Kontzeptua

Gipuzkoako Inauteriak

Inauterien barnean etxeko menua (orokortua izan ala ez) eta tokiko ibilbideetan zehar eskean aritzen zirenen jakia bereizi behar dira. Dena den, litekeena da plateren batean bat etortzea: besteak beste, zopa eta txorizo-tortilla.

Etxe batzuetan txerriaren hankak, belarriak eta muturrak izan ohi ziren jaki nagusiak. Eta ez soilik Igande-inauterian eta Astearte-inauterian, Ostegun Gizeneko afarian ere txerriki horiek jaten ziren. Afari horretan, gero, torradak eta pellak jaten ziren, hots, uneko irrikaz irensten ziren postre goxoak. Kontuan izan behar da errituzko jakiak zirela, urteko egun eta une jakin batzuetan jaten baitziren.

Hainbat eske mota zeuden, esaterako puska biltzea, Karnabaletako eskea edo eskeen ibiltzea; guztietan nabari zen ohikotasunetik eta monotoniatik ateratzearen kutsua; ez soilik neguarekin lotuta, baita urte osoko ohikotasunetik ateratzearen kutsua ere.

Ostegun Gizena hainbat modutara izendatzen zen: Urdei Lardero, Eguen zuri, Eguen Gizen, Ortzegun Gizen, Otsabilko edo Orakunde. Jaieguna zen eskola-haurrentzat. Normalean bildutako produktuekin egiten zen askari batekin amaitzen zen eta, zenbaitetan, txistulariak interpretatutako musikarekin Aurreskua dantzatu ohi zen.

Eskaleek saski bat eraman ohi zuten eta bertan sartzen zuten etxeetan oparitan ematen zieten guztia. Eskudirua poltsa batean gordetzen zen. Gazte zintzoenek betetzen zituzten Zestero eta boltsero lanak. Halaber, espenseroa (edo espenseroak bat baino gehiago izatekotan) ere izaten zen tartean, hau da, bizilagunek emandakoa banatzeaz arduratzen zena, musikariei ordaintzeko, jan eta edanak ordaintzeko, etab.

Abereak hazten ziren baserri eta etxe guztietan arrautzak, lukainka eta xingarra oparitzen zitzaizkien eskaleei. Gainerakoan dirua izaten zen gero egingo zen bazkari, askari edo afariaren sostengu eta batzuetan ezkutuka ere ematen zen. Diru hori musikariari ordaintzeko ere erabiltzen zen, izan ere, sarritan musikaria kontratatzen zen ibilbidea eta dantza girotzeko.

Etxe edo baserriaren atarian egiten ziren dantzez gain, abesti asko interpretatzen ziren: Honatx horren adibide bat:

"Otsabilko, Otsabilko,
ni basoa jun da otso haundi bat ekarriko, ekarriko.

Nei lukainka mutur bat ematez diñai
tripati aurrera burruntzie sartuko, sartuko."

(Ataundik hartutako ahapaldia)

Aipatutako herrietan (Amezketa, Irun edo Lizartza) eta, ospakizuna egiteko irrikaz, berezko jaia antolatu duten beste batzuetan bilatu behar da opari-emate horren jatorria, nagusiki dirua eta artean etxean egiten ziren jaki eta edariak hartzeko gonbidapenak. Hori da Kezka euskal dantza-taldeko kideen kasua. Horiek Eibarko auzoak eta hirigunea zeharkatzen dituzte Koko dantzak eginez.