Kontzeptua

Ogia

Zerealeen landaketaren lehen aztarnak K.a. 8000. urte ingurukoak dira eta Asia Mendebaldean aurkitu dira, Mesopotamian, Sirian, Jordanian, Turkian eta Iraken, hain zuzen. Iberiar Penintsulan K.a. 5000 eta 4500. urteen bitarteko zereal-landaketaren aztarnak daude. Euskal Herrian K.a. 4200 eta 3000. urteen bitartean eskuzko errotak erabiltzen zituzten jada.

Zerealak jateko moduei dagokienez, honako hauek izango zirelakoan gaude:

  1. Alea xigortuz, besterik ez.
  2. Eho eta irina xigortuz.
  3. Irina urarekin edo esnearekin nahastuz eta harriekin berotuz, baita ere batzuetan eztia edo frutatxoak gehituz (morokila).
  4. Ogi lau bihurtuta, legamiarik gabe, oraindik ere Asiako hainbat tokitan egiten den moduan, Indian, esaterako; edo lurrean labeak sortuz, tuaregek egiten duten gisara, basamortuko gizon urdinak esaten dieten horiek hondar berotan lurperatzen baitute orea.
  5. Legamia erantsiz, batzuen arabera Egipton eta beste batzuen ustez Israelen asmatu zuten eran.

Biblian, Ezekielek garia jateko era aipatzen du: "Hartu garia, garagarra, babak, dilistak, artatxikia eta oloa, sartu dena ontzi batean eta egin ogia..."(Ez. 4:9a). Hau da, produktu horien guztien irinarekin ogia egitea proposatzen du.

Juduek oskola ere ehotzen zuten ogia egiteko. Modu horretan zuntza hartzen zuten, digestio-sistemarentzako garrantzitsua dena, B bitamina eta proteinak baititu.

Greziarrek 72 bat ogi mota ezagutzen zituzten, esneduna, olioduna, etab. Ardotan bustitako ogia gosaldu ohi zuten, edo ogi-mamia ardoarekin. Ateneo Naukratisekoa idazleak ogia egiteko era azaldu zuen Deipnosophistai lanean.

Erromatarrek edo erromatartutako herriek ahia egiteko erabiltzen zuten garia. Gerora ogia nagusitu zen. Panperako aztarnategian erromatarren garaiko okindegia dago ikusgai. Halaber, Trajanoren garaian jada elkarte gisa antolatuta zegoen okinen gremioa.

Bestalde, garagardo-legamia XVI. mendean hasi zen erabiltzen Italian.

Ogiari buruzko azterketa interesgarria egin du Carlos Sola Ayapek XVIII. mendetik XX. mendera arteko epea kontuan hartuta1. Bertan, egileak ogiaren garrantzia azpimarratzen du:

"gosea asetzeaz gain oinarrizko elikagaiak bermatzen zituen. Ez zegoen ordezko elikagairik -diru-kontua-, eta ogia jan behar izaten zen beti, ogia eskatu beharra zegoen beti".

Irinaren kalitatearen arabera, ogi zuria edo lehen mailakoa egiten zen aberatsentzat eta ogi iluna edo "pobreen ogia" gainontzekoentzat. Azken horientzat ere izaten ziren hein batean garagarrarekin, oloarekin, zekalearekin eta artoarekin egindako ogiak. Gutxik oroitzen dute zekale-ogia, beltzagoa zena.

1SOLA AYAPE, Carlos. Abastos de pan y política alimentaria en Pamplona (Siglos XVI-XX). Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Iruñea. 2002.