Kontzeptua

Gipuzkoako Inauteriak

Eskualde mailan nolabaiteko garrantzia duten herri batzuetan (Donostia, Azpeitia, Hernani edo Irun) bertako inauteria eta zenbait ekitaldi berreskuratu dituzte irmo, antzina bertako atal zirenak. Hala, gaur egun, bertako osagarri dira, denboraren etenik nabaritu gabe.

Tolosaren kasua berezia da: ia ez du aldaketarik izan, ez bada ezinbesteko eguneratzeak ekarri duena. Kontuan izan behar da herri horretan ia gerraoste guztian zehar ospatu dela, "Udaberriko jai" izenaren babesean.

Inauterietan historiako beste garai batean Gipuzkoako hiriburu izan zen herrira urreratzen den edonork ikusi ahal izango du bertan egoten den giro itzela. Ekitaldi publiko eta pribatuak ospatzen dira eta mozorrotuak eta musika-konpartsak nahasten dira kaleetan barna, urtez urte bertako biztanleen bizimodu bizia arintzeko.

Karikatura modura egiten diren adierazpen eta katamalo bidez egituratzen dira errepresentazioak. Irrigarri eta neurri gabea dena ohiko bilakatzen dira hainbat egunez. Atrezzo nabarmena, baldarra, edo ohiko pertsonaia elkartzen dira eta herriko kale nagusietan zehar ibiltzen dira irudimena aske barreiatuz.

Hala ere, sormena ez da mozorroetara mugatzen. Konpartsek eta ikasle-errondailek kantatutako hitzekin, antzina eta herri askotan, urtean zehar izandako jazoerak eta pertsonaia ezagunak ekartzen ziren gogora, bai herrian gertaturikoak eta baita nazioartean jazotakoak ere.

Abestien egiletasuna anitza izaten zen eta gorde diren dokumentuetan topa daitezke horietako batzuk. Abestiak saldu eta dirua lortzen zen trukean, modu horretan, bermaturik zegoen bazkari bapoa. Herriko eskea izaten zen eta bertan elkartzen ziren herritar eta kanpotarrak.

Egile ezezagunek osatutako abestiekin batera pertsonaia ezagunek osatutako abestiak topa daitezke. Sarriegi maisua izan zen garrantzitsuenetako bat. Hark utzitako ondarea handia izan da musikari dagokionez; horrela, urtez urte haren doinuak abestu eta interpretatzen dira Donostiako jaialdi nagusietan: San Sebastian eguneko danborradan; otsaileko lehen larunbateko gauean galdaragileen konpartsan; eta otsaileko lehen igandean Iñude eta Artzaiak konpartsaren ahotsean.

Denboraren joanarekin kaleetan zehar abestiak interpretatzen zituzten konpartsak joan egin dira eta kultura exotikoak oroitzen dituzten mozorro bitxiz egindako desfileak etorri dira. Karrozak trailer kamioi bilakatu dira, bolumen gorenean jarritako musika lagun, talde koloretsu, ikusgarri eta harrigarriak garraiatzen dituztenak. Modak eragindako aldaketak dira, moda iragankor edo iraunkorrak.

Hala ere, festak hasiera ona izan dezan, ezinbestekoa da, aldez aurretik, amaiera ona eduki izana. Horrela, epealdiaren amaiera adierazteko azken dantzaldia egiten zen Garizuma aurretik. "Inauteri-ehorzketa" (Tolosa) edo "Sardina-ehorzketa" (Donostia) ziren azken agurra adierazten zutenak. Nolanahi ere, erreferente sendorik ez dagoenez, zenbait herritan panpinak erretzen dira. Hori gertatzen da Oiartzunen. Bertan Intxisua erretzen da (izaki mitologikoa).

Gipuzkoako inauteriaren indarra forman nabari da edukian baino gehiago. Debekualdi luzeak festaren etorkizuna baldintzatu du nabarmen; horrek, norgehiagoka zintzoa eta kontraste nabaria ekarri du mendietan zehar egiten diren ibilaldien eta hirigunean jantzi koloretsuz eta argi itzelez egiten diren desfileen artean.