen eta, horrekin, neoklasikotasuna ordezkatu zuen arte-zaletasun mota berri bat zabaldu zen. Azken baten, burgesiak arte estilo zurrun, idor eta lar serioegitzat zeukan arte estiloarekin ez zegoen batere eroso, eta ondorioz, lortutako konkista guztien garaipen eta askatasun nahia transmititu zezan sentsibilitate berri baten aldeko apustua egitea nahiago izan zuen. Arte zaletasun berri horrek, erromantizismo izena eskuratu zuen aldezten zituen ondorengo balio guztien ohoretan: sentiberatasuna, grina, norbanakotasuna eta askatasunari maitasuna arrazoiaren eta arauen gainetik. Beraz, erromantizismoa arte estilo bat baino bizitzarenganako sentiberatasun berria zen, ilustrazioari ezberdina eta aurrez aurrekoa zitzaion jarrera.

Ostera, ez zen arte agerraldi ezberdinetan balio erromantikoen ezarpena erraza izan. Izatez, margogintzan eta zizelkaritzan artista-aldra baten bitartez eta lan ezberdinetan sentiberatasun hori garatu zen bitartean, arkitekturaren jakintza arloan ez zen erromantiko bezala izendatu dezakegun estilorik izan. Arkitektura mailan, sentiberatasun erromantikoa iraganeko arte estiloen berreskurapenean gauzatu zen, berezitasunez Erdi Arokoan -neoklasikotasuna landu zuen ohitura klasikoarengandik urrun- eta horrela sortu ziren historikotasun bezala izendatuko ditugunak, eta neorromanikoa izendatuko dugun erromanikoa, edo neomudejarra bezalako beste aldi historiko batzuen berreskurapena.

Artearen esparruan, erromatizismoaren eragina, berantiarra eta azaletik besterik ez bazen ere Euskal Herrira iritsi zen. Sentiberatasun berri honen adibiderik hoberenak arte plastikoetan aurkitzen ditugu, arkitekturaren esparruan historikotasunak ere arrakasta handia izan zuen arren. Egia esan, euskal lurraldeak bere osotasunean eta, berezitasunez, itsasertzeko lurraldeek, garai horretan Industria Iraultzak hasitako lehendabiziko aldiaren erasoagatik bakarrik ez ezik turismoaren garapena nabarmendu zen beste egikari batzuengatik ere, aldi honetan zehar euren hiririk garrantzitsuenen hazkunde ikaragarria ezagutu zuten. Ondorioz, Donostia, Baiona, Biarritz edo Bilbao bezalako hiriek euren harresiak suntsitu egiten dituzte eta euren beharrizan berriek asetzera letorkeen artea eskatuz hasi ziren.

Horregatik, XIX. mendearen bigarren erdian zehar hedatu zen garai horri eklektismoa deritzogu, sentiberatasun nagusia erromantikoa izan zen arren aldi horretan zehar sortu eta konbinatu ziren estiloak ugariak izanagatik ez zelako euretatik bakar bat ere nagusitu. Izatez, arkitekturan, historikotasunaz gain, modernismoak ere bere urratsa utzi zuen Euskal Herrian. Hala ere, gauzarik interesgarriena, arte garaikidea irauli zuten estilo eta itxura berriak -burdinaren arkitektura, margogintzan inpresionismoak- ere gure lurraldera heltzen hasiak ziren, XX. mende harrigarri baten berri adieraztera ematen ziguten bitartean.