Kulturalak

La Academia Errante

Peña Basurtok gogoratzen du nola egin zituzten lehen bilerak 1955an, probintziako txoko bakartienetan, esaterako Otzaurten (Oñatin), eta "ehunka urteko benta ahaztuetako jangeletan", haien buruak eta ingurukoak berritzeko asmoarekin; horregatik sentimendu zibila eta morala izan zuen. Baina Pio Barojaren heriotzaren ondorioz (1965), "eta horrek eragin zuen hutsunea" zela medio, Peña Basurtoren hitzetan, La Academia Errante egitasmoko sustatzaileei bururatu zitzaien nobelagilearen omenezko saioa egitea Aztirioko benta batean. Asmo jakin bat zuen lehen saioa izan zen, eta kideen hitzaldiak programa batean jaso zituzten. Pio Baroja eta Barojatarrak ere ondorengo saio bateko gai nagusia izan ziren (1963), Arizkunen (Nafarroa). Baroja erreferente bat zen akademiako kideentzat. Baina ez Baroja soilik.

1961ean Akademiak saio garrantzitsu bat antolatu zuen 98ko Belaunaldikoei buruz, eta handik parte hartzaileen hitzaldiak biltzen zituen liburu bat jaio zen; besteak beste, hauek hitz egin zuten: Jose Maria Donosty, Angel Cruz Jaka, Jose Maria Busca Isusi, Ramon Zulaica, Luis Pedro Peña-Santiago, Jose Antonio Ayestaran Lecuona, Ignacio Zumalde, Juan Ignacio de Uria, Elias Amezaga, Luis Martin-Santos, Gabriel de Zapirain, Ignacio Maria Barriola, Federico de Zabala eta Jorge Oteiza. Saioa Pepe Villar omentzeko antolatu zuten, baina interes handiko mintzaldiak izan ziren, ez soilik erreferentziazko 98ko euskal intelektual batzuk ezagutzeko, baita autore haien gainean akademiako kideek zuten ikuspegia azaltzeko ere, esaterako Baroja, Unamuno eta beste batzuei buruzkoak. Lehenago aipatutako izenak akademiko kide iraunkorrenak eta une horretarako prestatutako hizlariak ziren, beti Jaka Legorburuk osatzen zuen programaren arabera.

Urrian hil berri zen Barojari buruzko 1956ko lehen bileraren ondotik, beste saio bat egin zuten Azitaineko bentan, eta han Arturo Campion idazle eta publizista nafarra omendu zuten. 1958an Zumarragako Beloki sozietatean, Jaka eta Busca Isusiren herrian, Gregorio Marañon medikuari omenaldia egin zioten, garai hartan harreman estua baitzuen Gipuzkoako sendagile batzuekin, esaterako Iñaki Barriola edoJose Luis Munoarekin. Marañoni buruzko bilera horrek intelektualak biltzea erraztuko zuen erakunde motaren bat sortzeko ideia finkatzeko balio izan zuen. Bertaratutakoek bileren garrantziaz jabetu ziren. Baliteke Barojaren oihartzunen eraginagatik, intelektual geldiezinen taldea, hasieran marañondarrak deitu baziren ere, "errante" hitzaz pentsatzen hastea, Pio Barojari asko gustatzen zitzaiolako; hark gizon noragabe eta umiltzat zuen bere burua. Baina benetan esanguratsua da euskal nobelagilea aldarrikatzea, hain justu ere erregimen politikoak eta giro erlijioso ofizialak Barojaren obra eta pertsona kondenatu zutenean. Akademiko kideetako batek, Luis Peña Basurtok, gobernuaren isuna jaso zuen Donostiako Kale Nagusiko bere liburu dendako erakusleihoan idazlearen zenbait liburu izaten tematu zelako, hori ez egiteko zenbait eskakizun jaso zituen arren.

1959ko urriaren 11n Azkoitian bildu ziren, XVIII. mendeko Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko pentsalari libreen sentimendu eta memoria intelektuala gogoratzeko. Saio hartan, besteak beste, Alvaro del Valle Lersundi, Trino Uria, J. Ignacio Uria, José Maria Busca Isusi, Luis Mitxelena, Angel Cruz Jaka, Iñaki Zumalde eta Luis Peña Basurto bera bertaratu eta mintzatu ziren. Mintzaldiak liburu batean jaso zituzten, Auñamendik saioak biltzeko hasitako bildumaren lehen alean. Lope de Aguirreren figura aztertzea (1961), aipatutako 98ko Belaunaldiari buruzko saioa, Jose Miguel de Barandiaran (1962) omentzeko saioa (Jorge Oteiza, Luis Martin-Santos eta Julio Caro Barojaren mintzaldiak nabarmendu ziren), Nafarroako historiari buruzko saioa (1962), Entziklopedia frantsesari buruzkoa eta RSBAP, arreta berezia jarriz Manuel Ignacio Altunari (1962), Euskal Herriko Jatorri Espiritualak aztertu zituena (1963), bizitza paraleloei buruzkoa (1963), Euskal Herriak Europa aurrean zuen egoera eztabaidatu zena (1963), euskararen egoera aztertu zuena (1963), edo Arteari buruzkoa (gidoia programatuta izan arren, ez ziren bildu), horiek dira La Academia Errante egitasmoaren jarduera intelektualeko erreferentzia garrantzitsuenetako batzuk. Proiektuaren jarduera nagusiak 1961 eta 1963 artean gertatu ziren. Egia da saio horietako lau baino ez zirela gizartean hedatu (Bernardo Estornes editorearen bultzadaz), eta hori ere deitutako intelektual guztien kezka eta erreferentzia zen. Oteizak bilera batean proposatu zuen moduan, "azaleratzen ari ziren gai haien berri izan behar zuen herriak". Estornes editoreak hartu zuen ardura hori bere gain.