Kontzeptua

Ipuingintza Euskal Herrian.1970-2000

Beharbada 80ko hamarkadako arrakasta sonatuak erdietsi gabe, 90eko hamarkadaren erdialdetik hona euskal ipuingintzak liburu garrantzitsuak eman ditu, zenbaitetan euskal narratiban mugarri izan diren liburuak. Argi dago, beraz, euskal ipuingintza modernoak garatzen segitu duena. Erabat onartuta dugu gaur egungo euskal literaturaren gertaera garrantzitsua dela, lantzean behin ipuingintzaren gaineko eztabaida atzera ere agertu arren. Esan daiteke urtez urte, gaurko urteetara hurbildu ahala, euskal ipuingintzak, bai kopuruan bai kalitatean, askotxo irabazi duela.

Izen berriez gain, 90eko hamarkadak eta milurteko lehenengo urteek bestelako berrikuntzak ekarri zizkigun, gaur egun ere dirautenak eta oraingo ipuingintzaren ezaugarriak direnak. Euskal ipuin-idazle berriek, lehenengo aldiz, beren mundu literarioak sortzeko euskal literaturako erreferentziak ere izan dituzte, aurreko hamarkadetan garatutakoak hain zuzen. Ipuin laburrak edo mikro-ipuinak idazteko joera zabaldu da. Gerardo Markuletaren lanak horren adibide ona litzateke, beronek Istorio hiperlaburrak (1995) bilduma ondu zuen, non Mario Benedetti, Eduardo Galdeano, Augusto Monterroso eta Julio Cortazarren mikro-ipuin hautatuak euskarara itzuli zituen. Ipuin mota hau berehala zabalduko zen ipuingile eta olerkarien lanetan ere. Ipuinen zabalerak estrategia narratibo berriak erabiltzea eragin du: izenburuen garrantzia; ironia eta ustekabearen erabilera; denbora eta espazio nozioen desagertzea; pertsonaien izaera eta elkarrizketen ezabatzea izan dira erabili diren estrategiak. Horietan guztietan egoera sinboliko eta metaforikoak nahitaez nagusitzen dira. Bestalde, autoreek askatasun handia erakusten dute beren bildumak osatzeko orduan, batasun gabeko bildumekin batera batasuna adierazten duten bildumak egiten dira. Joera narratiboak ugaldu dira.Genero literaturak ere ekarpenak egin ditu, horrela bidaia ipuinak: Jon Arretxeren Zazpi kolore (2000); erotikoak: gehien bat Txalaparta argitaletxearen sailaren ingurukoak; umorekoak: Jon Arretxerenak ere diren Ostegunak (1997) eta Ostiralak (1999). Bestalde, generoa izan gabe, emakume idazleen ipuinak biltzen zituen Gutiziak (2001) antologia azpimarratu beharrekoa, daukan kalitateagatik eta emakumeek egindako literatura berriro ere eztabaidagai izatea lortzeagatik.

Atxagaren Obabakoak lanak errotu eta behin betiko finkatu zuen postmodernitatea gurean, ez honen gaineko eztabaida sutsua eragin gabe. Horrela, euskal literatura, oro har, postmodernitatearen aroan bete-betean sartu zela esan badezakegu ere, sasoi honetako ipuin liburu guztiei ezin zaie etiketa hau egotzi. Horra hor Ifrentzuak sailari hasiera ematen zion Lertxundiren Piztiaren izena (1995) bilduma. Berorretan Lertxundik Mendebaldeko ahozko eta idatziaren tradizio zabaletan arakatu eta era gaurkotu batean zekarzkigun, beti nabarmendu duen idaztankera modernista bati leial izaki. Are gehiago, postmodernitateak literaturari erantzitako ezaugarriak, hau da, indeterminazioa, zatikatzea, deskanonizazioa, niaren identitatea desagertzea, adierazi ezina, ironia, hibridotasuna, inaute-joera, antzezpena, eraikuntza eta inmanentzia, ez dagozkie, esan bezala, lan guztiei. Kontrara, ipuin laburren idazleen lanetan, Iban Zaldua eta Javi Cilleroren ipuingintzan berbarako, nabarmentzen diren ezaugarriak dira. Cilleroren Hollywood eta biok (1999) bilduman eta Iban Zalduak denbora laburrean ipuingintzan egindako lan zabalean -Ipuin euskaldunak (1999) Gerardo Markuletarekin batera; Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000); Traizioak (2001); Itzalak (2004) eta Etorkizuna (2005).