Kontzeptua

Ipuingintza Euskal Herrian.1970-2000

80ko hamarkadan, euskal literatura osoa garatze prozesu arin batean murgildu zen eta aurreko urteetakoarekin alderatuta ipuingintza izan zen gehien garatu zen generoa. Kopuruak hobetu ez ezik, 80ko hamarkadan euskal ipuin garaikiderik onenetakoak ezagutu ere egin dira. Hamarkada horren gailurra Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) eta Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) ipuin-bildumek ezarri zuten.

Segurutik, ipuinaren garapen honetan literaturaz barruko eta kanpoko eragileak izan genituen. Edozelan ere, honelako arrazoiak aipa genitzake garai honetako ipuinaren arrakasta ulertzeko:

  1. Idazleek hartu duten generoarekiko kontzientzia.
  2. Nazioartean ere ipuingintzak arrakasta eta ospe handia lortzea.
  3. Narrazio lehiaketak ugaritzea.
  4. Euskal eskolatik testu txikien eskaera handitzea.
  5. Literatura aldizkarietan generoaren aldeko lana.
  6. Argitaletxeen apustua. Merkatua hobetzen duen testuen eskariari idazle gazteen bildumak argitaratuz erantzuten dute.
  7. Zenbait libururen arrakasta sonatuak pizten du irakurleen ipuinekiko arreta.

1983. urteak mugarri bat jarri zuen euskal ipuingintza garaikidean, ipuingintzan eta, oro har, narratiban, ordura arte nagusi izan zen olerkigintzaren kalterako. Narratiba nagusitzen hasia zen.

Urte horretan bertan, Durangoko azokarako hain zuzen, honako hamar ipuin liburu argitaratu ziren: Mikel Antzaren Suzko gezi bat bezala; Mikel Hernandez Abaituaren Panpinen erreinua; Arantxa Urretabizkaiaren Aspaldian espero zintudalako ez nago bakarrik; Joseba Sarrionandiaren Narrazioak; Josu Landa eta Joxemi Zumalaberen Ipurtargi beltza; Mario Onaindiaren Gau ipuinak; Joxemari Iturralderen Dudular; Laura Mintegiren Ilusioaren ordaina; Karlos Santistebaren Izan bainintzen soldadu eta askoren artean idatzitako Urte guztiak diferenteak dira. Bistan dago liburu horiek guztiek ez zutela maila bera erdietsi. Horietan, duda barik, Narrazioak, Dudular eta Ilusioaren ordaina nabarmendu behar ditugu arrakastatsuenen artean. Hala ere, denetan, modu batean edo bestean, aurkitzen ditugu hamarkada horretan, eta hurrengoetan ere, euskal ipuingintzak jorratuko zituen estiloak, teknikak eta gaiak. Estilo aldetik esan genezake joera lirikoa (Suzko gezi bat bezala); nitasun joerakoa (Aspaldian espero zintudalako ez nago bakarrik); joera sinbolikoa (Panpinen erreinua); joera errealista (Ilusioaren ordaina bildumako Ekaitz ilunaz); absurduaren kontaketa (Gau ipuinak bildumako "Txakur bizimodua"); amerikar jatorriko errealismo zatarra (Izan bainintzen soldadu) eta joera fantastikoa (Narrazioak) tartekatzen direla, ahaztu gabe oroimenak hartzen duen garrantzia estilo eta teknikari dagokienez, baita, esaterako, zinea eta literatura beltzak ere uzten duten eragina. Era berean, teknika eta gaien aldetik aniztasuna ere nagusi dugu.

Lehenengo aldiz euskal literaturan narratibak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen dira, haiekin esperimentatzen da, baina ez narrazioa hustera zeraman 70eko esperimentalismo formalak agintzen zuen eran, baizik eta narrazioari kontatzearen zeregina itzultzeko asmoz. Hala ere, berriro estiloei bagagozkie, esan beharrean gaude joera fantastikoa dela emaitzarik borobilenak lortu zituena, hain da horrela ezen 80ko hamarkada, ipuingintzan behintzat, literatura fantastikoaren hamarkadatzat har dezakegun.

Bestalde, badira ipuin bildumotan dagoeneko presente dauden beste ezaugarri batzuk, hurrengo urteetan euren garapena izango dutenak. Bi nagusiki, bata, antologiak eta liburu bateratzaileak eratzeko aukera; eta bestea, generoen arteko mugak lausotzea, batzuetan olerkigintzara hurbilduz eta besteetan eleberriaren egiturara.

Era berean, 80ko hamarkadan literatura aldizkari ugari sortu zen. Aldizkariotan ipuina genero berebizikoa dugu. Ipuinaren berehalakotasuna eta laburtasuna, esperimentaziorako joera ahaztu gabe, ondo egokitu ziren aldizkarietara. Dena dela, ezin dugu esan aldizkari guztiek emaitza onik eman zutenik. Salbuespenetako bat, ordea, Bilboko Pott dugu. Euskal literatura barrutik eraberritzeko eskatzen zuen taldea dugu Pott Banda. Bertan ditugu, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde idazleak. Pott Bandaren eraginak markatu zuen osteko euskal literaturaren geroa.

1987. urteak ekarri zituen atentzioa eman zuten lau bilduma: Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan, Juan Luis Zabalaren Ahazturaren artxipielagoa, Koldo Izagirreren Mendekuak eta Mikel Antzaren Odolaren usaina. Esan dezagun Mendekuak eta Odolaren usaina bildumek ezarri zutela mugarri argia euren egileen narratibaren garapenean; Mikel Antzarentzat bere narratibaren gailurra izan zen, eta bere orduko azken liburua. Kontrara, Izagirrerentzat aurrerapena da, hurrengo urteetan izango zen Izagirreren prosaren nondik norakoaren aurrerapena alegia. Baina, ezbairik gabe, Azukre belazeetan eta Ahuzturaren artxipielagoa nabarmendu beharrean gaude, hasteko biek ala biek 80ko hamarkadako ipuingintzari egin zioten ekarpenagatik. Mujika Iraolaren Azukre belazeetan bilduma justu-justu Atxagaren Obabakoak eta Sarrionaindiaren Narrazioak bildumen atzean ipini behar dugu, hamarkadako ipuin libururik sonatuenen artean.