Monarkia eta noblezia

Antso I.a Gartzes

Iruñeko errege izan zen 905. eta 926. urteen artean.

Fortun I.a Gartzesen ondorengo izan zen tronuan. Fortun I.a Gartzes izan zen Iruñeko erresuma sortu zuen dinastiako azken erregea, Arista dinastiako alegia. Aldi berean, Ximena dinastia hasi zuen. Haren aitarengandik, Gartzia Ximenez buruzagi baskoiarengandik, zetorren izen hori. Gartzia Ximenez erregeorde izan zen Iruñeko erresuman Fortun Gartzes Kordobako emirerrian gatibu egon zen bitartean.

Alfontso III.aren eta Pallarseko kondearen laguntzarekin heldu zen tronura Antso Gartzes. Errege asturiarrak eta kondeak Iruña okupatu zuten, eta erregetza uztera behartu zuten Fortun Gartzes.

Antso Gartzes I.a errege izendatu zuten, eta Fortun monje joan zen Leireko monasteriora. Haren postua legezkotzat jo zedin, Antso Gartzes Toda Aznarrekin ezkondu zen, aurreko erregearen bilobarekin. Toda andrea Onekaren eta haren bigarren senarra Aznar Antso Larraungoaren alaba zen. Aznar Antso Fortun Gartzesen iloba zen.

Ezagunak ziren Antso I.a Gartzesen dohain militarrak. Tronura iritsi aurretik hasi zen musulmanen kontra borrokan, eta, behin tronuan zegoela, erresumako mugak hedatu zituen. Lurralde batzuk berreskuratu eta beste batzuk bereganatu zituen: Baskoniak (Gaskoinia) erregetzat onartu zuen, eta bertako dukeak erresumako kide izatera pasatu ziren; Deioko lurretako herriak menderatu zituen, eta nafar Erriberako eta Errioxako lurrak berreskuratu; Aragoi konderria ere bereganatu zuen.

Horren agintaldian, Iruñeko erregetza sendotu eta zabaldu egin zen. Alfontso III.a eta Ordoño II.a erregeekin adostutako aliantzei esker hedatu ahal izan zuen erresuma. Iruñeko erresuma hori indartuz gero, asturleondarrek ekialdetik musulmanen erasoei eutsiko zien lurralde bat sortzea lortzen zuten, eta hori lagungarri izango zen haien erresuma defendatzeko.

Oso gutxi ezagutzen den pasartea da "Baskonia Nagusirako Jardunaldia"; Ausiko eta Leskarreko elizetako kartularioetan jasota dago. Batzuetan, Antso Abarkaren espedizioarekin nahastu izan da. Dirudienez, 906ko jardunaldia lur horietara eginiko espedizioa izan zen hainbat zailtasun arindu eta oredena berria ezartzeko. 864an hil zen Arnaldo dukea; haren izena bizirik mantendu zen gerora "ordainsari arnaldotarrak" direlakoetan. Arnaldo izan zen Baskoniako azken duke mugigarria, eta, hura hil ostean, ondorengotza-auzia sortu zen.

Azkenik, Antso Konkorduna izan zen haren ondorengoa; egile batzuen arabera, Moreten ustez, adibidez, Antso Gartzes I.a Iruñeko erregearen semea zen.

Kristauen eta musulmanen arteko muga Errioxako Ebroren ibai-ertzetatik Huescara arte zabaltzen zen. Balio handiko bi buruzagi musulmanen menpe zegoen inguru hori. Bata, Banu Qasi familiako buruzagia zen, Lupo ibn Muhammad, eta Tuteran zuen egoitza. Banu Qasitarrak muladi familia bat ziren; arbaso bisigodoak zituzten, eta islamera bihurtu ziren musulmanen agintaldian zehar. Ebroko muga baskoian finkatuta zeuden, Nafarroako Erriberaren eta Errioxako lurren artean. Era berean, Iruñeko erregeen aurreko dinastiarekin ahaidetuta zeuden, Iñigo edo Arista dinastiarekin. Beste buruzagi musulmana, Muhammad ibn al-Malik Huescan finkatuta zegoen eta al-Tawil izenarekin ezagutzen zuten, Bi mugak arriskutsuak ziren, eta eraso militarrak egon zitezkeen.

Beste alde batetik, Lupo buruzagia al-Tawilen alaba batekin ezkonduta zegoen, al-Sayyidarekin; beraz, aliantza bat zegoen bi familien artean.

907an, Antso Gartzesek tronuan bi urte soilik zeramatzala, Lupo ibn Muhammad defentsa-puntuak eta gotorlekuak eraikitzen hasi zen zenbait tokitan, eta, Ibn Idarik eta al-Udrik helarazitako informazioaren arabera, Iruñetik gertu ere kanpatu zuen. Gaztelu bat eraiki zuen toki horretan, iturrietan "Horiz" edo "Harain" izenez aipatzen dena. Banu Qasi familiako buruzagia irailaren 30ean hil zen, errege iruindarraren segada batean; iruindarraren armadak alde handiz garaitu zuen armada musulmana. Al-Udriren kontakizunari jarraiki, borrokalditik bizirik irtendako musulmanak Hawda mendian babesa topatu zuten, eta Antso Gartzesek han setiatu zituen zenbait egunez. Al-Udriren esanetan, Antsok amana agindu zien, eta aske utziko zituela esan, baina babeslekutik irten zirenean, haietako batzuk hil egin zituen erregeak, eta beste batzuk gatibu hartu.

Lupo ibn Muhammad hil ostean, haren anaia Abd Allah izan zen ondorengo. Banu Qasi buruzagi berria Tuteran jarri zen bizitzen, eta, baskoiei zegokienez, haren aitak jarraitutako politika bera jarraitu zuen. 908an menderatzen zuen lurraldeak barne hartzen zituen Errioxaren eta Nafarroako Erriberaren zati handi bat, eta Tarazona eta Borja eskualdeak.

Deioko haitzaren (gaur egun, Monjardin) gailurrean gaztelu-gotorlekua zegoen haitz bizitan eraikita. Eraikin baskoia zen, musulmanen kontrako lehenengo gerretan galdu zena. Zenbait gertakari politiko eta militarren ondoren, Muza familiaren esku gelditu zen gotorlekua, eta Ismaelek, Tuterako errege eta Muzaren biloba zenak, Abd Allahri entregatu zion haren askatasunaren truke.

Gaztelua hesi bat zen; Ega ibaiaren arrotik Ebrora arteko lautadarako sarrera ixten zuen. Ia ezinezkoa zen hara iristea iparraldeko harkaitzezko aldapetatik, baina mendebaldetik, berriz, igo zitekeen. Alde horretatik, gailur zabal eta luzera iristen den aldapa mantsoagoa da, eta, puntu horretan, musulmanek banandu egin zituzten lautadako gotorlekuko hormak aldenik alde egindako zulo sakon batekin. Gotorlekuaren barruan soldadu-taldea zegoen, baita putzu bat ere, erromatarrek eraikitakoa ziurrenik, ura ematen zuena etengabe.

Antso I.a Gartzesen armadak toki hura berreskuratu nahi zuen. Moreten hitzetan, erregea Iratxe monasteriora joan zen aurretik, Montejurra mendiaren oinetara, gotorlekua hartzearen alde otoitz egiteko Ama Birjinari. Mendebaldetik hurbildu ziren gaztelura Antso Gartzesen gizonak, eta hobira jauzi egin zuten.

Tiratzaileek geziekin eraso zituzten kanpora irtetera ausartzen ziren defendatzaileak. Iruñeko armadak gotorlekuko bazter batean inguratu zituen defendatzaileak, eta azkenean, amore eman eta gotorlekua entregatu zuten.

Garaipenaren ostean, Antsok agindua bete eta Iratxeko monasterioari eta bertako monje beneditarrei eman zizkien behin betiko Deioko gaztelua eta San Esteban haraneko herriak. Garaipen horrez geroztik, Antsok "Deioko errege" titulua gehitu zion "Iruñeko errege" tituluari.

910. eta 912. urteen artean, beste errege batzuk izan ziren ondorengo. 910ean, Antso Gartzes Ebrorantz aurrera egiten ari zela, Alfontso III.a Leongoa hil zen. Hura hil ostean, haren hiru semeen artean banatu zuten erresuma; Leon Gartziaren esku gelditu zen, Asturias Fruelaren esku, eta Galizia Ordoñoren esku.

Beste alde batetik, 912an Abd Allah emirra, Oneka andrearen lehenengo senarra, hil zen al-Andalusen. Haren biloba Abd al-Rahman III.a izan zen ondorengo; boterea hartu eta gobernu-gaiez arduratu zen.

Garai hartan, Errioxa menderatu nahi zuten gaztelauek, leondarrek, eta, batez ere, Antso Gartzes erregeak, haren lurrak hedatzeko aukera ematen baitzion.

Deioko gotorlekua konkistatu ondoren, musulmanen agindupean zeuden lur lauak berreskuratzeko prestatzen hasi ziren.

910ean, mendi-indarrak Logroñorantz jaitsi ziren, eta etsaiak garaitu zituzten Los Arcos, Santsol, Torres eta Vianako eskualdean. Mendebaldarrena zen gotorlekua hartu zuten bizkor, Armentakoa (Kantabriako mendixkan zegoela uste da). Musulmanek menderatutako lurraldeak birkonkistatzeko ekintzetan garaitzen hasi ziren, baina Ebro muga garaiezina zela zirudien. Antso Gartzesen armadak ibaian behera egin zuen, eta, bata bestearen atzetik, ibai-ertzeko herri guztiak berreskuratu zituen. Haren kontrolpean gelditu ziren hiri garrantzitsu ugari, hala nola Mendabia, Lodosa, Carcar, San Adrian, Azagra eta Milagro. Arga eta Aragoi ibaiak Ebrorekin elkartzen diren tokira heltzean, baskoiak gelditu egin ziren. Denbora batez, lur horietako bizitza berrantolatzeari ekin zioten, eta gotorlekuak eraiki zituzten. Herri horietan bizi ziren musulman gehienak kanporatuak izan ziren. Haien meskitak suntsitu zituzten, eta antzinako elizak zaharberritu. Egun horiez geroztik, baskoien eta musulmanen arteko muga izan zen Ebro ibaia, eta, garai hartan, baskoien xede nagusi ziren Errioxako lur aberats eta emankorrak, eta Tutera hiria, Banu Qasitarren jaurerriko burua.

Huescako al-Tawill buruzagi musulmanak haren erresuma txikiko jende armatua mugiarazi zuen, eta Sause-Irunberri bidetik sartu zen Iruñerantz. Ibn Idhari kronikariaren hitzetan, 911ko maiatzaren 11n, ramadan hilabetean zehar, al-Tawill Hiçn el-Berberren gaztelura heldu zen; inguruei su eman eta eskualdeko elizak suntsitu zituen. Haren asmoa zen tuterako aliatu Ibn Luporekin bat egitea elkarrekin Antso Gartzesen kontra borroka egiteko. Alabaina, gerora, ez zuen aliatuarengana joan eta Iruñea eraso nahi izan, eta Charat Kachtila edo Xara Kashtila gaztelura erretiratu zen. Ziurrenik, Isuerre eta Urriesen artean, Sausetik gertu, egongo zen gaztelua; mairuen eta baskoien arteko muga izan zen toki hura. Antso Gartzesek kontra-erasoa egin zuen, eta toki horretara hurbildu. Al-Tawillek entzun zuen Antso hurbiltzen ari zela, eta alde egin zuen gertueneko gizonekin batera.

Ibn Idhari kronikariaren arabera, hark alde egindakoan gazteluko soldadu-taldea urduri jarri eta garaitua izan zen. Abd Allah ben Lupok, al-Tawill Antsorekin topo egiteko beldur izan zela jakinda, Hiçn Lawaza (Luesia) gaztelua, Antsoren mendekoa, erasotzera joan zen. Defendatzaileetako batzuk bertan hil zituen. Itzuleran, Antsok bidalitako zaldun-talde batekin topo egin zuen. Haiekin sortutako borrokan, musulmanak hil egin zituen haietako batzuk, eta beste batzuk gatibu hartu.

912an Abd Allah Kordobako emirra hil ostean, muga ondoko lurraldeetan aurrera egiteko une egokia gertatu zen. Abd al-Rahman III.ak boterea hartzen zuen bitartean, Antso erregeak armadarekin Ebro ibaia gurutzatu zuen Arabako aldetik. Naiara hiria hartu zuen, aurrera egin zuen Ebroren albotik, eta, konkistatutako lurraldeak finkatu ondoren, Duero ibaiaren isurialdera abiatu zen; Leongo Ordoño II.a ere inguru horretan. Bi erregeek, zenbait guraso-aliantzaren bidez lotuta zeudenek, elkar babestu zuten eraso-operazioetan eta distrakzio-maniobretan.

Antso erregeak musulmanen agintetik askatu zuen, zergen bidez, Donemiliagako monasterioa, izen bereko mendilerroan zegoena. Haren armadak Logroño, Alcanadre, Ausejo, Calahorra eta Alfaro konkistatu zituen, baita Tuteratik gertu zeuden hiri garrantzitsu guztiak ere. Moncayo mendiaren hegala inguratu zuten eta Tarazona hartu; Teraren eta Dueroren elkargunera arte igo ziren, eta Urbion mendilerroko Dueroren iturrietara iritsi ziren denbora laburrean. Garrayra (Numantzia zaharra) arte, Soriatik gertu dagoen udalerrira arte, heltzen zen haien boterea. Errioxaren iparraldeko euskal lurrak asturleondarren mende zeuden, eta ezinezkoa zen horiek berreskuratzea bi erresumen arteko harreman onak hondatu gabe. Asturleondarren mende zeuden Tiron eta Oka ibaien arroetako haranetatik hasi eta Bayas eta Zadorra ibai arabarren haranetara arteko lurrak.

Iruindarren aurrerapenak eragin handia izan zuen Kordoban. Beste alde batetik, Leongo Gartzia Leongoa erregea, 910ean tronua hartu zuen eta Banu Qasitarren Errioxan sartu zen 914ko martxoan. Arnedoko gaztelua setiatu zuen, eta, ibn Idhari kronikariaren arabera, bertan hil zen.

Une hartan, Banu Qasitarren familia bananduta zegoen barne-norgehiagokak zirela eta. Urte bereko udan, horien buruzagi Abd Allah ibn Lupok, Tuterakoak, Calahorrako gotorlekua hartu zuen, iruindarrek konkistatu berri zutena. Haren anaia Yunusek Valtierra eta Caparroso gotortu zituen Antso Gartzesen indarretik babesteko, eta Yusufek, beste anaia batek, Faltzes, Alfaro eta Arnedo suntsitu zituen, Abd Allahren mende zeudenak.

Hurrengo urtean, Antso I.a Gartzes Tuterako lurretara heldu zen haren tropekin. Lacarraren iritziz, haren tropak Bardeetan lekukotu ziren.

Iruindarrek segada bat egin zieten Banu Qasitarrei, eta, uztailean, Abd Allah ibn Lupo bera gatibu hartu zuten. Arrisku-egoera horretan, Mutarrifek hartu zuen boterea Tuteran, Abd Allah anaietako batek. Mutarrif Valtierrako gaztelura zuzendu zen Abd Allahren semea, Muhammad, ikustera, eta, gerora, Abd Allah askatu zuen. Emate-agiri bati esker lortu zuen hura askatua izatea, Faltzes eta Caparrosoren truke, eta haren alaba Urraka -gerora Fruela II.a Leongoarekin ezkonduko zena- eta haren seme Fortun -kristautasunera bihurtuko zen semea- bahituta uztearen truke.

Bi hilabete geroago, Abd Allah ibn Lupo Tuteran hil zen, eta haren semea Muhammad izan zen ondorengo. Muhammad jeloskor zegoen haren osaba Mutarrifek eskuratutako boterearekin, eta 916ko martxoaren 31n hil egin zuen traizioz.

Abd al-Rahman III.a emirrak, eta, ondoren, Kordobako lehenengo kalifak, ikusi zuten haien etsai eta senide Antso Gartzesen ekintza hedagarria, baita leondarren igoera ere, Ordoño II.aren gidaritzapean, Duerotik gora, Gormaz eskualdera arte. Bi errege kristauak, haien artean ere senide eta aliatu zirenak, beldur ziren emir musulmanak izan zezakeen erreakzioaz, 916az geroztik erasora pasatu baitzen hura. Urte horretan bertan, Leonera zuzendu eta lur guztiak suntsitu zituen, eta, 917an, San Esteban Gormazekora arte eraman zuen haren armada, han leondarrek garaitu bazituzten ere. Mugimendu horiek zirela medio, erresuma iruindarraren eta leondarraren mugak Gormaz inguruan elkartzen ziren ia. Lerro horretako gotorlekuetako eta hiri sendoetako soldadu-taldeak alertan eta etengabeko zaintzan zeuden.

Lehenago, Banu Qasitarren estatu erdi-autonomo txikiak arindu egiten zituen, nolabait, Iruñeko erresumaren eta Kordobako emirerriaren arteko liskarrak, Banu Qasitarrak Iruñeko erresumaren aliatu edo etsai baitziren egoeren arabera. Baina, familia hori garaitua izan zen, eta Kordobako erabakien mende zegoen. Beraz, lautadako muga gainditzeko erraztasun gehiago zituen inbaditzaileak.

Egoera hori kontuan hartuta, Ordoñok eta Antsok aliantzak sendotu zituzten, eta Abd al-Rahmanek armada sendo bat antolatu eta prestatu zuen. San Esteban Gormazekoan izandako garaipenak adoretuta, errege kristauek beste eraso bat prestatu zuten 918ko udaberrirako, eta emirerriaren lurretan sartu ziren; batzuk, Talavera aldera, Tajo ibaiaren goialdetik, eta beste batzuk, berriz, Naiara eta Tutera ingurura. Haien uztak suntsitu zituzten, eta, Banu Qasitarren lurretan, Valtierrako gazteluaren aldiriko meskita erre. Naiara eta Tutera arpilatu zituzten, eta Calahorra, Arnedo, Carcar eta Viguera hartu. Hiri horiek, behin gotortuta zeudenean, defentsa garrantzitsua ziren Ega ibaiko eskualdeko lurretarako.

Abd al-Rahman III.ak azkeneko prestaketak egin zituen Badr ben Ahamad hachibarekin hura bi erregeentzako zigor-espedizio batean joan zedin. Mitoniako porrot kristauarekin hasi zen espedizio hura; ziurrenik, Duero ibaiaren hegoaldean egongo zen lurralde hori. Antso Gartzes eta haren aliatu eta senide zen Fortun ibn Muhammak Abd al-Malik egon ziren bataila horretan.

Hasierako borroken eta neguko etenaren ostean, hurrengo udan jarraitu zuten ekintzekin. Garai hartan, Ishaq ben Muhammad al-Qurashi omeiatar jeneralak zuzendu zuen espedizioa. Jenerala Leongo mugara arte hurbildu zen; Ordoñoren soldaduak garaitu zituen, eta presaka ihes egin zuten horiek.

Abd al-Rahman III.arentzat ez zen nahikoa zigor Leongo alderdi horretan ezarritakoa, eta Iruñeko erresuma eraso nahi izan zuen kolpe erabakigarri batean. Erresuma hori, harentzat eskuraezin ziren lur baskoien eta Akitaniakoen babesa zeukana, handiagotzen ari zen lur-konkistaren bidez. Abd al-Rahmanen xedea zen Antso erregearen asmo guztiak geldiaraztea, eta, horretarako, "Muezko espedizio" ezaguna zuzendu zuen berak.

Ordoño II.aren eta errege iruindarraren tropek parte hartu zuten guduan, Gaztelako lau kondeen gizonekin batera. Gaztelauek defendatu zituzten Duero ibaiaren eskuineko ertzeko hiri garrantzitsuak, eta, bereziki, San Esteban Gormazekoa, Osma eta Clunia. Iruindarren aurreko taldeak Soriako mendietan zeuden, Duero ibaitik gertu. Ibai hori kristauen eta musulmanen arteko muga zen; erresuma kristauak ibai horren eskuineko aldean zeuden, eta, ezkerreko aldea, berriz, Kordobako emirerriaren mende zegoen.

Arib ibn Saad kronikari musulmanaren arabera, Abd al-Rahman III.ak Gormazeko San Estebaneko, Osmako eta Cluniako gazteluak hartu zituen lehenik, eta uztailaren 25ean Tuterara eraman zuen armada, Antso erregearen mehatxupean baitzegoen hiri hori. Behin Tuteran zegoela, Mohammed ben Lupo hiriko gobernadoreak harengana jo zuen, eta emirrak Carcar erasotzeko agindua eman zion, Iruñeko erregeak herri hori hartu baitzuen lehentxeago. Carcarreko gaztelua defendatzen zuten gizonek ihes egin zuten hura iristean, eta musulmanen esku geratu zen. Abd al-Rahman Calahorrako beste gaztelu batera zuzendu zen, hura ere Antsok birpopulatu eta gotortu baitzuen. Hura zen erregearen ohiko bizilekua, baina gaztelua hutsik aurkitu zuen, Antso bezperan irten baitzen bertatik hurbileko jendearekin. Emirrak Ebro gurutzatu eta baskoien kontra borroka egin zuen. Armada musulmanak alde handiz garaitu zituen, baina horietako batzuk lortu zuten bizirautea, eta inguruko gaztelu batean babesa topatu zuten, Muyas izenekoan (Muez: Valdejunkera).Musulmanek gotorleku horretan setiatu zituzten amore eman zuten arte. Emirraren kanpamendura eraman zituzten gatibuak, eta burua moztu zieten Abd al-Rahmanen aurrean.

Toki horretan lau egun eman ostean, emirra beste gaztelu batera abiatu zen, Antsok berak Viguerako jendearengandik babesteko gotortutako gaztelura alegia. Hutsik zegoen, eta hura suntsitzeko agindua eman zuen. Era berean, inguruko biztanleei agindu zien mila anerdi gari eraman zitzatela Viguerara. Ez zen handik mugitu bere agindua bete zuten arte, eta ikusi arte kristauen kontura behar hainbat hornidura zegoela gazteluko soldadu-taldearentzat. Gauza bera egin zuen bidean aurkitu zituen gaztelu guztiekin. Kristauek erabil zitzaketen dorre edo gotorleku guztiak eraisteko agindua eman zuen, tropelek ale eta gariak metatu zituzten horniketarako, eta su eman zieten uztei eta soroei. Gertakizun horretan, gatibu eraman zituzten Kordobara Salamancako apezpikua, Dulcidio, eta Tuyko apezpikua, Hermogio.

Leonekin aliatzeko politikaz gain, Antso Gartzesek lotura familiarrak eta politikoak zituen Aragoiko kristauekin eta musulmanekin. Iruñeko erregea Pallarsko Dadilde edo Dadildis erreginaren semea zen eta berau aldiz Pallars eta Ribagorzako Raimundo I.a kondearen arreba. Beste alde batetik, Huesca menderatzen zuen Fortun ibn Muhammaden musulmanaren laguna zen, bai eta Amrus al-Tawilen laguna ere.

Garai hartan, Aragoi ibaiaren goialdeak ureztatutako mendi-ingurune zen Aragoi, eta bertako gobernariak esfera karolingiarraren menpe zeuden. Ez dakigu Antso Gartzesek modu baketsuan hartu ote zuen konderri hori edo ez, edo Galindo Aznarez II.ak (893-922?) Antso Gartzesen subiranotasuna onartu ote zuen haren lurraldean. 922. urtean, Antsok eta Galindo kondeak, Aragoiko boterearen egitura berriaren erakusgarri, ospakizun bat egin zuten Iruñeko eta Aragoiko apezpikuekin batera San Pedro Siresakoa monasterioari Echo ibarreko eskubideak emateko.

Gerora, Andregoto Galindez, Aragoiko Galindo Aznarez II.a kondearen alaba, Antso Gartzes I.aren seme Gartzia Antsorekin ezkondu zen, etorkizunean Iruñeko errege izango zenarekin. Bi horien semea, Antso Gartzes II.a, Nafarroako errege eta Aragoiko konde izango zen (970).

Ordoño II.a erregeak musulmanen kontra borroka egin zuen haren lehengusu propio Gartziarekin, Antso erregearen semearekin, Gesalatz ibarrean, Andia mendilerroaren oinetan. Gartzia Naiarako errege izendatu zuten hura birkonkistatu zutenetik, baina hiri hori musulmanen esku erori zen berriz. Bi erregeek baterako ekintza azkar bat prestatu zuten Errioxako lurretan sartzeko. Gartziak Ebro gurutzatu zuen berriz, eta Errioxa berreskuratu zuen Naiara eta Viguera izan ezik. Beraz, 918. eta 923. urteen artean, nafarren esku egon zen Najerilla eta Iregua ibaien haranen arteko Errioxako inguru hori. Gerora, Gartzia bi hiri horietara itzuli zen, armada leondarrak lagunduta; Gartziak Viguera setiatu zuen, eta Ordoñok Naiara. Azkenean, bi hiri sendo horiek amore eman zuten; 923ko urriaren amaiera aldera erori zen Naiara, eta Viguera, berriz, denbora gutxi geroago. Garaipenaren ostean, Ordoñok Santa Colombako monasterioa zaharberritu zuen 923ko urriaren 21ean, eta Antso erregeak Albeldako monasterioa, 924ko urtarrilean.

924ko apirilean, Abd al-Rahman III.a Kordobatik irten zen armada handi batez lagunduta, aurreko hilabeteetan pairatutako porrotengatik mendeku hartzeko asmoz. Arib ibn Saaden hitzetan, Viguerako, Beni Lobeko eta Beni Di-n-noneko gatibuen heriotzengatik mendeku hartzeko. Emirra muga baskoitik sartu zen aurrekoetan baino indartsuagoa zen armada batekin. Egoera emirraren aldeko bihurtu zen, Ordoño erregea hil egin baitzen; haren ondorengoak, Fruela II.ak, ez zuen gatazka militarrik hasi haren agintaldi osoan.

Antso Gartzesen eta errege asturleondarraren aliantza estutu egin zen 923. urtearen inguruan, Antsa infanta, erregearen alaba, Ordoñorekin ezkondu baitzen. Handik gutxira, leondarra hil egin zen, eta, heriotza horrekin, ahuldu egin zen aliantza eusko-leondar emankorra. Antsa Alvaro Harramelizekin ezkondu zen gero, eta bigarren aldiz alargun geratu ostean, Fernan Gonzalezekin ezkondu zen.

Hiru ezkontza horietan, Antsa andreak Arabako lurra eman zuen ezkonsari gisa. Fruela II.a, Ordoño II.aren ondorengoa, hil zenean, boterea lortzeko borrokak hasi ziren. Borroka horiek zirela eta, Leon ez zen aliatu egokia kalifari aurre egiteko, eta Antso erregeak haren suhi Alfontso IV.a, Oneka infantarekin ezkondutakoa, babestu zuen haren anaia Antsoren ordez.

Arib ibn Saaden arabera, jarraian azalduko dugun eran gertatu zen Abd al-Rahman III.ak Iruñera egindako kanpaina. Emirra Tuteran sartu zen. Bertan, eskualde hartako familia ahaltsu batekin elkartu zen, Togibitarrekin (Tutxibiak), baita mugako beste buruzagi batzuekin ere, bakoitza bere tribuaren buru zela. Ondoren, Carcarren sartu zen Abd al-Rahman, Antso bertan egongo zela uste baitzuen. Alabaina, errege iruindarrak izan zuen haren etorreraren berri, eta gotorlekutik irtenda zegoen ordurako. Handik Azkoiengo gaztelu-gotorlekura pasatu zen, baina hura ere hutsik zegoen. Gerrarako tresnak eta bizigaiak utzi zituen gaztelu hartako soldadu-taldeak ihes egitean. Hurbileko herrietako biztanleek Zalaza izeneko herri batera ihes egin zuten, eta herri hura erre egin zuten, inguruko gazteluak eta gotorlekuak bezala. Bertan bi egunez egon ostean, Faltzeseko gaztelura zuzendu zen emirra. Inguruak erre zituen, eta uztak moztu. Faltzesetik Tafallara eraman zituen bere gizonak, inguru hartako gaztelu sendoenetako bat zegoelako bertan; han, musulmanek hornidura ugari bereganatu zituzten. Handik, Zarrakaztelura zuzendu zen, eta emirrak are gehiago sartu nahi izan zuen kristauen ustez seguruak ziren herriak eta tokiak erasotzeko. Marcueratik irten zen barneko haranetarako bidean; Antso erregea, artean, erasotzeko une egoki baten zain zegoen.

Musulmanak arroila mehe batetik sartu ziren Egaren ibarrerantz, eta orduan kristauak mendietatik jaitsi eta borroka sortu zen bi armaden artean. Musulmanak etsaiaren aurka itzuli ziren mendi garai batean ezkutatzera behartu arte. Mendian gora igo ziren musulmanak kristauak harrapatu arte, eta aurrera jarraitu zuten lautadara arte; bertan, abereak eta hornidurak eskuratu zituzten. Gertakari horretan hil zen Yacob ben Abi Halad ben al-Toberi, baita sultanaren guardiako soldadu batzuk ere; iruindarren aldean bizi ugari galdu ziren. Emirra Irunberri aldera abiatu zen, eta handik Leguinera; bideko tokiak arpilatzen eta hartzen zituzten, eta gazteluak suntsitzen. Iruñera sartu zen, baina hiria hutsik zegoen. Bertan, Abd al-Rahmanek hiriko etxeak, eraikinak eta elizak suntsitzeko agindua eman zuen. Ondoren, Sagra Cais edo Peña de Cays (Etxauri mendia) aldera zuzendu zen, Antsok eliza bat eraiki baitzuen inguru hartan. Musulmanak hura suntsitzera zihoazela, Antso agertu zen hura defendatzeko asmoz. Musulmanek haren gizonak eraso eta garaitu zituzten berriz ere. Eliza suntsitu eta herriari su eman zioten.

Abd al-Rahmanek Mahallara edo Aseria militar-gunera eraman zuen armada; bidean, iruindarrek eraso zituzten berriz ere, Hercala (Heraclea Herculea) izeneko portu edo haitzartean, pasagune estua eta zaila baitzen. Berriz uxatu zituzten kristauak. Emirrak Mañeruko landetxean ezarri zuen kanpamendua, eta handik Mahalla Badi-x-xarrakora, San Estebanetik (San Esteban Gormazekoa edo Deiokoa?) gertu zegoenera, han finkatu baitzen Antso. Di-x-xarrara heldu ziren emirraren gizonak, eta, puntu horretan, kristauak zain zeuden berriro mendi-gailurretan. Bere indar guztiak bildu zituen Antsok, eta, gainera, laguntza eskatu zien Arabako eta Al-Calaako bizilagunei. Topaketa horretan ere musulmanek garaitu zuten. Kristauak uxatu eta errege iruindarraren egonlekuan kanpatu zuten. Abd al-Rahmanek Calahorrarantz abiatu nahi izan zuen, baina Antso toki berera itzuli zen. Emirrak zalditeria-gorputz bat bidali zuen haren aurka, eta erregeari ihes eginarazi zion. Etsai ugari hil zituzten musulmanek berriro ere.

Borroka horien ostean, emirrak Calahorrara eraman zituen haren tropak. Hiria hutsik zegoen, eta hura suntsitzeko agindua eman zuen. Handik, muga-inguru horretako gaztelu musulmanetako batera zuzendu ziren, hain zuzen ere, Valtierrako gaztelura, eta emirrak agindu zuen toki hartan utz zitzatela bidean bildutako ganaduak eta bizigaiak. Tuterarantz abiatu zen, eta zenbait denboraz geratu bertan. Azkenik, Kordobara itzuli zen lau hilabetez kanpoan egon ostean.

Erregea zahartuta zegoen ordurako. Gobernu-urteek eta borroka militarrek ere kalte egin zioten haren osasunari. Lortu zuen musulmanak Errioxa osotik kanporatzea, eta, etsaiak espedizioak egin bazituen ere, haren mugak musulmanen lurretara zabaltzen ari ziren. Erregea atseden hartzera erretiratu zen, bizitzako azken egunak Iruñean pasa nahi baitzituen. Sukarrak jota eta etsita, sendabidearen bila abiatu zen peregrinazioan santutegiz santutegi. Azkenik, Usunen lortu zuen osasuntsu jartzea. Esker onez, 924ko urriaren 28an, Toda Aznarez erreginarekin batera Oyako (Deio eta Iruñea) apezpikuari eman zizkion San Pedroko monasterioa eta Usun herria, Onzella ibaiaren ondoko Uleko lurrak eta Arbontzen zituen mahastiak.

926an, heriotza eragingo zion zauri bat jaso zuen Antso Gartzesek.

Marmolezko hilarri baten pean ehortzi zuten haren gorpua San Esteban Deiokoa gazteluko elizan, erregeak berak aukeratutako tokian. Erresumako noble guztiak urte luzez joan ziren toki horretara haren hileta-elizkizunak eta heriotzaren urteurrenak ospatzera, haren ondorengo Gartzia Antso I.aren erregealdi osoan zehar behintzat. Azpimarratzekoa da Errioxako segizio bat egoten zela ekitaldi horietan. 950. urtean, bertan izan ziren honako hauek: Tudemiro, Naiarako apezpikua; Dulquito, Albeldako abadea; Diego, Sojoko abadea; Ulmiro, Santa Colomako abadea; Estefano, Berzeoko San Millaneko abadea; eta Belasco, Cirueñako abadea.

  • ANES, Gonzalo (koord.). Europa y el Islam. Madril: Real Academia de la Historia, 2003.
  • CAÑADA JUSTE, Alberto. La Campaña Musulmana de Pamplona. Año 924, Pamplona: Gobierno de Navarra, 1976.
  • CAÑADA JUSTE, Alberto. "Los Banu Qasi (714-924)". Príncipe de Viana, 41 urtea, 158-159 zbk. (1980), 5-95 or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 18].
  • CAÑADA JUSTE, Alberto. "Revisión de la Campaña de Muez. Año 920". Príncipe de Viana, 46 urtea, 174. zbk. (1985), 117-144 or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 18].
  • LACARRA DE MIGUEL, José María. "Expediciones musulmanas contra Sancho Garcés (905-925)". Príncipe de Viana, I. urtea, 1. zbk. (1940), 41-70 or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 18].
  • LACARRA DE MIGUEL, José María. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña: 1972.
  • MARTÍN DUQUE, Ángel J. "Vasconia en la Alta Edad Media. Somera aproximación histórica". Revista Internacional de los Estudios Vascos, 44. alea, 399-439 or. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999.
  • MARTÍNEZ DÍEZ, Gonzalo. El Condado de Castilla (711-1038): La Historia frente a la leyenda. Madril: Marcial Pons, 2005.
  • MARTÍNEZ DÍEZ, Gonzalo. Sancho III el Mayor Rey de Pamplona, Rex Ibericus. Madril: Marcial Pons, 2007.