Kontzeptua

Artearen Historia. Eklektizismoa

Aldi honetako protagonistarik nagusiena estilo eklektikodun arkitektura zen arren, XIX. mende bukaeran europar burgesiak modernismoa deritzogun estilo berri baten aldeko apustua egin zuen. Modernismoak eklektikotasuna gainditzea aldarrikatzen zuen, inspirazioa landare-irudietan eta organikoetan aurkituz, linea kurboen nagusitasuna bitarte zela. Euskal Herrian estilo askoz berritzaileagoa zen horrek azal-azaletik besterik ez zuen eraikuntzetako aurrealdeetan eraginik izan eta, batez ere, arte aplikatuen eremuan, burdinez eta beirateetako lanak azpimarratuz. Hala ere, modernismoak Euskal Herriko arkitekturari dekorazio mailan hizkuntzaren erabilera soilagoa ekarri zion eta materialen erabilera trebeago bat ere, adreilua eta zeramika azpimarratuz. Eraginei dagokienez, Donostian frantziar oihartzuneko modernismo mota garatu bitartean, Bilbon modernismo katalanaren urratsa nagusitu zen, Rucabado, Smith, Amann eta Teodoro Anasagastiren lanetan vienarren Sezesioak izandako eragina ere oso garrantzitsua izan zelarik.

Arte

Lanei dagokienez, Iruñan Ogasun Ordezkaritza nabarmendu behar da, Gasteizen Julio Saracibarren General Alava kaleko etxebizitza eta Fausto Iñiguez de Betolazak egindako Erbina Etxea, Bilbon aldiz Campos Elíseos antzokia eta Jean Batiste Darroguyk egindako Montero Etxea, eta Donostian, erabat modernistatzat aintzat hartu dezakegun lanik ez dugula, hiriaren bigarren zabalgunean kokatutako etxebizitza-eraikuntzen xehetasunetan elementu modernistaren batzuk -aurrealdeak, atariak, ikuslekuak- aipa ditzakegu. Amaitzeko, bere berezitasunagatik Mario Camiñak egindako Gorlizko Erietxea azpimarratu behar da, porlanean Euskal Herrian egindako lehendabiziko eraikina izanik eta vienar modernismoaren estiloari jarraitzen dion arren, bere xehetasun apaingarrietan bere ildo konposatzaile soil eta bakunetan arrazionaltasuna iragartzen digu.