Kontzeptua

Ipuingintza Euskal Herrian.1970-2000

Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) bilduman ikusi behar dugu euskal literaturan ipuina lan oso baten oinarria eta helburua, gainera modu kontziente batean. Lertxundik, bere lehenengo lan honetan, ipuingintza garaikidearen ezaugarriak bere egiten ditu. Bertan nabarmenak dira Hego Amerikako errealismo magikoaren nahiz absurduaren antzerki eta ipuingintzaren eraginak. Beraz, ipuingintzaren hastapen honetan ikusi eta nabarmendu behar dira kanpoko eraginekiko harremanak, erabat ezaugarri arrunta sasoiko idazle gazteen artean, baina berri-berria orduko euskal literaturaren alorrean. Harreman hori, bestalde, ez zen gauzatuko nazioartean ipuingintzak arrakasta lortu izan ez balu, arrakasta hori zetorkion adierazpen narratiboak lortzeko ipuinak zeuzkan berezko ezaugarrietatik, eleberriaren aurrean genero garatuago eta zailago egiten zuten ezaugarriak. Lertxundi berehala jabetu zen ipuin garaikideen ezaugarri narratiboez eta horietan aurkitu zuen sormenerako adierazpide egokia.

Oso bestelakoa izan zen Mikel Zarateren ahalegina. Mikel Zarate bere lan guztien artean hiru ipuin liburu utzi zizkigun: Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975), Utopiaren Fantasian (1979) eta Bilbo irribarrez (1980). Azken hau bera hil eta urtebetegarrenean argitaratu zen. Zalantzarik gabe lehenengoa, Ipuin antzeko alegi mingotsak, izan da denetarik ospetsuena. Zarate, bere lan horrekin, ipuin tradizioa berritu ez ezik, bizkaierazko tradizio zaharraren eta batuazko berriaren arteko zubilana ere egiten ahalegindu zen.

Luis Haranburu Altuna (Zera, 1975 eta Desgizona, 1978) eta Patxi Zabaletaren (Euskomunia eta Zoroastroaren artaldea, 1977) ipuin bildumak garaiko esperimentalismoaren adibide garbiak dira. Oro har, esperimentalismo horrek aurreko joera existentzialista gainditu zuen, beronek zenbait testutan zirauen arren.

Hamarkadaren amaiera aldean gauzak aldatzen hasi ziren. Bestelako estetika eta proposamenak atea joka zetozen. Euskal literaturan Koldo Izagirre dugu literatura fantastiko modernoa landu zuten lehenengo idazleetako bat. Gauzetan (1979) izeneko ipuin liburua da errealitate fantastikora hurbiltzeko lehenengo urratsa. Literatura honetan logika mota bi gainjartzen dira, arrazionala, azaltzerik ez dagoen guztia errefusatzen duena, eta irrazionala. Bien arteko anbiguotasunean sortzen da fantastikotasuna. Literatura joera honetan elkarrekin agertzen dira elementu arrazional eta irrazionalak, kausa logikoen ordez kausa magikoak agertzen dira, ezohikoak. Horietan elementu legendarioak, mitikoak, sinismenak, metaforak, alegoriak, etab. Surrealismotik, psikoanalisiaren eraginpean, datozkigun elementu oniriko eta irrazionalekin nahasten dira; batzuetan absurdoa denarekin ere. Joera honetan giroa errealista izan ohi da, horregatik errealismo magikoa deitu izan zaio, batzuetan surrealismo fantastikoa ere deitu izan bazaio ere. Joera mota hau Anjel Lertxundiren eskutik sartu zen euskal literatura garaikidean, Hunik arrats artean bildumako "Hiltzea munduko gauzarik errezena duk" deritzon ipuinak ondotxo erakusten duen moduan. Haranburu Altunaren zenbait ipuinetan ere antzematen da joera honetarako urratsa. Baina, zalantzarik gabe, Koldo Izagirreren Gauzetan liburuari segida emanez, 80ko hamarkadako ipuingintzak ederto garatu eta errotu zituen joera horren ezaugarriak, batez ere, Pott bandaren idazleen lanei esker.

Hamarkadaren hasierako urteetara itzuliz, nagusitzat jo ditzakegun joeretatik at, badira ipuingintzaren alorrera etorri ziren bestelako idazleak.1972. urtean narrazio bilduma bi argitaratu ziren: Kaxildo Alkortaren Giza zirriborra eta Xabier Kintanaren Behin batean. Kintanak ere Nazioarteko ipuinak izeneko bilduma argitaratu zuen 1980an. Argitarapenok adibide argia dira generoaren bilakaera ikusteko. Argitalpen batzuek, generoaren ikuspegitik, arazoak planteatzen dituzte, gaitza da batzuetan benetako ipuinak ikustea, joera nabarmena da hamarkadaren lehenengo urteetan, baina, jada esan bezala, hori guztia konponduz joan zen urteek aurrera egin eta argitarapen berriak egin ahala. Horren etsenpluak dira Gotzon Garateren ipuin liburuak, Lehortean (1979), Nafarroako Ezkurran (1982) eta Aldarte oneko ipuinak (1982), zeinetan errelatoen narratibitatea esperimentalismo hutsaren kaltetan gailentzen den, bidea 80ko hamarkadako ipuingintzarantz jorratuz.