Kontzeptua

Artearen Historia. Eklektizismoa

Horrela, arkitektura zibilean Euskal Herrian eskatuenak ziren estiloak errenazimentua eta barrokoa izan ziren heinean, erlijio-tipologiarentzako historikotasun erabilienek erromanikoa eta gotikoa berreskuratzen zutenak ziren.

Erromanikotik eta gotikotik gehien erabilitako eredua luzera-aldean hiru edo bost gangadun gurutze latindardun oinplanoa izan zen, gurutzadura handikoa, domorik gabeko ertzdun gangak eta kaperez garatutako girola; kanpo itxurari dagokionez, eliza garrantzitsuak estilo gotikoan eraikitzen ziren, erromanikoa eliza txikiagoetan erabiliz.

Tipologia horretan Euskal Herrian gauzatu zen egitasmorik garrantzitsuenaGasteizko Katedral Berria izan zen. Julian de Apraiz eta Javier Luquek garai gotikoko frantziar katedralen ereduari jarraituz, katedral berria gurutze latindardun oinplanoz, zazpi kapera absidedun girola eta kriptaz diseinatua izan zen. Araban aipagarriak diren beste bi ereduek ere geografia jatorri ezberdinetako gotikoa aldarrikatzen dute. Lehenengoa, Fausto Iñiguez de Betolaza eta Cristobal Lecumberriren gotiko ingelesa darabilen Las Salesas monasterioa da eta, bigarrena, gotiko alemaniarrera garamatzaten Iñiguez de Betolazaren Familia Sakratuaren kapera dugu.

Gipuzkoari dagokionez, bi egitasmorik garrantzitsuenak hiriburuan egin ziren eta hirigunearen zabalgunean eraikitzen ziren auzo berriekin zerikusia izan zuten. Manuel Echaveren Artzai Onaren katedralak, gotiko alemanaren ereduetan iradokia, latindar gurutze oinplanoa, hiru nabe, gurutzadura nabarmena eta elizaren oinarrian eraikitako dorre ikaragarri bat ditu. Urumea ibaiaren beste ertzean, Gros auzoan, José de Goicoak San Inazioren eliza egin zuen, hauxe ere neogotikoa, nahiz eta kasu honetan behintzat frantziarraren eraginpekoa izan.

Bizkaian, biztanleriaren gehikuntza askoz ere garrantzitsuagoa izan zenez, tipologia horretan eraikitako hainbat eraikin aurki ditzakegu. Estilo gotikoari jarraituz, Bilbon Luis de Landechok egindako San Francisco de Asis eta Jose Maria Basterraren Sagrado Corazón de Jesus elizak azpimarratu behar dira. Erromanikoan, erregionalismoarekin konbinatuz, Pedro Guimonen Getxoko Algorta auzoko Hirutasun Deunaren eta Basterrraren Galdakaoko Zuazoko Santa Barbararen eliza aipatu beharra dago. Hala ere, garaiko eraikuntzarik garrantzitsuena tipologiaren kontzeptu erromanikoa eta aipu neoerromanikodun eta neogotikodun klaustrora sartzeko kapera komuna duen Enrique Epalzak egindako Derioko hilerria dugu.