Kulturalak

La Academia Errante

La Academia Errante herri unibertsitatea sortzeko saiakera izan zen, Gipuzkoan XX. mendeko 50eko hamarkadan sortu zena (lehen saioak 1956an izan ziren); errealitateari erreparatzen zioten eta kulturaz kezkatuta zeuden bi pertsonaia bitxik sortu eta bultzatu zuten: Angel Cruz Jaka Legorburu eta Luis Peña Basurto bultzatzaile nagusiek, hain zuzen ere.

Saiakera horretan zenbait intelektual deitu eta mahai baten inguruan biltzea lortu zuten; ideologia, prestakuntza eta pentsamendua adierazteko eta partekatzeko oso modu desberdinak zituzten pertsona haiek; horrez gain, euskal gizartearen egoerari eta etorkizunari buruz ere eztabaidatu zuten. La Academia Erranteren kultura saioak lurraldeko hainbat herritan antolatu ziren, jaiegunetan eta toki bakartietan, otordu baten bueltan; asteburuetako atseden zigiluari eutsi zioten. Saio haietan garaiko intelektual talde oso esanguratsua biltzen zen, tartean Joxe Miguel de Barandiaran, Jorge Oteiza, Luis Martin-Santos, Koldo Mitxelena eta Julio Caro Baroja, besteak beste. Saioetan elkar ulertzeko helburua zen nagusi, nahiz eta kideen iritzi moralak, politikoak eta kulturalak anitzak izan. Cruz Jaka Legorburuk azaldu zuen (2000) lehen aldiz Academia Erranteren izena Luis Martin-Santosi entzun ziola, eta saio haiek izendatzeko erabili zuela taldeak izaera ibiltaria, peripatetikoa eta anarkikoa zuelako.

Sendagileak (gehienak psikiatrak), idazleak, publizistak, historialariak, apaizak, musikariak, arkitektoak, abokatuak, editoreak, inprimatzaileak hartu zuten parte hamar urteko ibilbideko saioetan, Gipuzkoan kultura erakundeak denbora hori iraun baitzuen, gorabehera batzuekin indarrari dagokionez. "Tolerantzia giro lasaian", Ayestaran sendagileak, akademikoetako batek azaldu zuen moduan, Academian zenbait ideologia zeuden ordezkatuta (komunistak, abertzaleak, sozialistak, karlistak, baita eboluzionatzeko asmoa zuten frankistak ere); aniztasun horrek hasiera-hasieratik eman zuen aditzera kideek elkar ulertzeko eta arrazoitzeko zuten espiritua.

1964an Jaka Legorburuk bilerak berriz ez deitzea erabaki zuen, polizia frankistaren jazarpenagatik; izan ere, polizia beldur zen bilera haiek hartzen zuten izaera eta irismenagatik, gure herriko pertsona jantzienak deitzen baitziren. Horrez gain, Luis Martin-Santos psikiatra eta nobelagilea urte berean hil zen zorigaiztoko auto istripu batean; horrek ere Jakaren gogoa baretzea eragin zuen, eta poliziaren jazarpenarekin batera, hamar urte baino gehiagoko esperientzia hura ixtera behartua sentitu zen. Hala ere, Jakak espiritu ekintzailea zuen, eta horren isla da 1968an zenbait akademiko Zumarragako bere etxera gonbidatu izana, kide berri gazteagoak ere gonbidatu zituen Lope de Aguirreren eta Jose Maria Iparragirre musikariaren omenezko jardunaldietan parte hartzeko.

Pertsona egonezin haiek mugitzen zituen espiritua ulertzeko ezin hobea da Peña Basurtoren hitzaurre labur bati begiratzea, Auñamendi argitaletxe donostiarrak argitaratu zuen liburu bilduma hasteko idatzi zuena ahozko saioen edukia biltzeko (Bernardo eta Mariano Estornes Lasa anaiak ziren jabeak, La Academia Errantek bultzatu zituen lau liburuen editoreak). Hala idatzi zuen Peña Basurtok: "Biltzeko beharra sentitzera bultzatu gintuzten arrazoiak azaltzeak luze joko luke. Sei baino ez ginen; batzuetan zazpi. Handinahikeria pertsonal neurrigabeko mugimenduak gure herria menderatzean sentitzen genituen kezkak modu librean adieraziz eztabaidatzen genuen; arrakasta modu azkarrean lortutako aberastasunaren arabera neurtzen zen, baita hari zerion botere ilunagatik ere. Herriak eta hiribilduak auzo txiroen itxura hartzen hasiak ziren, hiri multzo anarkikoak, eta bertako lagunek gizarte arazo larriak zituzten, materialak, kultura arlokoak eta higiene aldekoak, itxuraz konponezinak. nura komunak garrantzirik izan gabe, mendiek ez zuten landaredi estaldurarik; ibaiak aspaldi bihurtu ziren estolda zikin, kirasdun eta pozoitsuak; balio historikoa, artistikoa edo tokiko arkitekturako kutsua zuten monumentu urriak, gure iraganeko oroigarri gisa genituenak, hondatu egin zituzten edo desagertzeko bidean zeuden, lurraldearen aukera fisikoak aurretiaz aztertu gabe industria pabiloien zimenduak geroz eta altuago eraikitzeko" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

La Academia Errante egitasmoaren bilerek zuten balio zibil handia, eta jarreren talde-zentzuan islatzen da, nahiz eta batzuentzat tabernako bilerak baino ez izan. Bultzatzaileek politikaren bat sustatuz gero, komunikazioaren politika zen hura, nahiz eta garaiko gobernadore zibilak iritzi bera ez izan. Komunikazioak existitzen zirela egiaztatzen zuen. Aipatutako Peña Basurtok testu berean adierazi zuen: "Gerra zibil ikaragarriaren ondorioz, eta gizarte-sedimentazio kaotikoaren fruitu gisa, inguruan genuen giro axolagabera eta etsigarrira baztertuak geundela uste genuen; baina eraikitzeko asmoaren bultzadekin, apatia orokorraren gainetik gailentzea lortu genuen, eta kritika inkoherentea eta ezereza elkarrizketa atsegin eta ordenatuagatik ordezkatu genuen. Gerrak indibidualista bortitz bihurtu gintuen, baina gu sozialak bilakatu ginen. Diziplina gabeak, arrazoiaren ordenari orpoz orpo jarraitu genion. Gure zaletasunak anarkikoak izan arren, metodoa onartu genuen. Gure ideia eta sinesmenetan heterogeneoak izan arren, koloreak alde batera utzi genituen gure laguntasunaz gozatzeko, eta Errenazimendu berri baten arrago sutsuan geundela sinetsiz gozatzen genuen." (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Peña Basurtok gogoratzen du nola egin zituzten lehen bilerak 1955an, probintziako txoko bakartienetan, esaterako Otzaurten (Oñatin), eta "ehunka urteko benta ahaztuetako jangeletan", haien buruak eta ingurukoak berritzeko asmoarekin; horregatik sentimendu zibila eta morala izan zuen. Baina Pio Barojaren heriotzaren ondorioz (1965), "eta horrek eragin zuen hutsunea" zela medio, Peña Basurtoren hitzetan, La Academia Errante egitasmoko sustatzaileei bururatu zitzaien nobelagilearen omenezko saioa egitea Aztirioko benta batean. Asmo jakin bat zuen lehen saioa izan zen, eta kideen hitzaldiak programa batean jaso zituzten. Pio Baroja eta Barojatarrak ere ondorengo saio bateko gai nagusia izan ziren (1963), Arizkunen (Nafarroa). Baroja erreferente bat zen akademiako kideentzat. Baina ez Baroja soilik.

1961ean Akademiak saio garrantzitsu bat antolatu zuen 98ko Belaunaldikoei buruz, eta handik parte hartzaileen hitzaldiak biltzen zituen liburu bat jaio zen; besteak beste, hauek hitz egin zuten: Jose Maria Donosty, Angel Cruz Jaka, Jose Maria Busca Isusi, Ramon Zulaica, Luis Pedro Peña-Santiago, Jose Antonio Ayestaran Lecuona, Ignacio Zumalde, Juan Ignacio de Uria, Elias Amezaga, Luis Martin-Santos, Gabriel de Zapirain, Ignacio Maria Barriola, Federico de Zabala eta Jorge Oteiza. Saioa Pepe Villar omentzeko antolatu zuten, baina interes handiko mintzaldiak izan ziren, ez soilik erreferentziazko 98ko euskal intelektual batzuk ezagutzeko, baita autore haien gainean akademiako kideek zuten ikuspegia azaltzeko ere, esaterako Baroja, Unamuno eta beste batzuei buruzkoak. Lehenago aipatutako izenak akademiko kide iraunkorrenak eta une horretarako prestatutako hizlariak ziren, beti Jaka Legorburuk osatzen zuen programaren arabera.

Urrian hil berri zen Barojari buruzko 1956ko lehen bileraren ondotik, beste saio bat egin zuten Azitaineko bentan, eta han Arturo Campion idazle eta publizista nafarra omendu zuten. 1958an Zumarragako Beloki sozietatean, Jaka eta Busca Isusiren herrian, Gregorio Marañon medikuari omenaldia egin zioten, garai hartan harreman estua baitzuen Gipuzkoako sendagile batzuekin, esaterako Iñaki Barriola edoJose Luis Munoarekin. Marañoni buruzko bilera horrek intelektualak biltzea erraztuko zuen erakunde motaren bat sortzeko ideia finkatzeko balio izan zuen. Bertaratutakoek bileren garrantziaz jabetu ziren. Baliteke Barojaren oihartzunen eraginagatik, intelektual geldiezinen taldea, hasieran marañondarrak deitu baziren ere, "errante" hitzaz pentsatzen hastea, Pio Barojari asko gustatzen zitzaiolako; hark gizon noragabe eta umiltzat zuen bere burua. Baina benetan esanguratsua da euskal nobelagilea aldarrikatzea, hain justu ere erregimen politikoak eta giro erlijioso ofizialak Barojaren obra eta pertsona kondenatu zutenean. Akademiko kideetako batek, Luis Peña Basurtok, gobernuaren isuna jaso zuen Donostiako Kale Nagusiko bere liburu dendako erakusleihoan idazlearen zenbait liburu izaten tematu zelako, hori ez egiteko zenbait eskakizun jaso zituen arren.

1959ko urriaren 11n Azkoitian bildu ziren, XVIII. mendeko Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko pentsalari libreen sentimendu eta memoria intelektuala gogoratzeko. Saio hartan, besteak beste, Alvaro del Valle Lersundi, Trino Uria, J. Ignacio Uria, José Maria Busca Isusi, Luis Mitxelena, Angel Cruz Jaka, Iñaki Zumalde eta Luis Peña Basurto bera bertaratu eta mintzatu ziren. Mintzaldiak liburu batean jaso zituzten, Auñamendik saioak biltzeko hasitako bildumaren lehen alean. Lope de Aguirreren figura aztertzea (1961), aipatutako 98ko Belaunaldiari buruzko saioa, Jose Miguel de Barandiaran (1962) omentzeko saioa (Jorge Oteiza, Luis Martin-Santos eta Julio Caro Barojaren mintzaldiak nabarmendu ziren), Nafarroako historiari buruzko saioa (1962), Entziklopedia frantsesari buruzkoa eta RSBAP, arreta berezia jarriz Manuel Ignacio Altunari (1962), Euskal Herriko Jatorri Espiritualak aztertu zituena (1963), bizitza paraleloei buruzkoa (1963), Euskal Herriak Europa aurrean zuen egoera eztabaidatu zena (1963), euskararen egoera aztertu zuena (1963), edo Arteari buruzkoa (gidoia programatuta izan arren, ez ziren bildu), horiek dira La Academia Errante egitasmoaren jarduera intelektualeko erreferentzia garrantzitsuenetako batzuk. Proiektuaren jarduera nagusiak 1961 eta 1963 artean gertatu ziren. Egia da saio horietako lau baino ez zirela gizartean hedatu (Bernardo Estornes editorearen bultzadaz), eta hori ere deitutako intelektual guztien kezka eta erreferentzia zen. Oteizak bilera batean proposatu zuen moduan, "azaleratzen ari ziren gai haien berri izan behar zuen herriak". Estornes editoreak hartu zuen ardura hori bere gain.

La Academia Errante proiektuaren lehen argitalpen lana 1963an izan zen, hamarkada osoko kultura ulertzeko urte gakoa izan baitzen hura, Donostian gailendu ziren kultura elkarte guztien ingurumarian. Kultura unea osatzen zuten erreferentzietako batzuk aipatzearren, esan behar da urte horretan Oteizak lehen liburua argitaratu zuela (Quousque tandem.! Auñamendi ed.), Martin-Santosek 1962an Tiempo de Silencio eleberria argitaratu ondoren arrakasta ospatzen ari zela, Blas de Oterok Omegna Resistenza Nazioarteko Saria jaso zuela, eta Gabriel Celayak Libera Stampa Nazioarteko Olerki Saria (Suitza); garai berean Noray literatura aldizkaria sortu zen Donostian, eta lehen zine klubak, baita kultura jarduerarako beste makina bat zentro ere, esaterako Barandiaran Arte Galeria eta Gipuzkoa Kluba, kasu honetan probintziaren izena zuten literatura sarien sustatzailea; ildo beretik, Agora argitaletxea ere sortu zen, eta garai hartako euskal idazleen zenbait liburu argitaratu zituzten.

1963an La Academia Errante egitasmoak lau liburu plazaratu zituen: Los caballeros de Azkoitia, Lope de Aguirre, descuartizado, Sobre la generación del 98 eta Homenaje a Don José Miguel de Barandiarán. Tituluak eta liburu horietako kolaboratzaileen zerrenda, gai horietara bideratutako saioetatik sortu zirenak, osagaien historia berrikusteko kezken eta nahien berri ematen digute. Luis Peña Basurto, Ignacio Zumalde, Jose Maria Busca Isusi, Trino de Uria, Juan Ignacio de Uria, Angel Cruz Jaka, Luis Pedro Peña-Santiago, Jose Antonio Ayestaran, Gabriel Zapiain, Juan Jose Lasa Albaitero, Ramon Zulaica, Elias Amezaga, Jose Miguel de Barandiaran, Luis Martin-Santos, Jorge Oteiza, Federico de Zavala, Jose Maria Donosty, Ignacio Maria Barriola, Julio Caro Baroja edota Vicente Urcola dira liburu haien autoreak; obra horiek Auñamendik editatu zituen, alegia Estornes Lasaren argitaletxeak. Argitalpen ausart horri esker La Academia Errante, elkarbizitza eta askatasun saiakera denboran gorde zen. Aipatutako argitaletxeak rol erabakigarria izan zuen hamarkada osoan euskal historiako gaien bibliografia osatzean. Estornes Lasa anaiaz gain, Zarauzko Itxaropenako Francisco Unzurrunzaga editore eta inprimatzailea ere bileren batera bertaratu zen. Horregatik, eta saioetako mintzaldiak berez interesgarriak zirelako, Oteizak aipatutako eskaria egin zuen.

La Academia Errante Gipuzkoan garatu zen arren, beste herrialde batzuetako idazleak eta publizistak ere bildu ziren, esaterako Elias Amezaga (Bizkaia), Jose Joaquin Montoro Sagasti abokatua (Iruñea) edo Eugenio Abasolo (Gasteiz). Hala ere, Jakaren testigantzaren arabera, Gabriel Arestik eta Bilboko beste idazle batzuek bileretara joatea aurreikusi zuten, baina ez zen horrelakorik inoiz gertatu.

La Academia Errante egitasmoak saio batzuk eskaini zizkien beste gai batzuei ere, esaterako unibertsitatea, Manuel Ignacio de Altunari omenaldia (Araoz, 1962), Euskal Herria Europaren aurrean (Gaztelu, 1963), Bizitza paraleloak (Hernani, 1963) edota eliza katolikoaren eta euskal gizartearen arteko harremana denboran; bilera horietako edukiak ez ziren argitaratu, baina gorde dira, batzuek zinta magnetofonikoetan. Aipatutako pertsonaz gain, beste batzuek ere parte hartu zuten, esaterako Luis de Uranzu idazle kostunbrista irundarra, Lo que el río vio liburuaren autorea, Madrazo Arteche eta Antonio Valverde margolariek, Francisco Unzurrunzaga editorea, Jose Leon Careche sendagilea, Nestor Basterretxea eskultorea, Josu Oregui, Alvaro del Valle Lersundi, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente izandakoa, Juan Garmendia Larrañaga etnografoa, Jose Segura abokatua (Jakaren laguna, Academiako etengabeko sustatzailea), etab. Horrek argi islatzen du saioetan ikuspegi anitzak zituztela, eta Angel Cruz Jakak adeitasunez aurkezten zituen.

Jakina denez, La Academia Errante egitasmoa itzali egin zen poliziak Jaka behin eta berriz jazartzen zuelako, bilera gehiagorik dei ez zezan, botereak ezin baitzituen proiektu hura menderatu. Aintzat hartu behar da akademikoetako batzuek (esaterako Busca Isusi) "Municheko Ituna" deitutakoan parte hartu zutela 1963an, eta han frankismoaren aurkako lagun ugari bildu ziren. Meliton Manzanas polizia komisarioak Jaka mehatxatu zuen, esanez errekaduak egiten zituenean, bidalketaren batean propaganda arriskutsua sartuko ziola, espetxera eramango zuen propaganda. Poliziaren jazarpena hain zen gogorra, ezen Jakak ez baitzuen izan bilerak bertan behera uztea beste aukerarik; logikoa zenez, askatasuna kenduko ziotela beldur zen, bai eta seme-alabek ikasketak utzi behar izatea ere.

Baina kultura erakunde horren bukaera markatu zuen beste gertaera bat ere egon zen: Luis Martin-Santosen heriotza auto istripu batean (1964); Jakak azaltzen duen moduan, heriotza eragozpena zen proiektua bizi zedin. Idazlea zendu zenean, Jakak akademiako kideei elkarlanean aritzeko eskatu zien, haren omenezko liburu bat egiteko; hala ere, argitalpena ez zen inoiz gauzatu. Hilabete gutxi batzuk lehenago, Jakak berak akademiako kideei galdetegia bidali zien, saioak berritzeko eta hobetzeko ideiak jasotzeko. Gutxi batzuk erantzun zuten galdetegi hura. Martin-Santosek eta Jakak laguntasun eta adiskidetasun izugarria zuten, eta adimen izugarria eta prestakuntza intelektuala aitortzen zioten elkarri; Martin-Santosek Jakari jakinarazi zion akademiak ez zuela aldatu behar, funtzionatzeko modu libre eta anarkikoa izan behar zuela, pentsamendua garatzea ahalbidetzen zuela, komunikazio intelektuala eta giro atsegineko elkarbizitza, eta horrek guztiak ez zuela kritikotasuna edo zorroztasuna debekatzen.

La Academia Errante erakunde malgua izan zen, euskal intelektualak, publizistak eta herritarrak biltzen zituena modu irekian. Ez zuten kultura elkarte bezala aitortu; horren ordez, kontrakoa gertatu zen, frankismoaren aldekoak ez ziren elkarte guztiak debekatuta zeuden, eta diktaduraren oztopoak pairatu zituen. Erregimen politikoak eta horren kudeatzaileak kezkatuta zeuden akademiako kideen deialdi botereagatik eta esangura intelektualagatik, eta horren isla da Jaka Legorburu kudeatzaileak pairatu zuen poliziaren jazarpena. Bileretan ehun intelektual inguruk hartu zuten parte, eta horrek azaleratzen du Jakak jendea biltzeko gaitasun ikaragarria zuela eta bileretako formula baliagarria zela. Saio horietan pentsamendu elementu aurrerakoienak eta beste erreferentzia intelektual eta moral ugari aldarrikatu zituzten, entziklopedistetatik hasi eta Unamuno edo Barojara arte.

Ulermen eta adiskidetasun foro bat izan zen, eta guztien gainetik kontsentsua, elkarrizketa zibilizatua eta gizarte ulermena izan ziren nagusi. 1964an, jendaurrean aurkeztu eta handik gutxira, eta lau liburu argitaratu ondoren, La Academia Errante proiektuak biltzeari utzi zion. Akademia kideek Gipuzkoako barnealdeko bentetan eta Nafarroan bildu ziren. Erabaki horren atzean ez zegoen asmo klandestinorik, baizik eta eguna naturan igarotzeko nahia, eta aldarrikapen hori kideen artean nagusitu zen; izan ere, Caro Barojak Barandiarani buruzko saioan azaldu zuen moduan, Euskal Herria natura aldetik hondatzen ari zen. Ez ziren gastronomia aldetik gozatzeko bilerak, ez eta apetitu bereziko kideen batzarrak ere; hala ere, Busca Isusi gastronomoa tartean zegoenez, bilera bakoitzerako menu onenak bilatzea beti bermatuta egoten zen. Menuak beti kideen arteko elkar ulertzea sustatzea izan zuen helburu, eta kideek beti gai eta ezinegon sozialak, kulturalak, politikoak eta eraginezkoak eztabaidatzeko prest agertu ziren. Planteamenduen izaera dagozkien mintzaldietan ikus daiteke: laburrak izan arren, sakontasun eta argitasun izugarria zuten, argitaratutako proiektuko lau liburuetako testuetan ikus daitekeenez.

Hala ere, benta eta tabernetako deiak eta bilerak beti eta esklusiboki gizonezkoentzat ziren. Gizartea aldatzeko helburua zuen eta etorkizunera begirako taldea zen arren, sozietate gastronomikoetan ordezkatutako estatu kulturaren mimetikari eusten zion formulak, hain zuzen ere; emakumeek ezin zuten horietan sartu. Bilgune ziren tabernak eta jatetxeak toki publikoak izan arren (eta ez sozietate pribatuak), Dolores Salisek, Luis Rodríguez Galen emazteak (Luis de Uranzu), eta Itziar Carreño (Jorge Oteizaren emazteak) saioetako batean parte hartu zutenean une larriak bizi zituzten. Bi bikoteek herrialdean zehar bidaiatu ohi zuten asteburuetako txangoetan, eta horrela, akademiaren bilerara joan ziren. Pianista, zeramista, margolaria eta eskultorea zen Dolores Salis, baita xarma intelektual handiko eta jario izugarriko emakumea ere; Salisek, beste emakume askoren moduan, meritu propioengatik har zezakeen parte saio haietan.

  • Los Caballeritos de Azkoitia. San Sebastián: Auñamendi, 1963.
  • Lope de Aguirre descuartizado. San Sebastián: Auñamendi, 1963. Núm. 1-2.
  • Sobre la Generación del 98. San Sebastián: Auñamendi, 1963. Núm. 3.
  • Homenaje a D. José Miguel de Barandiarán. San Sebastián: Auñamendi, 1963. Núm. 4-5.
  • La Enciclopedia y la RSBAP. Homenaje a Manuel Ignacio de Altuna (1962)
  • Aurkezpena: Ángel Cruz Jaka Legorburu.
  • "Altuna y su biografía", Juan Ignacio de Uría.
  • "Altuna, amigo de Rousseau", Trino de Uría (Juan Ignacio de Uría bere semeak irakurritako txostena)
  • "Caballeritos de Azkoitia", José María Busca Isusi.
  • "Estalla la revolución francesa: su repercusión", Iñaki Zumalde.
  • "Guipúzcoa afrancesada: su herencia", Federico de Zabala.
  • El País Vasco ante Europa (1963)
  • Aurkezpena: Ángel Cruz Jaka Legorburu.
  • "Álava ante Europa: Vitoria, ciudad comercial hacia Europa", Eugenio Abásolo.
  • "Navarra en Europa oriental: Expediciones a Albania y guerras en la Europa oriental (Grecia)", Juan J. Montoro Sagasti.
  • "Vizcaya ante Europa", Elías Amézaga.
  • "El País Vasco francés ante Europa", Javier Bello Portu.
  • "Guipúzcoa ante Europa y el mundo", Álvaro Valle de Lerchundi.
  • "El vasco europeo", Luis Peña Basurto.
  • "La mente vasca ante Europa", Juan Ignacio de Uría.
  • Vidas paralelas: tipos vascos y no vascos (1963)
  • Aurkezpena: Ángel Cruz Jaka Legorburu.
  • "Ramuncho y don Juan Tenorio", Luis Martín-Santos.
  • "Zumalacárregui y el general Maroto", Vicente Urcola.
  • "El complejo de Ramuncho entre los vascos", José María Busca Isusi.
  • "El cura Santa Cruz y el general Lizarraga", Federico de Zabala.
  • "Iparragirre y su paralelo con Verdi", Javier Bello Portu.
  • "En Navarra: Maximino de la Ribera y José Miguel de la Montaña", José J. Montoro Sagasti.
  • La relación entre la Iglesia católica y la sociedad vasca (1964)

Emanaldi hau ez zen argitaratu, Jose Antonio Ayestaranen "La introducción del Cristianismo en el País Vasco" lanak, oso ortodoxoa ez zena, sortutako polemika zela eta. Jose Miguel de Barandiaran apaiza eta antropologoak betoa jarrio zion eta Estornes anaiek ez zuten argitaratu.