Kontzeptua

Gipuzkoako Inauteriak

Inauterietako osagarri nabarmenetako bat izaten da mozorroa. Hori erabilitako jantzien bidez lortzen zen, orokorrean arropa zaharra izaten zen eta, beste gauza batzuen artean, lastoz betetzen ziren zakuak baliatzen ziren. Mozorroen ugaritasuna erabiltzaileen irudimenarekin amaigabe luza daiteke. Hala, trabestismoa eta egungo pertsonaien simulazioak irudika daitezke.

Mozorroak lortzeko jantziak aprobetxatzen ziren, dirurik xahutu gabe, hori zen arruntena. Dena den, herri nagusienetan dendetan mozorroak alokatu eta eros zitezkeen, izan ere, egun horietan dendak ere itxuraldatu egiten ziren.

Mozorroek eta mozorrotuek bazuten lotura linguistikoki: mozorro mozorrotzen dena da eta mozorro jantzita doa mozorroz janzten dena. Beste izen batzuk: kukumarro, xomorro, txantxo, mozorro zuriak eta mozorro zatarrak. Maskuri edo puxikiak eta makilak nahikoa erraz lor zitezkeen. Aitzitik, konfetia eta papertxoak garestiagoak ziren. Horiek ohikoagoak ziren herri handiagoetan. Inauteriak eta ongizatea berreskuratu egin dira eta, horrenbestez, askoz ere aiseago lor daitezke elementu horiek guztiak.

Haur eta gaztetxoen eta mozorrotuen artean halako konplizitatea nabari zen eta elkarri purrustadaka ibili ohi ziren:

"Txantxo mala kasta
ipurdian bakasta,
kolkoan ardoa,
txantxo pikaroa."

(Abaltzisketa, Berrobi eta beste herri batzuetako leloa)

Modu horretan, jokabideak mantendu egiten ziren: probokazioa eta harrapaketa. Hala ere, horrek ez du esan nahi, mozorrotuek ezinbestean probokatzaileak gaztigatu behar zituztenik. Oinezko despistatuak ere jaso zezakeen makilakada edo lokaztutako erratz zahar baten laztana.

Mozorro batzuk gaztiguaren eredu izan zitezkeen, edo, besterik gabe, oharkabean pasa ohi ziren. Horiek izendapen orokortua izaten zuten. Beste batzuk, ordea, zehatzagoak ziren eta zenbait autoreren arabera ikuspegi sinbolikoagoa gordetzen dute. Azken horiek ere arras hedatuak ziren. Hartza artilea erabiliz itxuratzen da eta udaberriari dagozkion hibernazio -edo esnatze- fasearekin lotzen da. Hartz hori Gipuzkoako hainbat herritan aurki daiteke. Zenbaitetan bakarka eta beste batzuetan bere nagusia aldamenean duela.

Batzuetan hartz ugari itxuratzen ziren eta, beste batzuetan, bakarka agertzen zen, esaterako galdaragilearen alboan agertzen dena. XIX. mendetik datorren usadio zaharra mantentze aldera, Donostia, Tolosa, Eibar edo Errenteriako galdaragile-taldeek kaleak hartzen dituzte zaratatsu otsaileko lehen larunbat gauez. Konpartsa horretan letoizko ontziak, mailuak eta zintzarriak baliatzen dira zarata egin eta, aldi berean, "jatorri hungariarra" aldarrikatzen duten abestiak abesteko.

Donostian bada konpartsa bat, izan ere, hiriburuak era guztietako festa zaharrak mantentzeko ohitura gordea du, batez ere, negu girokoak. Iñudeak eta artzaiak izeneko konpartsaz ari gara. Irudikapen horretan XIX. mendeko amaieratik XX. mendeko hasiera bitartean hirian ospetsuak ziren pertsonaiak eta haien egitekoak oroitzen dira mozorroen bidez eta, horrez gain, bada talde misto bat: emakumeak umezain arropaz janzten dira panpina besotan hartuta; gizonezkoak zuriz jantzita agertu ohi dira, txaleko, txapela eta gerriko gorriz apainduta eta eskuan makila luze bat dutela. Ibilbidea eta dantza hirigunean zehar egiten dute. Amaiera Konstituzio Plazan izan ohi da joko bitxi batekin.