Kontzeptua

Zientziaren eta teknologiaren historia

XVII. mendearen amaieratik oihartzun modernizatzaileak zetozen Frantziatik, Europa guztian kutsatu zen espiritu ilustratzaileak bultzatuta; eta horrek zientzia-jardueraren garapena erraztu zuen penintsulan, XVIII. mendean. Barrokoaren azken urteetan jaiotako espiritu 'zientifiko' eta jakin-minezko hori -argot akademikoan 'novatore' gisa ezagutzen diren horiek irudikatu zutena-, nabaria izan zen Euskal Herrian zenbait noblek antolatutako tertulietan, hala nola Lekeition, Mutrikun edo Bilbon. Berrizko Villarreal anaiek (Pedro Bernardo eta Juan Bautista), esaterako, kultura barrokoan bete-betean sartutako pertsonaia nobleak izanda ere, anbizio handiagoko helburuetara iritsi nahi izan zuten; industriaren oparotasunaz arduratu ziren, komertzio-interes handiak zituzten atzerrian, eta zientzia- eta kultura-harreman garrantzitsua sortu zuten Ilustrazio aurreko Europaren eta Euskal Herriko txoko baten artean.

Aitzindari horiek zabaldutako haziek lagundu zuten Euskal Herrian ordura arte izandako zientzia- eta kultura-esperientziarik garrantzitsuena eratzen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Haien jarduera zientifikoak hiru ildo izan zituen: lehena, atzerrian gazteak trebatzeko pentsio diru-laguntzak; bigarrena, Espainiako eta atzerriko irakasleak kontratatzea (prestakuntza-aldia amaitzean, Europara bidalitako gazteak elkartuko zitzaien horiei); eta azkena, zientziak eta teknikak irakasteko eskolak eta katedrak sortzea.

Bi maila nabarmentzen dira, gainerakoetatik, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen jarduera zientifikoetan: politiko-militarra eta zientifiko (eta tekniko)-pedagogikoa. Elkarteak harreman estua izan zuen Estatuarekin, eta Armadaren bitartez bideratu zen, batez ere. Harreman hori ulertzeko, kontuan izan behar dira hainbat gertakari: Koroak eta Itsas Armadak eraberritu egin nahi zuten artilleria-piezen fabrikazioa, bereziki kanoiena (ordura arte atzerriko inportazioaren mende egon zen fabrikazio hori, batik bat Eskoziako Carron-go faktoriaren mende); Ingelesen itsas armada agerikoa zen, itsasontzi azkarragoak eta hobeto armatuak zituen hura; eta 1777an eten zen kanoien hornidura, Ingalaterraren eta haren amerikar kolonien arteko gerraz geroztik. Beraz, kanoi modernoak bertan ekoizten hasteko modurik onena zen eskoziar fabrikazioaren metodoa zelatatzea, elkarte zibil bat erabiliz --Euskalerriaren Adiskideen Elkartea- hori estaltzeko. Ordainetan, Elkarteak Bergarako Erret Mintegia eta Laboratorium Chemicum sortzea lortu zuen, eta baita kimikako eta metalurgiako katedrak esleitzea ere, Estatuan lehenengoak. Agerikoa da, beraz, kimika eta mineralogia funtsezko zientziak zirela Koroarentzat.

Bigarren mailari dagokionez, zientifiko-pedagogikoa, jarduera asko izan ziren: mineralogia eta "lurpeko zientzien" katedra bat sortzea (Itsas Armadak finantzatutako bi katedren aurrekoak ziren hauek); zientzia nautikoen ikasketa-plan bat abian jartzea; medikuntzaren, kirurgiaren eta matematiken irakaskuntza sustatzea; edo Marrazketa Eskola sail bat irekitzea, hala nola Gasteizkoa, Bilbokoa eta Donostiakoa. Guztiaren gainetik, ordea, alderdi ikertzaile horretan, nabarmentzekoa da Elhuyar anaiek wolframioa isolatzea -Iberiar penintsulan aurkitutako elementu kimiko bakarra-, eta baita lehen aldiz platino puru xaflakorra lortzea ere.

Euskal siderometalurgiaren sektorea eraberritzera bideratutako jardueretan, arlo askotan ez bezala, oso argi azaltzen dira jardueren askotariko alderdiak, teknikoak, industrialak eta ekonomikoak. Sektore horrek egitura-mailako arazo larriak zituen Euskal Herrian; esate baterako, teknologia tradizional zaharkitua erabiltzea eta produkzio-kostu altuak. Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, euskal burdinoletan zuzeneko metalurgia-prozedura erabiltzen jarraitzen zuten, mekanizazioa eskasa zen (gabien bidez egiten zen) eta ez zuten ijezkailuen berri. Hala eta guztiz ere, kalitate goreneko burdina zuen (Somorrostroko meatzeetakoa), nahiz eta berotan hauskorra izan eta erraz higatzekoa.

Merkatu gehiago galdu zituenean (horien artean, Amerikako koloniena), Bascongadak geroz eta kezka handiagoa agertu zuen sektore horretaz, erudizio eta zientifismo hutsetik haratago zihoan horretaz. Ekimen tekniko ugari sortu ziren oinarrian zituzten muga horiek gainditzeko. Egindako ikerketa aipagarrienen artean, nabarmentzekoa da Somorrostroko meatzeen lur-eremuaren eta konposizioaren gaineko txostena; Fausto Elhuyarrek egin zuen 1783an, eta ikerketa teknikoen eredutzat hartzen da. Baita, Baskongadak eskatuta, Juan Dowling San Ildefonsoko Erret Tokiko Meatzeetako zuzendariak gauzatu zuena ere; euskal probintzietan altzairu-lantegiak jartzea aholkatzen zuen bertan.