Kontzeptua

Zientziaren eta teknologiaren historia

Inperio-anbizioa ugaltzeak hainbeste eragin zuen Mundu Berriaren konkista eta kolonizazioan, eta Europako eta penintsulako jabetzetan, non berekin ekarri zuen zientzia nautikoekin lotura zuten jarduerak sustatzea. Helburu zientifikoak estuki gurutzatuta zeuden militarrekin. Kontuan izan behar da bake-garaian biltzen zen informazioa baliagarria zela gerrarako prestatzeko; esate baterako, itsas bideen hidrografia-ezagutza, hirien eta portuen kokapena luzera- eta zabalera-koordenatuen bidez, edo lurreko komunikabideak kartografiaren bidez.

Amerikak interes ahaltsuen bateratzea eta ugaltzea esan nahi izan zuen, izaera politiko eta ekonomikoa zuena argiro, eta, zeharka, baita zientifikoa ere. Profil zientifiko-militarra zuten pertsonaiek -esate baterako, Antonio de Gaztañeta (1656-1728), "kezka zientifikoak dituen itsasgizonaren bizitza ikastuna eta saiatua" sinbolizatzen zuena zehazki- hartu zuten parte Amerikako misioetan; aurrerapen handia ekarri zuten horiek itsasontzigintzan, kartografían eta natura-zientzietan. Aurrera egin zen, baita ere, zientzia geodesikoetan eta astronomian, bereziki Lurraren irudiarekin eta geografia-puntuen zehaztapenarekin zerikusia zuten gaietan. José Joaquín Ferrer (1763-1818) pasaitarra da astronomian eta geografia fisikoan jardun zuen itsasgizonaren adibide ona.

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, Bizkaiko agintariek kezka zuten piloturik ez zelako merkataritza-ontzidietarako, eta kezka hori agertu zuten hainbat hezkuntza-ekimenetan. Nabarmenena, beharbada, Bilboko Nautika Eskola (edo Matematika Museoa) sortzea izan zen, 1740an, Bizkaiko Diputazioak, Bilboko Udalak eta Kontsulatuak sustatuta. Aitzindari izan zen estatu-mailan, eta 1783an azterketak egin eta pilotu-tituluak emateko eskumena lortu zuen. Eskolak martxan iraun zuen hainbat mendetan, eta gerra-arrazoiek soilik eten zuten irakaskuntza (karlistaldietan). Zalantzarik gabe, euskal nautika-eskolarik garrantzitsuena izan zen.

Bizkaiko hiriburutik kanpora ere ahalegin asko izan ziren nautika- eta matematika-ikasketak bultzatzeko, batez ere ilustrazio-garaian. Kasurik dokumentatuena Euskalerriaren Adiskideen Elkartearena izan zen; izan ere, 1770eko hamarkadaren hasieran, nautika-ikasketen plan bat bultzatu zuen Bergaran, gogo biziz. Donostian, Donostiako Kontsulatuak itsas zabaleko pilotuen eskola bat finantzatu zuen; irakaskuntza, ordea, oso irregularra izan zen. Era berean, Frantziako itsas armadaren interesen kontra, XVIII. mendean hidrografia-eskolak zabaldu ziren Atlantikoko itsasertzeko porturik garrantzitsuenetan, hala nola Baionan, Donibane Lohitzunen eta Hendaian. Eskola horiek guztiak tokiko erakundeek (kofradiak, kontsulatuak, udalak eta aldundiak) sustatu eta finantzatu zituzten, arrantzaleen eta merkatari-pilotuen eta -itsasgizonen zerbitzurako.

Itsas maisuek ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, baina funtsean ikuspuntu "enpirikoa" zuten haiek. Beren tratatuek, oro har, matematika-oinarriak falta dituzte; hala eta guztiz ere, balio handikoak dira ikuspuntu hezigarritik eta pedagogikotik, eta XIX. mendearen amaieran artean eragina zuten pilotuen ikasketan. Besteak beste, tratatu-idazle hauek aipa daitezke: José de Mazarredo (1745-1812), Lecciones de Navegación para el uso de las Compañías Guarda-Marinas (1790) lanaren egilea; Andrés de Poza (1547-1595), Hydografía (1585) testuaren egilea; Antonio de Gaztañeta (1656-1728), Norte de Navegación (1692) lanaren sortzailea; José Vicente Ibáñez de la Rentería (1699-1760), Explicación del Círculo Náutico astronómico Universal (1738) liburua argitaratu zuena; Miguel Archer (1869-1752), Lecciones Náuticas (1756) idatzi zuena; Jacques Garra (1736-1808), Éléments de la science du navigateur (1780-1808) lanaren egilea; eta Manuel Zubiaur eta bere Arithmetica practica, para instruir la jubentud (1718).

XVII. mendearen amaieratik oihartzun modernizatzaileak zetozen Frantziatik, Europa guztian kutsatu zen espiritu ilustratzaileak bultzatuta; eta horrek zientzia-jardueraren garapena erraztu zuen penintsulan, XVIII. mendean. Barrokoaren azken urteetan jaiotako espiritu 'zientifiko' eta jakin-minezko hori -argot akademikoan 'novatore' gisa ezagutzen diren horiek irudikatu zutena-, nabaria izan zen Euskal Herrian zenbait noblek antolatutako tertulietan, hala nola Lekeition, Mutrikun edo Bilbon. Berrizko Villarreal anaiek (Pedro Bernardo eta Juan Bautista), esaterako, kultura barrokoan bete-betean sartutako pertsonaia nobleak izanda ere, anbizio handiagoko helburuetara iritsi nahi izan zuten; industriaren oparotasunaz arduratu ziren, komertzio-interes handiak zituzten atzerrian, eta zientzia- eta kultura-harreman garrantzitsua sortu zuten Ilustrazio aurreko Europaren eta Euskal Herriko txoko baten artean.

Aitzindari horiek zabaldutako haziek lagundu zuten Euskal Herrian ordura arte izandako zientzia- eta kultura-esperientziarik garrantzitsuena eratzen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Haien jarduera zientifikoak hiru ildo izan zituen: lehena, atzerrian gazteak trebatzeko pentsio diru-laguntzak; bigarrena, Espainiako eta atzerriko irakasleak kontratatzea (prestakuntza-aldia amaitzean, Europara bidalitako gazteak elkartuko zitzaien horiei); eta azkena, zientziak eta teknikak irakasteko eskolak eta katedrak sortzea.

Bi maila nabarmentzen dira, gainerakoetatik, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen jarduera zientifikoetan: politiko-militarra eta zientifiko (eta tekniko)-pedagogikoa. Elkarteak harreman estua izan zuen Estatuarekin, eta Armadaren bitartez bideratu zen, batez ere. Harreman hori ulertzeko, kontuan izan behar dira hainbat gertakari: Koroak eta Itsas Armadak eraberritu egin nahi zuten artilleria-piezen fabrikazioa, bereziki kanoiena (ordura arte atzerriko inportazioaren mende egon zen fabrikazio hori, batik bat Eskoziako Carron-go faktoriaren mende); Ingelesen itsas armada agerikoa zen, itsasontzi azkarragoak eta hobeto armatuak zituen hura; eta 1777an eten zen kanoien hornidura, Ingalaterraren eta haren amerikar kolonien arteko gerraz geroztik. Beraz, kanoi modernoak bertan ekoizten hasteko modurik onena zen eskoziar fabrikazioaren metodoa zelatatzea, elkarte zibil bat erabiliz --Euskalerriaren Adiskideen Elkartea- hori estaltzeko. Ordainetan, Elkarteak Bergarako Erret Mintegia eta Laboratorium Chemicum sortzea lortu zuen, eta baita kimikako eta metalurgiako katedrak esleitzea ere, Estatuan lehenengoak. Agerikoa da, beraz, kimika eta mineralogia funtsezko zientziak zirela Koroarentzat.

Bigarren mailari dagokionez, zientifiko-pedagogikoa, jarduera asko izan ziren: mineralogia eta "lurpeko zientzien" katedra bat sortzea (Itsas Armadak finantzatutako bi katedren aurrekoak ziren hauek); zientzia nautikoen ikasketa-plan bat abian jartzea; medikuntzaren, kirurgiaren eta matematiken irakaskuntza sustatzea; edo Marrazketa Eskola sail bat irekitzea, hala nola Gasteizkoa, Bilbokoa eta Donostiakoa. Guztiaren gainetik, ordea, alderdi ikertzaile horretan, nabarmentzekoa da Elhuyar anaiek wolframioa isolatzea -Iberiar penintsulan aurkitutako elementu kimiko bakarra-, eta baita lehen aldiz platino puru xaflakorra lortzea ere.

Euskal siderometalurgiaren sektorea eraberritzera bideratutako jardueretan, arlo askotan ez bezala, oso argi azaltzen dira jardueren askotariko alderdiak, teknikoak, industrialak eta ekonomikoak. Sektore horrek egitura-mailako arazo larriak zituen Euskal Herrian; esate baterako, teknologia tradizional zaharkitua erabiltzea eta produkzio-kostu altuak. Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, euskal burdinoletan zuzeneko metalurgia-prozedura erabiltzen jarraitzen zuten, mekanizazioa eskasa zen (gabien bidez egiten zen) eta ez zuten ijezkailuen berri. Hala eta guztiz ere, kalitate goreneko burdina zuen (Somorrostroko meatzeetakoa), nahiz eta berotan hauskorra izan eta erraz higatzekoa.

Merkatu gehiago galdu zituenean (horien artean, Amerikako koloniena), Bascongadak geroz eta kezka handiagoa agertu zuen sektore horretaz, erudizio eta zientifismo hutsetik haratago zihoan horretaz. Ekimen tekniko ugari sortu ziren oinarrian zituzten muga horiek gainditzeko. Egindako ikerketa aipagarrienen artean, nabarmentzekoa da Somorrostroko meatzeen lur-eremuaren eta konposizioaren gaineko txostena; Fausto Elhuyarrek egin zuen 1783an, eta ikerketa teknikoen eredutzat hartzen da. Baita, Baskongadak eskatuta, Juan Dowling San Ildefonsoko Erret Tokiko Meatzeetako zuzendariak gauzatu zuena ere; euskal probintzietan altzairu-lantegiak jartzea aholkatzen zuen bertan.

Industria garatzeak, zuzenean edo zeharka, zientziaren eta teknikaren egoera baldintzatu zuen. Produkzio-sistema siderurgiko tradizionalak berritu zitezen behartu zuen; britaniar kasuan, esaterako, lehentasuna lor zezala berehala zeharkako teknologiak (energia-iturritzat labe garaiak eta harrikatza erabiltzearen garrantzia azpimarratuz, eta hori ez zetorren bat eredu kontinentalarekin); zientziaren eremuan, eskolatizismoaren oztopoaz gabetzen joan zedin lagundu zuen; hezkuntzaren alorrean, eskola politeknikoak sortzen lagundu zuen (Frantziako kasuan bezala, prestigio sozial paregabea lortu zutenak), edo Arte eta Lanbide eskolarik apalenak. Horrelako "katalizatzailerik" ez zen izan Euskal Herrian, edo behintzat denbora behar izan zuen nahikoa indarrez eragiteko, nahiz eta Bilboko Industria Ingeniarien Eskola aldaketa-asmoekin sortu, 1898an.

Teknologia berritzearen ikuspuntutik, euskal industrializazioa hiru alditan bana daiteke. Lehenengoa, XIX. mendearen erdialdera iristen dena gutxi gorabehera, industria-aurreko garaiari dagokio, eta bertan eutsi egiten zaie prozedura tekniko tradizionalei edo hobetu egiten dira (adibide garbi bat da euskal burdinolak zuzeneko prozedura metalurgikoetara egokitzea). Bigarren aldian, gaingiroki XIX. mendearen erdialdetik 1880ra arte hedatu zena, nabarmentzekoa izan zen zenbait teknologia moderno sektoreka eta zatika ezarri izana, teknologia-sistema zaharkituak eta modernoak aldi berean egotea ahalbidetuz. Baina, XIX. mendearen azken bi hamarkadetatik aurrera jabetu ziren, batez ere, teknologia berriztatzeak eta/edo ordezkatzeak eta haren ondorioek zuten garrantziaz. Industrializazioaren hiru hamarkada horietan eskuratutako esperientziatik abiatuta, ingeniariek eta enpresariek teknologia modernoa eta formazio teknikoko ikastaroak sistematikoki sartzearen beharra argudiatu zuten; hori -neurri handiagoan edo txikiagoan- XX. mendean zehar gauzatuko zen.

Ondoriozta daiteke -berritzaile batzuekin bidegabeak izateko arriskuarekin- mende horien artean euskal industriak erabilitako teknologia, funtsean, beste herrialde batzuetan sortu eta garatuta inportatutakoa izan zela. Inportazio (edo "transferentzia") hori, batzuetan, aldiberekoa zen Europako zikloekin. Ahalegin bat izan zen, formazio tekniko sendoa zuten zenbait "bitartekarik" bultzatu zutena -formazioa, maiz, atzerriko zentroetan jasotzen zuten-, enpresa handien zuzendaritza-batzordeetatik (euskal industriaren eragile nagusiak); eta ez tradizioaren adierazpena edo mentalitate berritzailea.

Lerro gutxi batzuetan deskribatu beharko bagenu XIX. mendean Bizkaian izandako industrializazio-eredua, elementu hauek nabarmenduko genituzke, euskal ekonomia-historialariek egindako ikerketa ugari eta garrantzitsuak ahotara ekarrita: Bizkaiko meatzeen ustiapena eta burdina ugari Ingalaterrara esportatzea; meatzeen jabeen kapitalizazioa; burgesia berria sortzea; eta kapital-inbertsioa sektore estrategiko gutxi batzuetan, hala nola siderurgian, metalurgian eta kimikoan.

Euskal industriaren espektroan nagusi izan zen sektore siderurgikoari erreparatuta, aipatu behar da mendearen erdialdera gertatu zela produkzio-sistema tradizionaletik modernora igarotzea. 1849. urtetik aurrera (Boluetako Santa Ana fabrikako labe garaia piztu zen urtea) hasi zen berritze teknikoa; eta hiru hamarkada geroago amaitu zen, lantegi hauek ireki zirenean: San Francisco, Bilboko Labe Garaiak eta Burdin eta Altzairu Fabrika, eta Bizkaiko Metalurgia eta Eraikuntzak (azken bi horiek altzairu-bihurgailudunak).

Gipuzkoan industrializazioaren ezaugarriak izan zirenei erreparatzen badiegu, aldeak kontuan hartzeko modukoak direla ikusiko dugu. XIX. mendeko Gipuzkoako ehunaren industria, jakin badakigu, geografikoki erabat barreiatuta zegoen (Deba, Oria, Urola bailarak, eta Donostiaren kanpoaldeko herriak). Burgesia txikia eta ertaina zen batez ere; tartean merkatari ugari zeuden, eta baita liberal profesionalak ere. Sektorearen egiturari dagokionez, dibertsifikatzea izan zen ezaugarri nagusia; emankorrenak hauek izan ziren: ehungintza, armagintza eta papergintza (esate baterako, La Esperanza izan zen, 1842an Tolosan kokatua, Gipuzkoan era modernoan funtzionatu zuen lehen fabrika, eta estatu-mailan paper-jarraitua egiten lehena).

Eta ekonomia-historialariek iradokitzen duten moduan, industrializazioa eta burgesia modernoa oinarrizko osagaiak izan ziren modernizazioan eta aldaketa teknikoak eta teknologia-berrikuntzak azaltzen; baina, Euskal Herrian teknikaren garapeneranzko sentsibilitatea altxaraziko zuen haztegia, Europako partean aurretik gertatu zen moduan, ez zen eratu XIX. mendearen amaiera edo XX.aren hasierara arte.

Euskal gizartea XIX. mendean hezkuntza-mailan izandako bilakaera sakonaren lekuko izan zen: antzinako gremio-oinarriko irakas-metodoaren ordez, pixkanaka, eskola tekniko berria ezarri zuten; eta horrek eragina izan zuen lanbide libreen goren aldian. Izaera "sozial" nabarmena zuten bi erakunde arduratu ziren, hasieran, bilakaera horretaz:

1) Bascongada (Euskalerriko Adiskideen Elkartea); euskal nobleziak babestuta, XVIII. mendearen azken herenean bizitu zuen loriarik handieneko aldia, baina XIX. mendearen lehen erdian gainbehera etorri zen (Erret Mintegiaren bizitzaren ezaugarri izan ziren behin-behinekotasuna eta ezegonkortasuna, eta 1804tik gobernu zentralaren esku izan zen; Probintziako Unibertsitate izatea lortu zuen 1822an, eta karlistaldian eten egin zituen bere jarduerak)

2) Bilboko Kontsulatua; kostaldeko merkatarien interesak biltzen zituen, eta, aurretik aipatutako nautika-eskolez gain, Merkataritza Eskola bat sortu zuen 1819an; bertan eman ziren matematika, marrazketa, frantses eta ingeleseko katedrak. Ez zuen, ordea, ibilbide oso arrakastatsua izan, eta 1842an Merkataritza Batzordeak Bizkaiko Giza Zientzien Ikastetxea sortu zuen, Diputazioaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin; ikastetxeak, bere egitasmoetan, merkataritza-ikasketak sartzen zituen.

Irakaskuntza teknikoaren bi garapen-bideak, "kontsularra" eta "ilustratua", elkartu eta 1850ean "estataldu" egin ziren, Estatuak, Manuel Seijas Lozano ministroaren bidez, industria-ingeniaritzako eta merkataritzako eskolak ezarri zituenean. Lehenengoek aldarrikatzen zuten dekretuak hiru mailatan banatzen zuen industria-irakaskuntza (oinarrizkoa, hedapenekoa eta goi-mailakoa), eta Bergara izan zen Estatuan aukeratutako hedapenerako hiru guneetako bat (Bartzelona eta Sevilla ziren beste biak). Hurrengo hamarkadan, 1.800 ikasle inguru matrikulatu ziren Mintegia osatzen zuten lau lekuetan (Bigarren mailako Irakaskuntzako Institutua, eta Matematika, Industria eta Merkataritza Eskolak), nahiz eta ikasleetako inork ez zuen lortu ingeniaritza-titulurik. Aitzitik, finantziazio-arazoek eta politika legegile desegoki batek -Moyano Legea (1857), zeuden industria-eskolak goi-mailako eskola bihurtu zituena- alferrik galdu zuten industria-irakaskuntzen sistema. Eskolak 1861ean itxi zituen bere ikasgelak.

1851ko legegintza-aldaketak Bilboko merkataritza- eta nautika-eskolari eragin zion, Hiriko Bigarren mailako Irakaskuntzako Institutuaren menpe geratu baitzen; egoera horrek 1887ra arte iraun zuen. Zuzendaritzan eta administrazioan izandako mendekotasunak garrantzi handia izan zuen irakaskuntza tekniko-komertzialaren debaluazioan.

Industriaren garapenak hezkuntza teknikoaren egoera baldintzatu zuen Euskal Herrian. Atzerritik inportatutako fabrikazio-metodo berriak sartu zituen; teknologia berrien erabileran espezializatutako teknikoen falta agerian uzten lagundu zuen; enpresari asko (inportatutako teknologia sartzeko gogo biziz) atzerriko ingeniari eta teknikoak kontratatzera eraman zituen. Gertakari horiek ez ziren izan XIX. mendearen amaierara arte, ez behintzat orduan hauteman ziren bezain modu bizian; horrek berak erakusten zuen Euskal Herriko industriak sustatuko zituen ikastetxeak sortzearen beharra.

Aldi hartan sortu zen industriari lotutako hezkuntzako erakunderik garrantzitsuena Bilboko Industria Ingeniarien Eskola Berezia izan zen. 1897an sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lagunduta; eta erakusten du industria-burgesiaren sektore bat gai izan zela bere interesei erantzuten zien hezkuntza-erakunde bat sortzeko eta kontrolatzeko. 1902koa da lehen promozioa; urte horren eta 1936ren artean 585 ingeniari graduatu ziren. Haietako askok Bizkaian bertan eta Euskal Herrian lortu zuten lanpostua; horrek agerian uzten du eskolak lortu zuela sortutako itxaropenak betetzea, ekonomiaren eta industriaren aldetik modernizatu zen herrialde baten beharrei erantzuna emanda (trenbidea, telefonoa, energia elektrikoa, gasa, siderometalurgia).

Beste ekimena, ingeniaritzarekin batera garaiko euskal burgesia industrialean agertzen dena, Deustuko Goi Ikastegia da (beranduago Deustuko Unibertsitatea izango zena). Hasieran (1886) Jesusen Lagundiaren ikastetxea izan zenak, Ingeniari eta Arkitektoak Prestatzeko Eskolako ikasketa guztiak eskaini zituen (Zuzenbideaz eta Filosofia eta Letrez gain); ikasketa horiek bideratuta zeuden Espainiako ingeniari-eskoletara sartzeko aukera izan zezaten.

Arte- eta Lanbide-eskolen sare bat sortzea izan zen industrializazio-prozesuaren ondorioetako bat. Hain zuzen ere, esan daiteke ikastetxe horiek nekez garatuko zirela Euskal Herrian adinako indarrarekin, industria-indarraren babesik gabe. Hori frogatzeko, ikusi besterik ez dago Arte- eta Lanbide-eskolen mapa bat egiten denean mapa hori bat etortzen dela aldi horretan industrializatutako herrien maparekin. Ikastetxe horiek, gehienetan, udalbatzen eta probintzietako korporazioen ekimenez ezarri ziren, beren herrietako behar sozialei erantzuteko. Sare horren oparotasunaren adierazle da, 1879 eta 1920 urteen artean, Gipuzkoan guztira 16 eskola eta Bizkaian 15 sortu izana; lehenengo kasuan, besteren artean aipa ditzakegu -kronologia-ordenari eutsiz- herri hauetako eskolak: Donostia (1880), Tolosa (1885), Errenteria (1900), Bergara (1901), Irun (1901), Eibar (1902), Arrasate (1902), Ordizia (1904) edo Azpeitia (1904); eta Bizkaian: Bilbo (1879), Barakaldo (1892), Portugalete (1892), Sestao (1893), Getxo (1900), Santurtzi-Ortuella (1902), Durango (1904) edo Gernika (1905).

Ikus dezakegun moduan, Euskal Herrian irakaskuntza profesionalaren egoera ez zen hasieran pentsa zitekeen bezain ezegonkorra. Baina, ikastetxe horien funtzioa moduren batean izendatu beharko bagenu, adierazpenik egokiena "osagarria" litzateke. Aldi horretako eskola gehienek, Bilbokoak eta Donostiakoak izan ezik -horietan, irakaskuntza industrial, artistiko eta komertzialak izaera nabarmen profesionala baitzuten- goi-mailako lehen hezkuntzako sistema eskas baten osagarri funtzioa betetzen zuten. Batez ere alfabetatzea zen helburua eta, beraz, ikastetxe horietako ikasketa-planak, funtsean, geometria eta marrazketa izaten ziren (bere osotasunean), eta baita aritmetika ere.

Hala eta guztiz ere, eskola teknikorik aipagarriena Eibarko Armeria Eskola izan zen, estatu-mailan aitzindaria eta bakarra bere generoan. 1914an inauguratu zen, eta Liejako Ecole d'Armerie Leon Mignon-en itxurara eta antzera eraikia izan zen. Marrazketa, arteak eta lanbideak irakasten ziren ikasgelak zituen, eta baita armeria-museo bat ere, teoria eta praktika bateratzeko helburuarekin. Geroago, mekanika-lantegi bat erantsi zitzaion, makina-erremintak eta ebakitzeko eta neurtzeko tresneria egiteko. Helburua bertako enpresei laguntzea zen, enpresa horiek prezio altuetan inportatzen zituzten erremintak fabrikatuz.

1920ko hamarkadan, ikusten da industrietako koadro teknikoek espezializazio-maila altuak behar zituztela. Horrela, enpresetan bertan sortutako aprendiz-eskola asko agertu ziren. 1927an ireki zen Galindoko Babcock & Wilcox Eraikuntzako Espainiar Elkartea, eta estatu-mailan mota horretako lehen ekimentzat hartzen da. 1929an sortutako Galdakaoko Unión Española de Explosivos enpresaren eskolak kimika-ikasketak eskaintzen zituen Lanbide eta Laborategi sailetan (bertan sartzeko azterketa egin behar zen, eta bertako langileen semeek zuten lehentasuna). Euskalduna Elkarteak, metalezko kroskodun bapore-ontziak eraikitzen espezializatua zen hark, bultzatu zuen aprendizen prestakuntza-eredu bihurtu zen ikastetxea. Enpresako bertako langile teknikoek ematen zituzten eskolak, batez ere meatze-ingeniariek eta ingeniari teknikoek. Prestakuntza teknikoa ez zen aipatutako hiru kasu horietan soilik eskaini; beste enpresa batzuetara ere zabaldu zen, hala nola Basconia, Sestaoko Sociedad Española de Construcción Naval edo Bizkaiko Labe Garaietara.

Eskola horietako bat, 1939an sortutako Unión Cerrajera, izan zen Arrasateko mugimendu kooperatibistaren jatorria. Sortzaile nagusia bertako irakasleetako bat izan zen, aita José María Arizmendiarrieta; hark, gazteen prestakuntza bultzatzeko zaletasuna zuen hark, lankidetzaren bidez enpresa-jarduera sustatzen lagundu zuen. 1943an sortu zen Arrasateko Lanbide Eskola; geroago Eskola Politekniko bihurtu zen, eta bertan ingeniari-ikasketak eman zituzten 1968tik.

Euskal Herriak, ordea, desabantaila garrantzitsua izan zuen hezkuntza-egiturari zegokionez, inguruko herrialdeekin alderatuta: ez zen berezko euskal unibertsitaterik izan 1936ra arte, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Medikuntza Fakultatea sortu zuen arte. Egia esan, behin eta berriz fruiturik eman ez zuten saialdiak egin ziren unibertsitate bakar bat sortzeko hiru probintzia historikoetarako eta Nafarroarako; baina izan ziren tokiko unibertsitateak sortzeko proiektu arrakastatsu ugari ere (Oñatiko Sancti-Spiritus unibertsitate-eskola eta Iratxeko Kolegioa. 1869ra arte, ordea, ez zen sortu Gasteizko Unibertsitate Literarioa, irakaskuntzako askatasun-legeen babesean; Zientzia Fakultate bat izan zen bertan, baina bizitza laburra izan zuen.

XX. mendean aldi berri bat ireki zen: Bigarren Errepublikatik aurrera gauzatzen hasi, eta bertan iritsi zen gorenera euskal unibertsitatearen erakundetzea. Erakunde-ikuspuntutik, fundaziorik garrantzitsuenak hauek izan ziren: Deustuko Unibertsitate Komertziala (1916), Bilboko Unibertsitatea (1936), Donostiako Ingeniaritza eta Zuzenbideko Goi-mailako Ikasketen Zentroa (1939), Donostiako Enpresaritzako Goi Eskola Teknikoa (1956), Opus Dei-ko Nafarroako Unibertsitatea (1960), Bilboko Unibertsitatea (1968), Euskal Herriko Unibertsitatea (1980) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (1987); guztiak -lehenengoa izan ezik- irakaskuntza zientifikoaren bultzatzaile izan ziren.

XX. mendean aurrera egin arte ez zen berezko euskal unibertsitate autonomorik izan, eta horrek izan zituen ondorioak. XIX. eta XX. mendeetan, ikastetxe horiek oinarrizko funtzioa izan zuten jarduera zientifikoak sustatzen. Era berean, irakasle kualifikatuak, estatuaren diru-funts handiak eta laborategi eta museoetarako baliabide materialak erakartzen zituzten; eta ondasun horiek garrantzi handia zuten zientzialariak bere prestakuntza amaitu ezin zuen (eta, askotan, bere lanean aritu ezin zuen) herrialde batean. Are gehiago, unibertsitate-barruti propio bat izateak probintziak elkartzen laguntzen zuen erakunde- eta administrazio-mailan, eta baita herrialdeko zientzia-elitea antolatzen ere. Ez zen, beraz, errealitate hori bizi izan Euskal Herrian, lurralde historikoak Valladolideko Unibertsitatearen mendean egon baitziren, lege- eta administrazio-helburuetarako, eta Nafarroa, berriz, Zaragozako Unibertsitatearen mende. 1969ra arte ez zen sortu Bizkaiko Unibertsitate Barrutia, gero Euskal Herrira hedatu zena.

  • AZURMENDI, Joxe: El hombre cooperativo: pensamiento de Arizmendiarreta, Euskadiko Kutxa, Arrasate, 1984.
  • BARRENECHEA, José Manuel (arg.): Primeras instituciones educativas de formación empresarial en Bilbao. Textos históricos, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Zentrala, Vitoria-Gasteiz, 2004.
  • BASAS, Manuel: Breve historia de la Escuela de Náutica de Bilbao y otras de Vizcaya, Bilbo, 1968, dok. argitaragabea -DAVALILLO, Alfonsok transkribitua: Evolución histórica de la Escuela Náutica de Bilbao, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Zentrala, Vitoria-Gasteiz, 1985-.
  • BILBAO, Luis Mª; FERNÁNDEZ DE PINEDO, Emiliano: "Auge y crisis de la siderometalurgia tradicional en el País Vasco (1700-1850)", in TEDDE, Pedro (arg.): La economía e spañola al final del Antiguo Régimen. II Manufacturas, Alianza, Madril, 1982, 135-225.
  • CABALLER, María Cinta; LLOMBART, José; PELLÓN, Inés: La Escuela Industrial de Bergara (1851-1861), Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Donostia, 2001.
  • CASTELLS, Luis: Modernización y dinámica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración. 1876-1915, Siglo XXI, Madril, 1987.
  • DÁVILA, Paulí: Las Escuelas de Artes y Oficios y el proceso de modernización en el País Vasco, 1879-1929, Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa, 1997.
  • DUO, Gonzalo: Las escuelas de náutica de Bizkaia, Gipuzkoa y Laburdi: siglos XVI-XX, análisis histórico documental, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Zentrala, Vitoria-Gasteiz, 2001.
  • ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia: La Sociedad de Estudios Vascos. Aportación de Eusko Ikaskuntza a la Cultura Vasca (1918-1936), Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1983.
  • GAGO, Ramón; PELLÓN, Inés. Historia de las Cátedras de Química y Mineralogía de Bergara a finales del siglo XVIII, Bergarako Udala, Bergara, 1994.
  • GARAIZAR, Isabel: La Escuela Especial de Ingenieros Industriales de Bilbao, 1897-1936. Educación y Tecnología en el primer tercio del siglo XX, Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa, 1997, doktore-tesi argitaragabea.
  • GARCÍA CASTREJANA, Luis Ángel: "Contribución de las empresas industriales en la formación de mano de obra especializada y de cuadros técnicos en Vizcaya", Quaderns d'Història de l'Enginyeria, 5. zk., 2002-2003, 117-131.
  • GARCÍA DE CORTÁZAR, Fernando; MONTERO, Manuel: "Industrialización", Diccionario de Historia del País Vasco, 2. zk., Txertoa, Donostia, 1983, 36-75.
  • GONZÁLEZ PORTILLA, Manuel: La formación de la sociedad capitalista en el País Vasco (1876-1913), Haranburu, Donostia, 1981.
  • GONZÁLEZ PORTILLA, Manuel: La siderurgia vasca (1880-1901). Nuevas tecnologías, empresarios y política económica, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo, 1985.
  • GONZÁLEZ-RIPOLL, Mª Dolores: Bajo pólvora y estrellas. Churruca y otros marinos vascos de la Ilustración, Untzi Museoa, Donostia, 2000.
  • IBÁÑEZ, Itxaso; LLOMBART, José: "La formación de pilotos en la Escuela de Náutica de Bilbao, siglos XVIII y XIX", Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 3. zk., Untzi Museoa, Donostia, 2000, 747-772.
  • LARRAÑAGA, Koldo: Las manifestaciones del hecho ilustrado en Bergara, Bergarako Udala, Bergara, 1991.
  • LLOMBART, José: "La enseñanza de las matemáticas en el País Vasco durante el siglo XVIII", Cuadernos Vascos de Historia de la Medicina, 2, 1993, 69-78.
  • LLOMBART, José: El "Centro de Estudios Científicos" de San Sebastián, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1995.
  • LLOMBART, José; IGLESIAS, Mª Asunción: "Las aportaciones vascas al "arte de navegar" en algunos libros de náutica", Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 2, Untzi Museoa, Donostia, 1998, 525-536.
  • MENDIOLA, Rufino: "El Instituto de Segunda Enseñanza de Guipúzcoa y su creación en Vergara", Los antiguos centros docentes españoles, Patronato CSICeko Jose Maria Cuadrado Patronatua, Donostia, 1975, 115-126.
  • MONTERO, Manuel: La construcción del País Vasco contemporáneo, Txertoa, Donostia, 1993.
  • PABLO, Santiago de; RUBIO, Coro: Eman ta zabal ezazu. Historia de la UPV/EHU, 1980-2005, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo, 2006.
  • PELLÓN, Inés; ROMÁN, Pascual: La Bascongada y el Ministerio de Marina. Espionaje, ciencia y tecnología en Bergara (1777-1783), Euskalerriaren Adiskideen Elkartea - Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Bilbo, 1999.
  • RECARTE, Mª Teresa: Ilustración vasca y renovación educativa: La Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Universidad Pontifica de Salamanca, Salamanca, 1990.
  • SÁENZ DE SANTA MARÍA, Carmelo: Historia de la Universidad de Deusto, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1978.
  • SÁENZ DE SANTA MARÍA, Carmelo: "La educación institucionalizada en el País Vasco en los siglos XVIII y XIX", Actas del IX Congreso de Estudios Vascos, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1984, 281-292.
  • SILVÁN, Leandro: Los estudios científicos en Vergara a fines del siglo XVIII, Itxaropena, Zarautz, 1953.
  • SILVÁN, Leandro: "Ciencia y Técnica en el País Vasco", Revista Internacional de Estudios Vascos, 31, 1986, 11-24.
  • ZENBAITEN ARTEAN: Pedro Bernardo Villarreal de Berriz. La aportación vasca a la ingeniería del XVIII, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1990.