Kontzeptua

Gipuzkoako Inauteriak

Hala mozorrotuentzat nola mozorrorik gabe ateratzen zirenentzat, dantzaldia izaten zen une jostagarriena. "Solteko" dantza eta "lotua" dantzatzen ziren plazan, haur eta adin nagusikoen begiradapean. Ez zen bereizketarik egiten eta mutiko zein neskato solasaldian aritu eta, urteko beste egun batzuetan bezala, Astearte-inauteria dantzaldi eder batekin amaitzen ahalegintzen ziren, Pazko-igandean berriz ere dantzaldira inguratu arte. Garizuman dantzaldia debekatuta zegoen.

Hala ere, jotak, kalejirak edo balsak dantzatzean sexu edo adinaren araberako bereizketarik egiten ez bazen ere, herri jakin batzuetako dantzak jaialdi jakin batekin lotzen ziren. Horietan koreografia, eskea eta dohaintza batzen ziren.

Eskeak, orokorrean, mutiko gazteek egiten zituzten. Hala, esate baterako Abaltzisketan, txantxoak izeneko dantzariek (berez, zonaldean mozorrotuei jartzen zitzaien izena da hori) Makil Dantza dantzatuz zeharkatzen zituzten baserriak eta hirigunea. Antzina Igande-inauterian eta Astelehen-inauterian egiten zuten ibilaldia eta, ohitura berreskuratu denetik, Igande-inauterian egiten da. Musikari bat edo hainbat musikari izaten dituzte alboan: soinujole bat eta, zenbaitetan, gehiago ere bai. Dantza sinplea da eta alboko herrian, Amezketan, egiten zenaren oso antzekoa. Azken herri horretan Talai Dantza izenez ezagutzen bazen ere.

Bi dantzen arteko alderik handiena janzkietan nabari daiteke. Abaltzisketan arropa zuria beztitzen dute, sorbalda gainean xala, brodatutako txapela gorria buruan eta larruzko abarkak oinetan. Amezketan, ordea, praka urdina janzten dute, alkandora zuria, txapela beltza eta gomazko abarkak.

Produktuak eta dirua biltzen dute, gero bazkari eta afariak egiteko xahutuko dituztenak. Antzina Tolosan amaitzen zuten txanda. Han bazkaria egin eta Astearte-inauteriko dantzaldira urreratzen ziren. Bi herri horietan egiten den ospakizuna baliagarri da beste herri batzuetan egiten zena irudikatzeko.

Dena den, egun horietan egiten zen koreografia-zikloa aintzat hartzen bada, ezin da Lizartzakoa aipatu gabe utzi: Paseo Dantza, Lehenengoa, Bigarrena, Seigarrena, Ostiko Dantza, Etxe Dantza, Lau Ostiko Dantza, Makil Dantza eta Bloke Dantza Segizioko kideek interpretatzen zuten ziklo hori. Horien janzkerari dagokionez, sorbaldetako xalak, makilak eta brokelak nabarmendu behar dira: zaldidunak, kamareroak, kapitana, sarjentua eta dantzariak izaten ziren kide nagusiak.

Aipatu dantza horietako batzuk auzoetan barna egiten ziren ibilaldietako errepertorioan barneratzen zituzten. Ibilaldi horretan asto bat eraman ohi zuten, hala, eskaleek animaliari jarritako zakutoan jasotzen zituzten baserritarren opariak.

Irunen ere astoa baliatzen da dantza-taldeak etxe bakoitzaren aurrean dantza eginez San Martzial auzotik Behobia auzora egiten duten ibilaldian: Jota, Arin-arina eta Biribilketak dantzatzen dira ibilbide horretan. Bigarren talde batek Meaka auzoa zeharkatzen du. Bertan harro azaltzen dira inauterietako tradizioa mantendu dutelako, baita gerraostean ere. Hirugarren talde bat Olaberrian barna ibili ohi da.

Baina itzul gaitezen plazara, dantzaldiaren eta dantzen gune nagusira. Han dantzatzen ziren Soka Dantza edo Dantza Soka, edo Gizon Dantza ezagunak. Herri batzuetan ez zen dantza bakarra dantzatzen, bat baino gehiago baizik. Modu horretan ematen zuten arratsaldea neska-mutiko gazteek.