Monarkia eta noblezia

Antso V.a Ramirez

Aragoiko (1064?-1094) eta Nafarroako (1076-1094) erregea. Aitaren oinordekotza hartu zuen Aragoiko Erresuman, Antso Ramirez I.a izenaz, eta, gero, Iruñeako erresumako tronua ere hartu zuen, Antso V.a Ramirez izenaz, Antso Gartzia IV.a haren lehengusu propioa (1054-1076) erail zutenean.

Lehen aldiz ezkondu zen Urgellgo Ermengol III.a kondearen Elisabet alabarekin. Lehenengo emaztea 1068an hil zitzaion, eta 1071 urte ingurura, Felizia Roucykoarekin ezkondu zen. Felizia, Roucyko kondearen alaba zen, Roberto Errukitsua Frantziako erregearen birbiloba eta egoitza santuan oso izen ona zuen Eblo II.a kondearen arreba.

Antso Ramirez erregeak Sobrarbe eta Ribagorza lurraldeak Aragoira erantsi zituen, erresumako egonkortasuna bermatu zuen, eta mugako lurraldeetan musulmanen aurka borroka egin zuen, garaipen txikiak lortuz.

Halaber, kanpoko erlijio eta kultura joerak aintzat hartzen zituen, Frantziako eta Erromako korronteak, batik bat. 1068an, erromes joan zen Erromara. Bertan, Aitasantutzarekin harremanetan jarri zen, eta gregoriotarren erreforma onartu zuen. 1071an, erromatar liturgia sartu zen erresuman, eta hispaniar-bisigodo edo mozarabiar erritua ordezkatu zuen. Kanpoaldera zabaltzeak eragina izan zuen arlo ekonomikoan. Batetik, frantses artisauak erresumara bizitzera joan zitezen, 1077an forua eman zion Jakari, eta bertan kokatu zuen gortea. Bestetik, zerga-salbuespenak ezarri zituen, Done Jakueren bidea egiten zuten erromesak Jakatik eta Iruñeatik sar zitezen. Bi neurri horiei esker, merkataritza eta ekonomia dinamizatu zituen, eta hiri-fenomenoa sustatu zuen.