Monarkia eta noblezia

Antso I.a Gartzes

Ordoño II.a erregeak musulmanen kontra borroka egin zuen haren lehengusu propio Gartziarekin, Antso erregearen semearekin, Gesalatz ibarrean, Andia mendilerroaren oinetan. Gartzia Naiarako errege izendatu zuten hura birkonkistatu zutenetik, baina hiri hori musulmanen esku erori zen berriz. Bi erregeek baterako ekintza azkar bat prestatu zuten Errioxako lurretan sartzeko. Gartziak Ebro gurutzatu zuen berriz, eta Errioxa berreskuratu zuen Naiara eta Viguera izan ezik. Beraz, 918. eta 923. urteen artean, nafarren esku egon zen Najerilla eta Iregua ibaien haranen arteko Errioxako inguru hori. Gerora, Gartzia bi hiri horietara itzuli zen, armada leondarrak lagunduta; Gartziak Viguera setiatu zuen, eta Ordoñok Naiara. Azkenean, bi hiri sendo horiek amore eman zuten; 923ko urriaren amaiera aldera erori zen Naiara, eta Viguera, berriz, denbora gutxi geroago. Garaipenaren ostean, Ordoñok Santa Colombako monasterioa zaharberritu zuen 923ko urriaren 21ean, eta Antso erregeak Albeldako monasterioa, 924ko urtarrilean.

924ko apirilean, Abd al-Rahman III.a Kordobatik irten zen armada handi batez lagunduta, aurreko hilabeteetan pairatutako porrotengatik mendeku hartzeko asmoz. Arib ibn Saaden hitzetan, Viguerako, Beni Lobeko eta Beni Di-n-noneko gatibuen heriotzengatik mendeku hartzeko. Emirra muga baskoitik sartu zen aurrekoetan baino indartsuagoa zen armada batekin. Egoera emirraren aldeko bihurtu zen, Ordoño erregea hil egin baitzen; haren ondorengoak, Fruela II.ak, ez zuen gatazka militarrik hasi haren agintaldi osoan.

Antso Gartzesen eta errege asturleondarraren aliantza estutu egin zen 923. urtearen inguruan, Antsa infanta, erregearen alaba, Ordoñorekin ezkondu baitzen. Handik gutxira, leondarra hil egin zen, eta, heriotza horrekin, ahuldu egin zen aliantza eusko-leondar emankorra. Antsa Alvaro Harramelizekin ezkondu zen gero, eta bigarren aldiz alargun geratu ostean, Fernan Gonzalezekin ezkondu zen.

Hiru ezkontza horietan, Antsa andreak Arabako lurra eman zuen ezkonsari gisa. Fruela II.a, Ordoño II.aren ondorengoa, hil zenean, boterea lortzeko borrokak hasi ziren. Borroka horiek zirela eta, Leon ez zen aliatu egokia kalifari aurre egiteko, eta Antso erregeak haren suhi Alfontso IV.a, Oneka infantarekin ezkondutakoa, babestu zuen haren anaia Antsoren ordez.

Arib ibn Saaden arabera, jarraian azalduko dugun eran gertatu zen Abd al-Rahman III.ak Iruñera egindako kanpaina. Emirra Tuteran sartu zen. Bertan, eskualde hartako familia ahaltsu batekin elkartu zen, Togibitarrekin (Tutxibiak), baita mugako beste buruzagi batzuekin ere, bakoitza bere tribuaren buru zela. Ondoren, Carcarren sartu zen Abd al-Rahman, Antso bertan egongo zela uste baitzuen. Alabaina, errege iruindarrak izan zuen haren etorreraren berri, eta gotorlekutik irtenda zegoen ordurako. Handik Azkoiengo gaztelu-gotorlekura pasatu zen, baina hura ere hutsik zegoen. Gerrarako tresnak eta bizigaiak utzi zituen gaztelu hartako soldadu-taldeak ihes egitean. Hurbileko herrietako biztanleek Zalaza izeneko herri batera ihes egin zuten, eta herri hura erre egin zuten, inguruko gazteluak eta gotorlekuak bezala. Bertan bi egunez egon ostean, Faltzeseko gaztelura zuzendu zen emirra. Inguruak erre zituen, eta uztak moztu. Faltzesetik Tafallara eraman zituen bere gizonak, inguru hartako gaztelu sendoenetako bat zegoelako bertan; han, musulmanek hornidura ugari bereganatu zituzten. Handik, Zarrakaztelura zuzendu zen, eta emirrak are gehiago sartu nahi izan zuen kristauen ustez seguruak ziren herriak eta tokiak erasotzeko. Marcueratik irten zen barneko haranetarako bidean; Antso erregea, artean, erasotzeko une egoki baten zain zegoen.

Musulmanak arroila mehe batetik sartu ziren Egaren ibarrerantz, eta orduan kristauak mendietatik jaitsi eta borroka sortu zen bi armaden artean. Musulmanak etsaiaren aurka itzuli ziren mendi garai batean ezkutatzera behartu arte. Mendian gora igo ziren musulmanak kristauak harrapatu arte, eta aurrera jarraitu zuten lautadara arte; bertan, abereak eta hornidurak eskuratu zituzten. Gertakari horretan hil zen Yacob ben Abi Halad ben al-Toberi, baita sultanaren guardiako soldadu batzuk ere; iruindarren aldean bizi ugari galdu ziren. Emirra Irunberri aldera abiatu zen, eta handik Leguinera; bideko tokiak arpilatzen eta hartzen zituzten, eta gazteluak suntsitzen. Iruñera sartu zen, baina hiria hutsik zegoen. Bertan, Abd al-Rahmanek hiriko etxeak, eraikinak eta elizak suntsitzeko agindua eman zuen. Ondoren, Sagra Cais edo Peña de Cays (Etxauri mendia) aldera zuzendu zen, Antsok eliza bat eraiki baitzuen inguru hartan. Musulmanak hura suntsitzera zihoazela, Antso agertu zen hura defendatzeko asmoz. Musulmanek haren gizonak eraso eta garaitu zituzten berriz ere. Eliza suntsitu eta herriari su eman zioten.

Abd al-Rahmanek Mahallara edo Aseria militar-gunera eraman zuen armada; bidean, iruindarrek eraso zituzten berriz ere, Hercala (Heraclea Herculea) izeneko portu edo haitzartean, pasagune estua eta zaila baitzen. Berriz uxatu zituzten kristauak. Emirrak Mañeruko landetxean ezarri zuen kanpamendua, eta handik Mahalla Badi-x-xarrakora, San Estebanetik (San Esteban Gormazekoa edo Deiokoa?) gertu zegoenera, han finkatu baitzen Antso. Di-x-xarrara heldu ziren emirraren gizonak, eta, puntu horretan, kristauak zain zeuden berriro mendi-gailurretan. Bere indar guztiak bildu zituen Antsok, eta, gainera, laguntza eskatu zien Arabako eta Al-Calaako bizilagunei. Topaketa horretan ere musulmanek garaitu zuten. Kristauak uxatu eta errege iruindarraren egonlekuan kanpatu zuten. Abd al-Rahmanek Calahorrarantz abiatu nahi izan zuen, baina Antso toki berera itzuli zen. Emirrak zalditeria-gorputz bat bidali zuen haren aurka, eta erregeari ihes eginarazi zion. Etsai ugari hil zituzten musulmanek berriro ere.

Borroka horien ostean, emirrak Calahorrara eraman zituen haren tropak. Hiria hutsik zegoen, eta hura suntsitzeko agindua eman zuen. Handik, muga-inguru horretako gaztelu musulmanetako batera zuzendu ziren, hain zuzen ere, Valtierrako gaztelura, eta emirrak agindu zuen toki hartan utz zitzatela bidean bildutako ganaduak eta bizigaiak. Tuterarantz abiatu zen, eta zenbait denboraz geratu bertan. Azkenik, Kordobara itzuli zen lau hilabetez kanpoan egon ostean.