Kontzeptua

Ogia

Ogia funtsezko elikagaia da oraindik ere. Izan ere, almidoia du mantenugai nagusi, elikadura orekatua izateko ezinbestekoa den karbono hidratoa. Gainera, proteinak, B taldeko bitaminak eta mineralak ditu, burdina, magnesioa, fosforoa eta kaltzioa, besteak beste.

Ogiak gizendu egiten duela esaten da, baina ez da egia. Ogiarekin batera jaten denak gizentzen du, edota behar adina baino gehiago jateak. Interesgarria iruditu zait Busca Isusik argitaratutako taula hona ekartzea. Bertan, adinaren, sexuaren eta egiten den lanaren arabera egunean jatea komeni den ogi kantitatea azaltzen da 3:

  1. 1 eta 2 urte bitarteko haurrak: 175 gramo.
  2. 3 eta 6 urte bitartekoak: 250 gramo.
  3. 7 eta 9 urte bitartekoak: 350 gramo.
  4. 14 eta 20 urte bitarteko nerabeak: 400 gramo.
  5. Nahiko aktiboak diren emakumeak 275 gramo.
  6. Oso aktiboak diren emakumeak: 400 gramo.
  7. Haurdun daudenak: 275 gramo.
  8. Gizon sedentarioak: 325 gramo.
  9. Nahiko aktiboak diren gizonak: 400 gramo.
  10. Oso aktiboak diren gizonak: 500 gramo.
  11. Adinekoak (gizonak eta emakumeak): 250 gramo.

Gaur egun, okindegi onetan 35 ogi mota ere izaten dituzte salgai. Donostiako Barrenetxe gozotegian honako zerrenda hau eman zidaten:

  1. Eguneko ore freskoarekin egindako ogiak, labetik atera berriak: artoduna, sojaduna, zekaleduna, 5 zereal, zekale eta intxaur, greko, malta, integral, txapata, egur-labeko ogia (baserrikoa).
  2. Beste ogi mota batzuk: Viena, Baguette, Fisela, Soja, Zekale, Zereal, Arto, Integral, Berakatz, Amona, Aitona, Kandido, Inkolaza, Libragarria, Potxolo, Stolen, etab.
  3. Moldeko ogi normala eta berezia: laranja eta txokolatezkoa, mahaspasa, aran eta intxaurduna, mahaspasa eta fruituduna, gurin, txokolate eta almendraduna, etab.
  4. Opil normalak eta bereziak: txokolate, mahaspasa eta intxaurrekin, fruituekin, gurinezkoak, azenarioekin, etab.
  5. Opiltxo bereziak honako hauekin: intxaurrak, zekalea, mahaspasak eta intxaurrak, fruituak eta mahaspasak, azenarioa, antxoa, txokolatea edo tipula, etab.
  6. Viena flautak, txistorra-flautak...
  7. Etab.

Erromatarren garaitik dator ogi mota ugari egitearen ohitura. Horrela, Inperioaren garaian okinek ogi berezia egiten zuten ostrekin batera jateko, beste bat esnezkoa eta arrautzekin, esnea, piperra eta olioa zuena, mahaspasaduna, etab4.

3BUSCA ISUSI, José María de. Antología gastronómica. Academia Vasca de Gastronomía. Donostia. 1993. 73. or.

4ROBERT, Jean-Noël. Los placeres en Roma. Editorial Edad, SA. Madril. 1992. 129. or.