Monarkia eta noblezia

Antso I.a Gartzes

Huescako al-Tawill buruzagi musulmanak haren erresuma txikiko jende armatua mugiarazi zuen, eta Sause-Irunberri bidetik sartu zen Iruñerantz. Ibn Idhari kronikariaren hitzetan, 911ko maiatzaren 11n, ramadan hilabetean zehar, al-Tawill Hiçn el-Berberren gaztelura heldu zen; inguruei su eman eta eskualdeko elizak suntsitu zituen. Haren asmoa zen tuterako aliatu Ibn Luporekin bat egitea elkarrekin Antso Gartzesen kontra borroka egiteko. Alabaina, gerora, ez zuen aliatuarengana joan eta Iruñea eraso nahi izan, eta Charat Kachtila edo Xara Kashtila gaztelura erretiratu zen. Ziurrenik, Isuerre eta Urriesen artean, Sausetik gertu, egongo zen gaztelua; mairuen eta baskoien arteko muga izan zen toki hura. Antso Gartzesek kontra-erasoa egin zuen, eta toki horretara hurbildu. Al-Tawillek entzun zuen Antso hurbiltzen ari zela, eta alde egin zuen gertueneko gizonekin batera.

Ibn Idhari kronikariaren arabera, hark alde egindakoan gazteluko soldadu-taldea urduri jarri eta garaitua izan zen. Abd Allah ben Lupok, al-Tawill Antsorekin topo egiteko beldur izan zela jakinda, Hiçn Lawaza (Luesia) gaztelua, Antsoren mendekoa, erasotzera joan zen. Defendatzaileetako batzuk bertan hil zituen. Itzuleran, Antsok bidalitako zaldun-talde batekin topo egin zuen. Haiekin sortutako borrokan, musulmanak hil egin zituen haietako batzuk, eta beste batzuk gatibu hartu.