Kontzeptua

Zientziaren eta teknologiaren historia

Euskal gizartea XIX. mendean hezkuntza-mailan izandako bilakaera sakonaren lekuko izan zen: antzinako gremio-oinarriko irakas-metodoaren ordez, pixkanaka, eskola tekniko berria ezarri zuten; eta horrek eragina izan zuen lanbide libreen goren aldian. Izaera "sozial" nabarmena zuten bi erakunde arduratu ziren, hasieran, bilakaera horretaz:

1) Bascongada (Euskalerriko Adiskideen Elkartea); euskal nobleziak babestuta, XVIII. mendearen azken herenean bizitu zuen loriarik handieneko aldia, baina XIX. mendearen lehen erdian gainbehera etorri zen (Erret Mintegiaren bizitzaren ezaugarri izan ziren behin-behinekotasuna eta ezegonkortasuna, eta 1804tik gobernu zentralaren esku izan zen; Probintziako Unibertsitate izatea lortu zuen 1822an, eta karlistaldian eten egin zituen bere jarduerak)

2) Bilboko Kontsulatua; kostaldeko merkatarien interesak biltzen zituen, eta, aurretik aipatutako nautika-eskolez gain, Merkataritza Eskola bat sortu zuen 1819an; bertan eman ziren matematika, marrazketa, frantses eta ingeleseko katedrak. Ez zuen, ordea, ibilbide oso arrakastatsua izan, eta 1842an Merkataritza Batzordeak Bizkaiko Giza Zientzien Ikastetxea sortu zuen, Diputazioaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin; ikastetxeak, bere egitasmoetan, merkataritza-ikasketak sartzen zituen.

Irakaskuntza teknikoaren bi garapen-bideak, "kontsularra" eta "ilustratua", elkartu eta 1850ean "estataldu" egin ziren, Estatuak, Manuel Seijas Lozano ministroaren bidez, industria-ingeniaritzako eta merkataritzako eskolak ezarri zituenean. Lehenengoek aldarrikatzen zuten dekretuak hiru mailatan banatzen zuen industria-irakaskuntza (oinarrizkoa, hedapenekoa eta goi-mailakoa), eta Bergara izan zen Estatuan aukeratutako hedapenerako hiru guneetako bat (Bartzelona eta Sevilla ziren beste biak). Hurrengo hamarkadan, 1.800 ikasle inguru matrikulatu ziren Mintegia osatzen zuten lau lekuetan (Bigarren mailako Irakaskuntzako Institutua, eta Matematika, Industria eta Merkataritza Eskolak), nahiz eta ikasleetako inork ez zuen lortu ingeniaritza-titulurik. Aitzitik, finantziazio-arazoek eta politika legegile desegoki batek -Moyano Legea (1857), zeuden industria-eskolak goi-mailako eskola bihurtu zituena- alferrik galdu zuten industria-irakaskuntzen sistema. Eskolak 1861ean itxi zituen bere ikasgelak.

1851ko legegintza-aldaketak Bilboko merkataritza- eta nautika-eskolari eragin zion, Hiriko Bigarren mailako Irakaskuntzako Institutuaren menpe geratu baitzen; egoera horrek 1887ra arte iraun zuen. Zuzendaritzan eta administrazioan izandako mendekotasunak garrantzi handia izan zuen irakaskuntza tekniko-komertzialaren debaluazioan.

Industriaren garapenak hezkuntza teknikoaren egoera baldintzatu zuen Euskal Herrian. Atzerritik inportatutako fabrikazio-metodo berriak sartu zituen; teknologia berrien erabileran espezializatutako teknikoen falta agerian uzten lagundu zuen; enpresari asko (inportatutako teknologia sartzeko gogo biziz) atzerriko ingeniari eta teknikoak kontratatzera eraman zituen. Gertakari horiek ez ziren izan XIX. mendearen amaierara arte, ez behintzat orduan hauteman ziren bezain modu bizian; horrek berak erakusten zuen Euskal Herriko industriak sustatuko zituen ikastetxeak sortzearen beharra.

Aldi hartan sortu zen industriari lotutako hezkuntzako erakunderik garrantzitsuena Bilboko Industria Ingeniarien Eskola Berezia izan zen. 1897an sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lagunduta; eta erakusten du industria-burgesiaren sektore bat gai izan zela bere interesei erantzuten zien hezkuntza-erakunde bat sortzeko eta kontrolatzeko. 1902koa da lehen promozioa; urte horren eta 1936ren artean 585 ingeniari graduatu ziren. Haietako askok Bizkaian bertan eta Euskal Herrian lortu zuten lanpostua; horrek agerian uzten du eskolak lortu zuela sortutako itxaropenak betetzea, ekonomiaren eta industriaren aldetik modernizatu zen herrialde baten beharrei erantzuna emanda (trenbidea, telefonoa, energia elektrikoa, gasa, siderometalurgia).

Beste ekimena, ingeniaritzarekin batera garaiko euskal burgesia industrialean agertzen dena, Deustuko Goi Ikastegia da (beranduago Deustuko Unibertsitatea izango zena). Hasieran (1886) Jesusen Lagundiaren ikastetxea izan zenak, Ingeniari eta Arkitektoak Prestatzeko Eskolako ikasketa guztiak eskaini zituen (Zuzenbideaz eta Filosofia eta Letrez gain); ikasketa horiek bideratuta zeuden Espainiako ingeniari-eskoletara sartzeko aukera izan zezaten.

Arte- eta Lanbide-eskolen sare bat sortzea izan zen industrializazio-prozesuaren ondorioetako bat. Hain zuzen ere, esan daiteke ikastetxe horiek nekez garatuko zirela Euskal Herrian adinako indarrarekin, industria-indarraren babesik gabe. Hori frogatzeko, ikusi besterik ez dago Arte- eta Lanbide-eskolen mapa bat egiten denean mapa hori bat etortzen dela aldi horretan industrializatutako herrien maparekin. Ikastetxe horiek, gehienetan, udalbatzen eta probintzietako korporazioen ekimenez ezarri ziren, beren herrietako behar sozialei erantzuteko. Sare horren oparotasunaren adierazle da, 1879 eta 1920 urteen artean, Gipuzkoan guztira 16 eskola eta Bizkaian 15 sortu izana; lehenengo kasuan, besteren artean aipa ditzakegu -kronologia-ordenari eutsiz- herri hauetako eskolak: Donostia (1880), Tolosa (1885), Errenteria (1900), Bergara (1901), Irun (1901), Eibar (1902), Arrasate (1902), Ordizia (1904) edo Azpeitia (1904); eta Bizkaian: Bilbo (1879), Barakaldo (1892), Portugalete (1892), Sestao (1893), Getxo (1900), Santurtzi-Ortuella (1902), Durango (1904) edo Gernika (1905).

Ikus dezakegun moduan, Euskal Herrian irakaskuntza profesionalaren egoera ez zen hasieran pentsa zitekeen bezain ezegonkorra. Baina, ikastetxe horien funtzioa moduren batean izendatu beharko bagenu, adierazpenik egokiena "osagarria" litzateke. Aldi horretako eskola gehienek, Bilbokoak eta Donostiakoak izan ezik -horietan, irakaskuntza industrial, artistiko eta komertzialak izaera nabarmen profesionala baitzuten- goi-mailako lehen hezkuntzako sistema eskas baten osagarri funtzioa betetzen zuten. Batez ere alfabetatzea zen helburua eta, beraz, ikastetxe horietako ikasketa-planak, funtsean, geometria eta marrazketa izaten ziren (bere osotasunean), eta baita aritmetika ere.

Hala eta guztiz ere, eskola teknikorik aipagarriena Eibarko Armeria Eskola izan zen, estatu-mailan aitzindaria eta bakarra bere generoan. 1914an inauguratu zen, eta Liejako Ecole d'Armerie Leon Mignon-en itxurara eta antzera eraikia izan zen. Marrazketa, arteak eta lanbideak irakasten ziren ikasgelak zituen, eta baita armeria-museo bat ere, teoria eta praktika bateratzeko helburuarekin. Geroago, mekanika-lantegi bat erantsi zitzaion, makina-erremintak eta ebakitzeko eta neurtzeko tresneria egiteko. Helburua bertako enpresei laguntzea zen, enpresa horiek prezio altuetan inportatzen zituzten erremintak fabrikatuz.

1920ko hamarkadan, ikusten da industrietako koadro teknikoek espezializazio-maila altuak behar zituztela. Horrela, enpresetan bertan sortutako aprendiz-eskola asko agertu ziren. 1927an ireki zen Galindoko Babcock & Wilcox Eraikuntzako Espainiar Elkartea, eta estatu-mailan mota horretako lehen ekimentzat hartzen da. 1929an sortutako Galdakaoko Unión Española de Explosivos enpresaren eskolak kimika-ikasketak eskaintzen zituen Lanbide eta Laborategi sailetan (bertan sartzeko azterketa egin behar zen, eta bertako langileen semeek zuten lehentasuna). Euskalduna Elkarteak, metalezko kroskodun bapore-ontziak eraikitzen espezializatua zen hark, bultzatu zuen aprendizen prestakuntza-eredu bihurtu zen ikastetxea. Enpresako bertako langile teknikoek ematen zituzten eskolak, batez ere meatze-ingeniariek eta ingeniari teknikoek. Prestakuntza teknikoa ez zen aipatutako hiru kasu horietan soilik eskaini; beste enpresa batzuetara ere zabaldu zen, hala nola Basconia, Sestaoko Sociedad Española de Construcción Naval edo Bizkaiko Labe Garaietara.

Eskola horietako bat, 1939an sortutako Unión Cerrajera, izan zen Arrasateko mugimendu kooperatibistaren jatorria. Sortzaile nagusia bertako irakasleetako bat izan zen, aita José María Arizmendiarrieta; hark, gazteen prestakuntza bultzatzeko zaletasuna zuen hark, lankidetzaren bidez enpresa-jarduera sustatzen lagundu zuen. 1943an sortu zen Arrasateko Lanbide Eskola; geroago Eskola Politekniko bihurtu zen, eta bertan ingeniari-ikasketak eman zituzten 1968tik.