Kontzeptua

Zientziaren eta teknologiaren historia

Industria garatzeak, zuzenean edo zeharka, zientziaren eta teknikaren egoera baldintzatu zuen. Produkzio-sistema siderurgiko tradizionalak berritu zitezen behartu zuen; britaniar kasuan, esaterako, lehentasuna lor zezala berehala zeharkako teknologiak (energia-iturritzat labe garaiak eta harrikatza erabiltzearen garrantzia azpimarratuz, eta hori ez zetorren bat eredu kontinentalarekin); zientziaren eremuan, eskolatizismoaren oztopoaz gabetzen joan zedin lagundu zuen; hezkuntzaren alorrean, eskola politeknikoak sortzen lagundu zuen (Frantziako kasuan bezala, prestigio sozial paregabea lortu zutenak), edo Arte eta Lanbide eskolarik apalenak. Horrelako "katalizatzailerik" ez zen izan Euskal Herrian, edo behintzat denbora behar izan zuen nahikoa indarrez eragiteko, nahiz eta Bilboko Industria Ingeniarien Eskola aldaketa-asmoekin sortu, 1898an.

Teknologia berritzearen ikuspuntutik, euskal industrializazioa hiru alditan bana daiteke. Lehenengoa, XIX. mendearen erdialdera iristen dena gutxi gorabehera, industria-aurreko garaiari dagokio, eta bertan eutsi egiten zaie prozedura tekniko tradizionalei edo hobetu egiten dira (adibide garbi bat da euskal burdinolak zuzeneko prozedura metalurgikoetara egokitzea). Bigarren aldian, gaingiroki XIX. mendearen erdialdetik 1880ra arte hedatu zena, nabarmentzekoa izan zen zenbait teknologia moderno sektoreka eta zatika ezarri izana, teknologia-sistema zaharkituak eta modernoak aldi berean egotea ahalbidetuz. Baina, XIX. mendearen azken bi hamarkadetatik aurrera jabetu ziren, batez ere, teknologia berriztatzeak eta/edo ordezkatzeak eta haren ondorioek zuten garrantziaz. Industrializazioaren hiru hamarkada horietan eskuratutako esperientziatik abiatuta, ingeniariek eta enpresariek teknologia modernoa eta formazio teknikoko ikastaroak sistematikoki sartzearen beharra argudiatu zuten; hori -neurri handiagoan edo txikiagoan- XX. mendean zehar gauzatuko zen.

Ondoriozta daiteke -berritzaile batzuekin bidegabeak izateko arriskuarekin- mende horien artean euskal industriak erabilitako teknologia, funtsean, beste herrialde batzuetan sortu eta garatuta inportatutakoa izan zela. Inportazio (edo "transferentzia") hori, batzuetan, aldiberekoa zen Europako zikloekin. Ahalegin bat izan zen, formazio tekniko sendoa zuten zenbait "bitartekarik" bultzatu zutena -formazioa, maiz, atzerriko zentroetan jasotzen zuten-, enpresa handien zuzendaritza-batzordeetatik (euskal industriaren eragile nagusiak); eta ez tradizioaren adierazpena edo mentalitate berritzailea.

Lerro gutxi batzuetan deskribatu beharko bagenu XIX. mendean Bizkaian izandako industrializazio-eredua, elementu hauek nabarmenduko genituzke, euskal ekonomia-historialariek egindako ikerketa ugari eta garrantzitsuak ahotara ekarrita: Bizkaiko meatzeen ustiapena eta burdina ugari Ingalaterrara esportatzea; meatzeen jabeen kapitalizazioa; burgesia berria sortzea; eta kapital-inbertsioa sektore estrategiko gutxi batzuetan, hala nola siderurgian, metalurgian eta kimikoan.

Euskal industriaren espektroan nagusi izan zen sektore siderurgikoari erreparatuta, aipatu behar da mendearen erdialdera gertatu zela produkzio-sistema tradizionaletik modernora igarotzea. 1849. urtetik aurrera (Boluetako Santa Ana fabrikako labe garaia piztu zen urtea) hasi zen berritze teknikoa; eta hiru hamarkada geroago amaitu zen, lantegi hauek ireki zirenean: San Francisco, Bilboko Labe Garaiak eta Burdin eta Altzairu Fabrika, eta Bizkaiko Metalurgia eta Eraikuntzak (azken bi horiek altzairu-bihurgailudunak).

Gipuzkoan industrializazioaren ezaugarriak izan zirenei erreparatzen badiegu, aldeak kontuan hartzeko modukoak direla ikusiko dugu. XIX. mendeko Gipuzkoako ehunaren industria, jakin badakigu, geografikoki erabat barreiatuta zegoen (Deba, Oria, Urola bailarak, eta Donostiaren kanpoaldeko herriak). Burgesia txikia eta ertaina zen batez ere; tartean merkatari ugari zeuden, eta baita liberal profesionalak ere. Sektorearen egiturari dagokionez, dibertsifikatzea izan zen ezaugarri nagusia; emankorrenak hauek izan ziren: ehungintza, armagintza eta papergintza (esate baterako, La Esperanza izan zen, 1842an Tolosan kokatua, Gipuzkoan era modernoan funtzionatu zuen lehen fabrika, eta estatu-mailan paper-jarraitua egiten lehena).

Eta ekonomia-historialariek iradokitzen duten moduan, industrializazioa eta burgesia modernoa oinarrizko osagaiak izan ziren modernizazioan eta aldaketa teknikoak eta teknologia-berrikuntzak azaltzen; baina, Euskal Herrian teknikaren garapeneranzko sentsibilitatea altxaraziko zuen haztegia, Europako partean aurretik gertatu zen moduan, ez zen eratu XIX. mendearen amaiera edo XX.aren hasierara arte.