Kontzeptua

Artearen Historia. Eklektizismoa

Arte plastikoetan ere eklektismoa nagusitu zen, eta horrela, erromantikotasuna, historikotasuna eta kostunbrismoa izan ziren bai margogintzan bai zizelkaritzan landu ziren estilorik garrantzitsuenak. Edozelan ere, teknikoki eta formalki klasizismorik zorrotzenari ekin zitzaion eta estilo aldaketa tematikoki besterik ez zen erabili.

Arte

Euskal margolarien lehen belaunaldia, besteak beste, Francisco Bringas, Antonio Maria de Lecuona, Juan de Barroeta eta Eduardo Zamacoisek osatu zuten; artista horiek erromantizismoa kostunbrismoarekin bat egin zuten, euskal baserri-aldearekin zein burgesiarekin zerikusirik zuten gaiak jorratzen zituen heinean, euskal burgesiaren artean nolabaiteko arrakasta edukiz joan zen margolaritza generoa sortuz.

Aldiz, hurrengo belaunaldian nabarmendu ziren margolarien lanetan (José de Echenagusia, Ignacio Díaz Olano, Alejandro Irureta, Rogelio Gordón eta Ignacio Ugarte) zetozen aldaketen zeinuak sumatu zitezkeen. Egindako ekarpenaren berrikuntzarik nabarmenena, paisaiaren alde egin zuten apustua da, horrek askatasun sortzailean eta historiadun margolaritzan aurrerapausoa baitzekarren, gerora arrakasta handiz garatuko ziren ereduetariko batzuk ezartzen hasi baitzen.

Arte

Hala ere, aldaketaren lehen zeinuak XX. mendearen azkenean ere aurki ditzakegu eta, zehatzago, azken hamarkada bietan. Funtsean Frantzian garatuz zebiltzan estilo eraberritzaileen -inpresionismoa, sinbolismoa, postinpresionismoa- eraginez euskal margolari talde batek Europan garatze bidean zeuden modernitatearen elementu eta zeinuetariko batzuk euren estiloetara egokitzea erabaki zuten. Estilo berri horiekin Euskal Herrian garatuz zebilen klasizismoa nahasteko apustuaren alde jo zuten margolarien artean Anselmo Guinea, Adolfo Guiard eta, batez ere, Darío de Regoyos aipatu ditzakegu; lehendabiziko biak marrazketa bertan behera utzi gabe inpresionismoaren baliabide teknikorik bereizgarrienetariko batzuk eskuratu zituzten bitartean, Regoyosek inpresionismoaren funtsaren alde jardun zuen.

Zizelkaritzari dagokionez, inguruabarrak berdinak ziren arren, Euskal Herrian lan egin zuten artistarik garrantzitsuenak beste lurralde batzuetatik etorriak izan ziren. Zizelkariek egindako egun zaintzen ditugun lanen artean Mariano Benlliure nabarmendu dezakegu.