Kontzeptua

Gipuzkoako Inauteriak

Sokamuturretan jende andana elkartzen zen herri ugaritan (Bergara, Tolosa, etab.). Ekitaldi horretan zezenak eta bigantxak erabiltzen ziren jaialdietako programaren barruan, eta, gaur egun, oraindik ere hainbat herritan ospatzen da ekitaldi hori. Tolosako zezen-plazan koloreak, musika eta jai-giroa nahasten dira toreatzaile nahiz zaleak jasotzeko.

Bestalde, hegaztien erabilera oso ohikoa izan da (eta da) jai-egun jakin batzuetan; hala herri nola auzotan. Ildo horretatik Oilar Jokue aipatu behar da, inauteriekin eta jaialdi nagusiekin lotura zuzena duena.

Animalia kaxa batean sartzen da, gandorra agerian duela; kaxa, era berean, plazan egindako zulo batean paratzen zen. Partaide bakoitzak, begiak zapi batez itxita, hari lepoa mozten asmatu behar zuen. Saria: oilarra. Jostagarria zen jolaserako eta gero jan egiten zen.

Dantzari dagozkiola, ezin aipatu gabe utzi folklore-taldeak, izan ere, Gipuzkoako herri askotan dantza tradizionalak mantentzearen errudun nagusiak dira, betiere, zaharrenen aholkuei jarraiki eta berreskuratutako dokumentazioa lagun. XX. mendeko hastapenean ez zen horrelakorik gertatu, izan ere, dantza-taldeak beranduago sendotu dira. Orduan egun jakin batzuetarako, hau da, Inauterietarako, osatzen ziren taldeak arduratzen ziren tradizio horietaz. Urteko beste sasoi eta jaialdi batzuekin ere gauza bera gertatu da.

Baina jarrai dezagun dantzan, pantomimarako eta umorerako parada ere ematen baitzuen. Hori da, zalantzarik gabe, Sorgin Dantzaren (edo aztiena) kasua. Dantza horren jatorria Bergaran bilatu behar da. Han fabrika bateko langileek sustatzen zuten. Gerora Oriara (Lasarte-Oria) eraman zuten dantza. Hala, Sorgin Dantza Antzuolan edo Aretxabaletan ere ikus daiteke. Azken herri horretan berezko bertsioa dute eta neska-mutilek (antzina soilik mutilek) hainbat pausu eta mugimendu egiten dituzte musikaren erritmora eta, aldi berean, kantuan aritzen dira:

"Txin, txin, txin, txin,
mahatsa heldu da gerade.

Txin, txin, txin, txin,
baiñan helduko da.

Txilibito ta andria
joan zinan jatera.

Txilibito haserretuta
Botazun lapiku.

Txin, txin, txin, txin."

Estilo jostagarri, informala eta ausarta da, modu horretan, halako giro berezia sortzen da konpartsarekin batera kalez kale ibilaldia jarraitzen dutenen artean. Antzeko zerbait gertatzen da Hernaniko Maskuri Dantzan. Gazte talde bat kalez kale ibiltzen da, bertako denda eta tabernetan sartu-irtenean, esku bat soka bati helduta eta bestean maskuria dutela, oinez kaleetan zehar dabiltzanak harrapatu nahian. Azken horiek, haien presentziaren berri izan zein ez, astindu ederra hartzen dute. Txistulariz osatutako banda batek mozorrotuta jarraitzen die dantzaren berezko melodia interpretatuz.

Zenbait dokumentutan dantza hori Azeri Dantza izenez agertzen da, baina ez du azalpen argirik. Denboraren poderioz, datu hori aintzat hartuta, 1990eko hamarkadan pertsonaia berri bat barneratu zen dantzan, buruan ustez azeri larruz egindako txapela duela, eskuan zurriagoa izanik eta musikaren erritmora mugimendu jakin batzuk interpretatuz.

Animalia eta sorginen mozorroak jaialdietako faunako irudi dira oraindik. Estandarizatu egin dira eta gero eta gehiago lantzen dira. Hala, baliagarri dira festa kolorez beztitzeko eta ez dira modaz pasatzen.