Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes III.a Nagusia

Europartzearen defendatzaile nabarmena izan zen Antso III.a, eta ideia, korronte eta kultura-, arte- eta erlijio-diziplina berrien ate bihurtu zuen haren erreinua. Iruñeko erreinuaren kokapena zela eta, Kordobako eta mendebaldeko Europako kultura-korronteen artean aurkitzen zen. Beste alde batetik, Erromaren eragina ere nabarmena zen. Kultura musulmanaren eraginak gorabeherak izaten zituen bake- edo gerra-aldien arabera. Mendebaldeko Europako korronte espiritualak Aragoin eta Katalunian sartzen ziren (korronte horiek ez ziren neurri berean heltzen mendebalderago zeuden erresuma kristauetara), eta elizaren bidez sartzen zen Erromaren eragina.

Korronte berriak hartzeko eta komunikatzeko prozesuarentzat mesedegarri izan ziren, baita haren lurrak dukeen Baskonia osora zabaltzea, Clunytarren korronte beneditarra sartzea San Juan de la Peña, Leire eta Oña monasterioetan, eta Done Jakue bideari emandako bultzada ere. Joera horiek eragin berritzaile nabarmena izan zuten kultura hispanikoan oro har. Garai hartan harreman hirukoitza ezarri zen Iruñearen, Ripollen eta Clunyren artean. Harreman horretan oinarritzen dira Clunytarren erreforma ezartzeko lehenengo pausoak. Antso III.a Ripolleko (Katalunia) monasterioko abadearen laguna zen. Abade horrek bitartekari bat baliatzen zuen, Pontzio, Ripollekoa hura ere, baita Antso Gilen Gaskoiniakoa ere. Beste alde batetik, Odilon, Clunyko abadea, Antso Gilen Gaskoiniakoaren lagun egin zen; laguntasun horrek abade-etxearen babes ekonomikoa bermatzen zuen. Iruñeko erresuman ez zen presazkoa Clunytarren erreforma sartzea, beneditar arauan oinarritzen zena. San Benitoren arauak abade-etxeen independentzia defendatzen zuen denbora baterako apezpiku-botereen gainetik, eta, Iruñean, erregetza-fundaziokoak ziren monasterioak, eta ez feudalak. Gainera, apezpikutegiek ez zuten baliabiderik, eta ezin zen jakin zer mailatan aurre egin ahal izango zioten haien eskumenari eta elizetan hamarrenen laurdena biltzeko eskubideari. Iruñeko erreforman, gerretan zehar suntsitutako monasterio ugari zaharberritu ziren batez ere. San Juan de la Peña (1025), Albelda eta Iratxe monasterio handietan ezarri zen Clunytarren erreforma. Oñako monasterioan, beneditarrak jarri ziren bertako lekaimeen ordez. Erreforma ezartzeari dagokionez, zeregin garrantzitsua izan zuen Paterno fraideak; Clunyn babestu zen beste fraide batzuekin batera, eta San Benitoren araua ikasi zuen han gauzatzen zen moduan.