Kontzeptua

Artearen Historia. Neoklasizismoa

1789tik aurrera gizadiaren historian Aro Garaikidea deritzogun eta egun arte iristen den aro berri bat hasten da. Aro honen hasiera historia-gertaera garrantzitsu eta sinboliko batez bideratzen da:Frantziar Iraultza. Hirugarren estamentuaren matxinada -burgesiak, eskulangileek eta nekazariek eratutakoa- Antzinako Erregimenaren oinarrien aurkako zuzeneko eraso garbia izan zen. Baina horrekin, gizartearen antolaketa bakarrik ez ezik, baita Elizak, nobleziak eta monarkiak zeukaten boterearen monopolioa ere zalantzan jartzen zen. Izatez, aldaketaren hasiera frantziar Iraultzaren eztanda baino lehenagokoa izan zen; aldez aurretik, burgesiak industria Iraultzaren bitartez ekonomia-aldaketa hasia zeukan eta, beraz, iraultza politikoa antzaldaketa askoz sakonago baten emaitza izan zen. Aro Modernotik Aro Garaikidera arteko aldaketa, ostera, ez zen baketsua izan; lehenengoz eta behin absolutisten -Antzinako Erregimenaren aldezleak- eta liberalen -burgesia- arteko aurkakotasuna, eta, geroztik, liberalen euren arteko aurkakotasun garbiak, XIX. mendean zehar Europa guztia astindu zuten istilu eta guda ugari sortaraziz.

Gertakizun horiek guztiak, gainera, ikaragarri azkar gertatu dira. XIX. mendearen erdi ingurutik, politika, ekonomia eta zientzia iraultzen baturaren eraginez bizitzak eraldaketarako gaitasun zorabiagarria lortzea ekarri du. Elementu berri honek gizartearen arlo guztietan eragin izan du eta, beraz, kulturan ere eta, zehatzago esate aldera, artean. Horregatik, beste garai batzuetan izandako estilo homogeneitatea desagertu egin da, eta etengabeko aldaketa prozesuan den gizarte baten beharrizanei erantzuten ahalegintzen diren ondoz ondoko eta, sarri askotan, aldibereko arte-mugimendu ugari sortu dira. Beraz, artistek ordura arte erabilitako lengoaiak bertan behera utzi ahal eta behar zutela jabetu ziren, euretariko bakoitzaren berezitasuna adierazi zezaten forma berriak sortzearen alde ekinaz zeren, azkenik, euren sormenerako gaitasuna askatua izan baitzen.

Hortik eratortzen dira XIX eta XX. mendeetan eman eta XXI. mendean jarraipena izango duten arte-estilo eta mugimenduen bat-bateko etorrera. Izan ere, neoklasikotasuna, erromantikotasuna, eklektikotasuna, modernismoa, modernitatea, abangoardia, postmodernitatea edo aniztasuna hitzak, askatasuna lortu duenetik artistaren berezitasunaren eta gizartearen arabera aldatuz doan artea izendatzeko ahaleginak baino ez dira. Azken finean artea, bere hastapenetan bezala, gizartearen konplizea da eta, hortaz, gizakiaren beraren adierazteko bidea.