Kulturalak

La Academia Errante

Pertsona egonezin haiek mugitzen zituen espiritua ulertzeko ezin hobea da Peña Basurtoren hitzaurre labur bati begiratzea, Auñamendi argitaletxe donostiarrak argitaratu zuen liburu bilduma hasteko idatzi zuena ahozko saioen edukia biltzeko (Bernardo eta Mariano Estornes Lasa anaiak ziren jabeak, La Academia Errantek bultzatu zituen lau liburuen editoreak). Hala idatzi zuen Peña Basurtok: "Biltzeko beharra sentitzera bultzatu gintuzten arrazoiak azaltzeak luze joko luke. Sei baino ez ginen; batzuetan zazpi. Handinahikeria pertsonal neurrigabeko mugimenduak gure herria menderatzean sentitzen genituen kezkak modu librean adieraziz eztabaidatzen genuen; arrakasta modu azkarrean lortutako aberastasunaren arabera neurtzen zen, baita hari zerion botere ilunagatik ere. Herriak eta hiribilduak auzo txiroen itxura hartzen hasiak ziren, hiri multzo anarkikoak, eta bertako lagunek gizarte arazo larriak zituzten, materialak, kultura arlokoak eta higiene aldekoak, itxuraz konponezinak. nura komunak garrantzirik izan gabe, mendiek ez zuten landaredi estaldurarik; ibaiak aspaldi bihurtu ziren estolda zikin, kirasdun eta pozoitsuak; balio historikoa, artistikoa edo tokiko arkitekturako kutsua zuten monumentu urriak, gure iraganeko oroigarri gisa genituenak, hondatu egin zituzten edo desagertzeko bidean zeuden, lurraldearen aukera fisikoak aurretiaz aztertu gabe industria pabiloien zimenduak geroz eta altuago eraikitzeko" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

La Academia Errante egitasmoaren bilerek zuten balio zibil handia, eta jarreren talde-zentzuan islatzen da, nahiz eta batzuentzat tabernako bilerak baino ez izan. Bultzatzaileek politikaren bat sustatuz gero, komunikazioaren politika zen hura, nahiz eta garaiko gobernadore zibilak iritzi bera ez izan. Komunikazioak existitzen zirela egiaztatzen zuen. Aipatutako Peña Basurtok testu berean adierazi zuen: "Gerra zibil ikaragarriaren ondorioz, eta gizarte-sedimentazio kaotikoaren fruitu gisa, inguruan genuen giro axolagabera eta etsigarrira baztertuak geundela uste genuen; baina eraikitzeko asmoaren bultzadekin, apatia orokorraren gainetik gailentzea lortu genuen, eta kritika inkoherentea eta ezereza elkarrizketa atsegin eta ordenatuagatik ordezkatu genuen. Gerrak indibidualista bortitz bihurtu gintuen, baina gu sozialak bilakatu ginen. Diziplina gabeak, arrazoiaren ordenari orpoz orpo jarraitu genion. Gure zaletasunak anarkikoak izan arren, metodoa onartu genuen. Gure ideia eta sinesmenetan heterogeneoak izan arren, koloreak alde batera utzi genituen gure laguntasunaz gozatzeko, eta Errenazimendu berri baten arrago sutsuan geundela sinetsiz gozatzen genuen." (Itzulpen moldatua gazteleratik).