Kontzeptua

Ogia

Ogia oinarrizko elikagaia da; elikagai materiala da, eta baita espirituala ere, kristauen errituei erreparatzen badiegu, besteak beste. Eukaristiaren misterioan eta gari-irinezko ogi finaren eskaintzetan gorputz-arima dikotomia substantzia berean uztatzen da: ogia.

Ogia etxean egiten zenean ohikoa zen apaizari eta elizara opiltxo bat eramatea, "arimen ogia" esaten zitzaiona.

Toki askotan eta duela gutxi arte, Arimen Egunean (azaroaren 2an), familia bakoitzak ogi-opil bat eskaintzen zion apaizari. Apaizak zati bat hartzen zuen berarentzat eta gainontzekoa neska-mutilen artean banatzen zuen arratsaldean.

Ogia bedeinkatua zela uste zen, eta horregatik, lurrera eroriz gero, azkar jaso eta muxu eman behar zitzaion berriro ere mahai gainean utzi aurretik.

Bazkaritan, ogia banatu baino lehen, familiaburuak gurutzea egiten zion gainean ganibetarekin (zulatu gabe).

Gabon gauean, familiaburuak ogia banatu eta zati bat gordetzen zuen hurrengo urtera arte, ogi horrek ezaugarri bereziak zituela uste baitzen. Familiako kideren bat gaixotzen zenean ogi horren puska bat ematen zioten. Sakratutzat zutenez, urtea amaitzean ezin zuten zaborretara bota, eta ganaduari ematen zioten. Esan digutenez, ez zen lizuntzen.

Gari-ogia jatea ohiko bilakatu zenean, San Blas egunerako (otsailaren 3a) ogi bereziak egiten zituzten gantz, ezti edo arrautzekin, eta elizara eramaten zituzten bedeinkatzera. Herri batzuetan, ogi-erroskillak ere egiten zituzten bedeinkatzeko. Ohitura zen apur bat gordetzea gaixotzen zenari emateko. Hurrengo urtean ogi zaharra erre eta zati berria jartzen zen haren tokian.

Herri askotan, Erramu Igandean elizara bedeinkatzera eramaten zituzten erramuetan ogi-erroskillak jartzen zituzten, familiartean banatzen zirenak.