Monarkia eta noblezia

Antso I.a Gartzes

Abd al-Rahman III.a emirrak, eta, ondoren, Kordobako lehenengo kalifak, ikusi zuten haien etsai eta senide Antso Gartzesen ekintza hedagarria, baita leondarren igoera ere, Ordoño II.aren gidaritzapean, Duerotik gora, Gormaz eskualdera arte. Bi errege kristauak, haien artean ere senide eta aliatu zirenak, beldur ziren emir musulmanak izan zezakeen erreakzioaz, 916az geroztik erasora pasatu baitzen hura. Urte horretan bertan, Leonera zuzendu eta lur guztiak suntsitu zituen, eta, 917an, San Esteban Gormazekora arte eraman zuen haren armada, han leondarrek garaitu bazituzten ere. Mugimendu horiek zirela medio, erresuma iruindarraren eta leondarraren mugak Gormaz inguruan elkartzen ziren ia. Lerro horretako gotorlekuetako eta hiri sendoetako soldadu-taldeak alertan eta etengabeko zaintzan zeuden.

Lehenago, Banu Qasitarren estatu erdi-autonomo txikiak arindu egiten zituen, nolabait, Iruñeko erresumaren eta Kordobako emirerriaren arteko liskarrak, Banu Qasitarrak Iruñeko erresumaren aliatu edo etsai baitziren egoeren arabera. Baina, familia hori garaitua izan zen, eta Kordobako erabakien mende zegoen. Beraz, lautadako muga gainditzeko erraztasun gehiago zituen inbaditzaileak.

Egoera hori kontuan hartuta, Ordoñok eta Antsok aliantzak sendotu zituzten, eta Abd al-Rahmanek armada sendo bat antolatu eta prestatu zuen. San Esteban Gormazekoan izandako garaipenak adoretuta, errege kristauek beste eraso bat prestatu zuten 918ko udaberrirako, eta emirerriaren lurretan sartu ziren; batzuk, Talavera aldera, Tajo ibaiaren goialdetik, eta beste batzuk, berriz, Naiara eta Tutera ingurura. Haien uztak suntsitu zituzten, eta, Banu Qasitarren lurretan, Valtierrako gazteluaren aldiriko meskita erre. Naiara eta Tutera arpilatu zituzten, eta Calahorra, Arnedo, Carcar eta Viguera hartu. Hiri horiek, behin gotortuta zeudenean, defentsa garrantzitsua ziren Ega ibaiko eskualdeko lurretarako.

Abd al-Rahman III.ak azkeneko prestaketak egin zituen Badr ben Ahamad hachibarekin hura bi erregeentzako zigor-espedizio batean joan zedin. Mitoniako porrot kristauarekin hasi zen espedizio hura; ziurrenik, Duero ibaiaren hegoaldean egongo zen lurralde hori. Antso Gartzes eta haren aliatu eta senide zen Fortun ibn Muhammak Abd al-Malik egon ziren bataila horretan.

Hasierako borroken eta neguko etenaren ostean, hurrengo udan jarraitu zuten ekintzekin. Garai hartan, Ishaq ben Muhammad al-Qurashi omeiatar jeneralak zuzendu zuen espedizioa. Jenerala Leongo mugara arte hurbildu zen; Ordoñoren soldaduak garaitu zituen, eta presaka ihes egin zuten horiek.

Abd al-Rahman III.arentzat ez zen nahikoa zigor Leongo alderdi horretan ezarritakoa, eta Iruñeko erresuma eraso nahi izan zuen kolpe erabakigarri batean. Erresuma hori, harentzat eskuraezin ziren lur baskoien eta Akitaniakoen babesa zeukana, handiagotzen ari zen lur-konkistaren bidez. Abd al-Rahmanen xedea zen Antso erregearen asmo guztiak geldiaraztea, eta, horretarako, "Muezko espedizio" ezaguna zuzendu zuen berak.