Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes III.a Nagusia

Antso Gaztelako kondea eta Ramon Borrell Kataluniako kondea hil ostean, egoerak Antso gaztea bihurtu zuen politika kristauaren arbitro. Musulmanen mugan, Zaragozak iruindarren xede izaten jarraitzen zuen, eta gorabehera ugari egon ziren mugetan. 1018. urtean, ordura arte indarrean egondako su-etenak puskatu izana leporatu zioten Antsori. Iturri musulmanen arabera, bi borroka armatu egon ziren iruindarren eta Zaragozako musulmanen artean, eta borroka horietan Antsoren tropetako buruzagi nabarmenak hil ziren.

1022an, Zaragozako errege al-Mundhir hil zen, eta haren seme Yahya ibn al-Mundhir izan zen haren ondorengo. Gobernari berriarentzat ere Antso Nagusia arriskutsua zen; hain zuzen ere, Antso saiatu zen Zaragozako erregearen ondorengotzan esku hartzen, eta Ibn Hud Lleidako matxinoaren altxamendua bultzatu zuen. Iruindarren eta musulmanen arteko muga alerta-egoeran zegoen etengabe, eta, ohiko istiluez gainera, eraso garrantzitsu batzuk ere egin ziren, Naiara hiria suntsitu zuena, adibidez. Liskarrak eten egin ziren une batez, eta Antso III.ak bidaia egin zuen Zaragozara haren zaldizkoekin eta segizioarekin; ohore eta opariekin egin zieten harrera bertan. Hala eta guztiz ere, borrokak ez ziren amaitu, eta Antsok muga sendotzeari ekin zion. Aragoiko mugan, Arrosta, Ulle, Luesia, Agüero eta Murillo de Gallegoko defentsa-gazteluak eraiki zituzten.