Kontalariak

Hernandez Abaitua, Mikel

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

1959.Idazlea. Gasteizen, 1959.eko urtarrilaren 16an jaio zen.

Mikel Hernandez Hernandez Abaitua gasteiztarra EUTGn lizentziatu zen Euskal Filologian, eta, gaur egun, institutuko euskara katedraduna da. Literaturaz gain musika du zaletasunik handiena. Hernandez Hernandez Abaituaren literatura lanak ezagun egiten hasi ziren 1981eko Donostia Hiria ipuin saria irabazi ondoren. Lehiaketetan eta garaiko aldizkarietan (Oh! Euzkadi, Ustela, Susa...) argitaratutako ipuinek osotu dituzte Hernandez Hernandez Abaituaren ibilbide literarioaren lehenengo urratsak. Orain arteko ibilbidea behar bezala ulertzeko, ezinbestekoa dugu egilearen azken lana, Azukre xehea, gatz larria (Alberdania, 2010) izenburuko oroitzapen-liburua. Liburu horren harira, Hernandez Abaituaren ibilbide literarioan sasoi bi nabarmen bereizten direla esan genezake. Batetik, 80ko hamarkada betetzen duten aldizkarietako ipuinak eta egileak argitaratutako lehenengo ipuin-bilduma biak, Panpinen erreinua (1983, Hordago) eta Ispiluak (Hordago, 1985) leudeke, hain zuzen ere. Bestetik, 90eko hamarkadan, isilaldi baten ondoren, egileak berriro hartutako ibilbidea, gainontzeko lan guztiak ekarri dizkiguna legoke.

Lehenengo sasoiari gagozkiola, Hernandez Hernandez Abaitua 80ko literatura-munduaren zurrunbiloan murgilduta dugu bete-betean, aldizkarietan argitaratzen eta ipuin-bildumak ontzen. Izan ere, ikusten dugun bezala, Hernandez Hernandez Abaituaren literatura ipuinaren eskutik dator, 80ko hamarkadan etorri ere, euskal ipuin modernoaren urrezko hamarkadan. Alde horretatik, beste idazle askorekin gertatu zen bezala, esan dezakegu ipuinak bete zuela egilearen 80ko hamarkadako literatur produkzio osoa. Horrela, Hernandez Hernandez Abaitua ipuingile estimatua izateko bidean jarri zen. Baina, Hernandez Hernandez Abaituaren ipuin liburuak, beharbada, guztiz borobilak ez izateagatik, edo bere inguruko beste idazle batzuek arrakasta handiagoa lortzeagatik, Hernandez Hernandez Abaituak isiltasunera jo zuen 80ko hamarkadaren amaiera aldera, eta literatura mundutik urrundu zen nolabait.

Aipatu bezala, Hernandez Abaituak bilduma bi eman zituen argitara 80ko hamarkadan. Lehena 1983an, Panpinen erreinua. Bertan estilo ezberdinak lantzen dituzten bost ipuin eman zituen; ipuinok xehetasunak maite dituen errealismotik fantasia alegorikoraino egiten dute bidea, umore jostalaritik tristura hunkigarriraino. Ipuin horietan narrazioaren alde ludikoa aldarrikatzeaz gain, Hernandez Abaituak errealismoaren eta fantasiaren arteko mugen gaineko gogoeta planteatzeari ekin zion. Liburuaren bigarren edizioan (Erein, 2004), narrazio bat bezala irakurtzen den epilogo autobiografiko luze bat idatzi zuen egileak, non ipuinok idatzi ziren garaia islatzen den. Epilogo hori, hain zuzen ere, 2010ean kaleratu zen Azukre xehea, gatz larria oroitzapen liburuaren sorrera dugu. Bigarren ipuin-bilduma, Ispiluak, 1985ean plazaratu zuen egileak. Ispiluak liburua ere alegiazko literaturaren eta esperimentalismo joeren artean kokatu beharrekoa da. Sarrionandiaren Narrazioak (1983) liburuaren eragina izan zuen. Ispiluak liburuan, Hernandez Abaituak joko dialektikoari eusten dio, munduaren ispiluaren eta ispiluaren munduaren artean. Bidenabar, joko dialektiko horrek literaturaren egitekoaren gaineko gogoeta sakona dakar.

Fantasia eta errealitatearen arteko gogoeta ekarri zuen Hernandez Abaituak berriro ere Bazko arrautzak (Elkar, 1995) ipuin-bildumarekin, egilea literatur ibilbidera itzultzearekin batera. Bertako sei narrazio eklektikoek ironiara eta aniztasunera jotzen dute, eta, funtsean, errealismo jakin baten bila dihardute; joera hori fantasia errealismoarekin nahastetik dator. Ordurako, hala ere, behin literaturarekin berriro adiskidetuta, beste bide bat hartua zuen Hernandez Hernandez Abaituak, errealismoaren bidea alegia. Ibilbide berri horretan Euskal Herriko gatazka politikoaren gaineko ikuspegia eman zuen. Ildo horretatik etorri ziren egilearen lehenbiziko eleberria Etorriko haiz nirekin? (Elkar, 1991), Ahotsak (Erein, 1996) ipuin-bilduma eta Ohe bat ozeanoaren erdian (Erein, 2001) egilearen bigarren eleberria. Etorriko haiz nirekin? eleberriak ETAk mehatxatuta daukan irakasle baten historia kontatzen du. Bertan errealitate sozio-politikoaren berri ematen digu, beti ere egilearen ikuspegitik. Izan ere, Etorriko haiz nirekin? tesi-nobelatzat har dezakegu, indarkeria politikoa zeharo arbuiagarria dela defendatzen ezartzen duena tesia. Eleberri horren edizio elebiduna Madrilgo Atenea argitaletxeak plazaratu zuen 2010ean. Bortizkeriak zentzurik ez duen ideia berriro azaldu zuen Hernandez Hernandez Abaituak oraingoz bere azken ipuin-liburua den Ahotsak bilduman. Bilduma labur horretan, lau narrazio dakartza egileak, eta ikuspegi ezberdinetatik aztertzen da ETAren indarkeria. Nabarmentzekoa da ipuinotan lehenengo pertsonaren erabilera, horrek iritzia emateko asmoa indartzen baitu. Egilearen bigarren eleberrian ere, Ohe bat ozeanoaren erdian izenekoan, gatazka eta bidaia elkarlotu zituen Hernandez Abaituak berriro, ordukoan barne bidaia eginez. Euskal Herriko egoera politikoak eragiten duen nekaduratik abiatuta, hausnarketara, pentsamendua eta oroitzapenak dakartzan barne bidaia eratzen da, mundu itogarri batetik ihes egin nahian.

Hausnarketa, pentsamendua eta oroitzapenak izkina egin ez dien elementuak ere badira Hernandez Abaituaren bestelako lanetan. Ildo horretan, nabarmentzekoak dira Literatura eta Rock & Rolla (Emak Bakia Baita, 1994), Saizarbitoriaren lehenengo eleberriak Noveau roman estetikakoak direlako ustea ezbaian jartzen duen Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza (EHU, 2008) saioak eta jada aipatu dugun Azukre xehea, gatz larria (Alberdania, 2010) oroitzapen-liburua. Azken lan hori, egilearen azken boladako lanik aipagarrienetakoa, autobiografiatik harago doan oroitzapen-multzoa da. Liburuan literatura, politika eta musikari buruzko bizipen eta gorabeherak azaltzen dira, eta Hernandez Abaituak bere azken berrogei urteetako ibilbidearen kronika egiten du. Kronologikoki antolatuta, liburua frankismoaren azkenalditik gaur arte doa. Besteak beste, 70eko eta 80ko inguruabar literarioa, egoera politikoa, ETAren atentatuek utzitako lorratza... dakarzkigu gogora, ironia xaloa falta ez zaion egilearen begirada samurpean.

  • BERNAOLA, I. "Etorriko haiz nirekin?". Hegats. 1994-01.
  • CAMINO, I. "Ispiluak". Argia. 1985-03-17.
  • EGAÑA, I. "Azukre xehea, gatz larria". Deia. 2011-01-22.
  • JIMENEZ, E. "Bazko arrautzak". Euskaldunon Egunkaria. 1995-09-10.
  • JUARISTI, F. "Ahotsak". El Diario Vasco. 1997-03-22.
  • LANDA, J."Panpinen erreinua". Argia. 1984-02-05.
  • LUIS ZABALA, J. "Literatura eta Rock & Rolla". Euskaldunon Egunkaria. 1995-01-22.
  • RABELLI, Alvaro. "Ispiluak". Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua, 2008. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • ROJO, J.: "Ohe bat ozeanoaren erdian". El Correo. 2002-01-30.
  • SARASOLA, B.: "Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza". Berria. 2009-06-14.