Kulturalak

La Academia Errante

La Academia Errante proiektuaren lehen argitalpen lana 1963an izan zen, hamarkada osoko kultura ulertzeko urte gakoa izan baitzen hura, Donostian gailendu ziren kultura elkarte guztien ingurumarian. Kultura unea osatzen zuten erreferentzietako batzuk aipatzearren, esan behar da urte horretan Oteizak lehen liburua argitaratu zuela (Quousque tandem.! Auñamendi ed.), Martin-Santosek 1962an Tiempo de Silencio eleberria argitaratu ondoren arrakasta ospatzen ari zela, Blas de Oterok Omegna Resistenza Nazioarteko Saria jaso zuela, eta Gabriel Celayak Libera Stampa Nazioarteko Olerki Saria (Suitza); garai berean Noray literatura aldizkaria sortu zen Donostian, eta lehen zine klubak, baita kultura jarduerarako beste makina bat zentro ere, esaterako Barandiaran Arte Galeria eta Gipuzkoa Kluba, kasu honetan probintziaren izena zuten literatura sarien sustatzailea; ildo beretik, Agora argitaletxea ere sortu zen, eta garai hartako euskal idazleen zenbait liburu argitaratu zituzten.

1963an La Academia Errante egitasmoak lau liburu plazaratu zituen: Los caballeros de Azkoitia, Lope de Aguirre, descuartizado, Sobre la generación del 98 eta Homenaje a Don José Miguel de Barandiarán. Tituluak eta liburu horietako kolaboratzaileen zerrenda, gai horietara bideratutako saioetatik sortu zirenak, osagaien historia berrikusteko kezken eta nahien berri ematen digute. Luis Peña Basurto, Ignacio Zumalde, Jose Maria Busca Isusi, Trino de Uria, Juan Ignacio de Uria, Angel Cruz Jaka, Luis Pedro Peña-Santiago, Jose Antonio Ayestaran, Gabriel Zapiain, Juan Jose Lasa Albaitero, Ramon Zulaica, Elias Amezaga, Jose Miguel de Barandiaran, Luis Martin-Santos, Jorge Oteiza, Federico de Zavala, Jose Maria Donosty, Ignacio Maria Barriola, Julio Caro Baroja edota Vicente Urcola dira liburu haien autoreak; obra horiek Auñamendik editatu zituen, alegia Estornes Lasaren argitaletxeak. Argitalpen ausart horri esker La Academia Errante, elkarbizitza eta askatasun saiakera denboran gorde zen. Aipatutako argitaletxeak rol erabakigarria izan zuen hamarkada osoan euskal historiako gaien bibliografia osatzean. Estornes Lasa anaiaz gain, Zarauzko Itxaropenako Francisco Unzurrunzaga editore eta inprimatzailea ere bileren batera bertaratu zen. Horregatik, eta saioetako mintzaldiak berez interesgarriak zirelako, Oteizak aipatutako eskaria egin zuen.

La Academia Errante Gipuzkoan garatu zen arren, beste herrialde batzuetako idazleak eta publizistak ere bildu ziren, esaterako Elias Amezaga (Bizkaia), Jose Joaquin Montoro Sagasti abokatua (Iruñea) edo Eugenio Abasolo (Gasteiz). Hala ere, Jakaren testigantzaren arabera, Gabriel Arestik eta Bilboko beste idazle batzuek bileretara joatea aurreikusi zuten, baina ez zen horrelakorik inoiz gertatu.