Kontzeptua

Ahozko kontakizunen bilakabideak

GaleraBereganaketa
Testu mailaMotibo galeraMotibo bereganaketa
Testuinguru mailaTestuinguru galeraTestuinguru bereganaketa

Kontakizun baten mamia bi era elementaletan alda daiteke, alegia, bere osakin bat edo batzuk galtzen dituenean, edota osakin berri bat edo batzuk bereganatzen dituenean. Galera eta bereganatze hauek berriz bi mailatan eman daitezke: Testuaren mailan edo kontakizuna murgilduta dagoen testuinguru mailan. Eraldaketa motak eta mailak biderkatzen baditugu, gaineko taulak erakusten dituen kasuak ateratzen zaizkigu: Motibo baten galera, motibo berri baten bereganaketa, (ahozko literaturan, "motibo" esaten zaio mezu unitateari), testuinguruko osakin baten galera, eta elementu berri baten sarrera testuinguruan.

Edozein ahozko kontakizuni gerta dakizkiokeen eraldaketa guztiak oinarrizko lau kasu hauen konbinaketaz ulerbidera daitezke.

Izan ere, lau kasuok bakarka harturik, errealitate praktikorik gabeko eragiketa abstraktuak baizik ez dira, zeren eta esate baterako, motibo baten galerak uzten duen hutsunea, motibo berri bat bereganatuz beteko baitu kontakizunak; edota bestetan, motibo zahar baten desagertzea eragingo duen motibo berri baten bereganaketa, testuinguru aldaketa batek bultzaturik gertatzen da; eta testuinguru mailan zenbait informazio galtzen denean, mezuaren zati batzuk ulergaitz bihurtzen dira, eta ondorioz, erraz gerta daiteke, motibo berri batzuk iristea zahar eta ulergaitz bihurtu diren horiek ordezkatzeko.

Errealitatean, oinarrizko kasu hauetako bakoitza gutxienez beste hiruretako bati lotzen bazaio, argi dago aldaketa mota bakoitza ilustratzeko hartu ditugun kontakizunetan, beste aldaketa motekiko loturen aztarnak sumagarriak izango direla. Dena dela, ondoren datozen testuen hautapena arreta bereziaz egin da, bakoitzak ilustratzen duen aldaketa mota beste aldaketa moten aztarnen gainetik nabarmen ager dadin, eta ez dut uste benetan honen inguruan inolako nahasterik gerta daitekeenik.

Zehaztapen hauek eginik, gatozen aurreneko kasua aztertzera.

Kontalariak oroimen kaxkarra duelako, entzule gehiegizko arretaz adi egon ez delako, edota igorbidean beste edonolako uherduraren bat gertatu delako, mezu zati bat bidean galtzen da. Don Joxe Miel Barandiaranek jasotako Sorgin lapurraren ipuina gertaera honen adierazgarri bikaina dugu. Hona istorioa laburbildurik:

Etxe bateko hiru anaiek gauero norbait sagastira sagarrak lapurtzera etortzen zaiela sumatzen dute, eta ohoina atzemateko kusanetan geratzea erabakitzen dute. Anaia zaharrenak aurrena eta bigarrenak ondoren, ez dute ezer ikustea lortzen, gau osoa ezin baitute itzarririk eman. Hirugarren gauez, gaztearen txanda: Sagastia joan da igitaia eskutan, eta egunsenti aldera horra non azaltzen den irudi beltz bat harresiaren gainean. Gaztea oldartzen zaio eta eraso egiten dio igitaiaz. Argiarekin, hiru anaiek esku beltz bat eta odol arrastoa kausitzen dituzte. Arrastoa harri izugarri baten azpian amaitzen da. Hura mugituz leitze bat azaltzen da, eta hara sartzen da gaztea beste biak lur gainean utzirik. Soka batez baliatuz heldu da beheraino, eta neska gazte eder batekin egiten du topo, sorgin batek bahiturik bertan bizi den erregeren alabarekin alegia. Printzesa lurgaineratu ondoren bi anaia zaharrenek alde egiten dute harekin, gaztea leitze barrenean utzirik. Honek, luze baino lehen sorginarekin topo eginen du eta borrokan gailen geratu ondoren, artean sorginari moztu dion mihia gordeaz, leitzetik irten eta salbatu duen printzesaren erresumara heltzen da. Bertan jakinen du printzesa eta bere salbatzailea omen dena ezkontzera doazela ...

"Gero ostatu batera sartu eta hango aposentu batean burdinazko mailu txiki batekin kax kax kax leihoa joaz zerbait egiten ari balitz bezala egun guztia pasatu omen zuen."

Hurrengo egunean ezkonaldiko jendeak ikusten ditu leihotik, eta hauen erdian bere anaia zaharrena printzesarekin. Sorginaren mihiaren indarrez erauntsi bat sorrarazten du eta ezteiak atzeratu egiten dira. Horren ondoren...

"Ostatuko mutil horrek egun guztia bere aposentuan mailuarekin kax kax kax joaz pasatu omen zuen."

Hurrengo egunean ezteiak berriz hondatzen ditu aurrekoan bezala. Eta berriz ere,...

"Ostatuko mutil horrek lehenagokotan bezala egun guztia leiho ondoan mailuarekin kax kax kax eginez pasatu omen zuen."

Biharamunean, eta ezteiak hirugarren aldiz hondatu ondoren atxilotu egiten dute eta erregeren aurrera eraman. Bertan printzesak ezagutuko du eta ezkondu egiten dira.

(Barandiaran 1972-73).

Ipuin harrigarriak, harrigarriak direnez gero, gure eguneroko logika ez den logika batek arautzen ditu. Gertakaririk txundigarrienak ez du inolako oztoporik bertan onartua eta onetsia izateko, eta inor ez da harrituko gure gazteak sorginaren mihia hozkatuaz erauntsiak sorrarazten dituela jakiterakoan. Noski, ipuin harrigarri bat baita. Alabaina, ipuin harrigarri batean ere ez logikoa eta ez pertinentea ez dena zera da, alferrikako elementuak egotea. Gure gaztearen jarduera horiek burdinazko mailu txikiarekin jo eta ke, "kax kax kax" egun santu guztian aritze horiek ez dute inongo funtziorik betetzen ipuin honetan: ez dute ezer adierazten, ez dute ezer argitzen, ez daukate inolako ondoriorik, hitz batez, alferrik daude dauden lekuan. Gertakari hori bakar bakarrik dago ipuinaren erdian inongo loturarik gabe, ez aurreko ez eta atzeko beste ezein elementurekin. Eta gainera, arrunt ulertezina da. Zer adierazten du "kax kax kax" horrek?

Zuhurki jokatuz esan dezakegun gauza bakarra zera da, argi dagoela testuaren zati bat galdu egin dela. Ez dakigu zer adierazten zuen, baina izan ere, bere galerak utzi duen hutsunea nabarmen azaltzen da. Mezuaren zati baten jauskerak aldaketa bat sorrarazi du kontakizunaren baitan, hau erabat herren utzirik loturabako gertakari alferrikako hori dela eta.

Halere, zorionez eta ipuin harrigarrietan ageri ohi diren adineko zorte bolada bati esker ditxosozko "kax kax kax" horren benetako esanahi jatorra jakin ahal izanen dugu. Txiripaz irakurritako errusiar ipuin batean zegoen gakoa: jona Ivan Zakurrarena eta Basagizon zuria deritzan ipuin horren laburpena.

Oraindik umerik ukan ez duen errege batek honako aholkua jasotzen du behartsu batengandik bere limosna eskertzeko, alegia, urrezko hegalak dituen arraina harrapatu eta bere emazteari eman diezaiola jateko. Esan eta egin, erreginak arrain harrigarria jaten du, baina ez da bakarra izanen: Sukaldariak eta sukaldeko zakurrak ere jatena berbera dastatu baitute halaber. Egun berean hiru ume, Ivan Erregerena, Ivan Sukaldariarena eta Ivan Zakurrarena jaiotzen dira. Biziki azkar hasi eta laster abiatzen dira hirurak elkarrekin abentura bila. Egun batez, Basagizon zuria topatzen dute haren larruolan, esteparen erdian eta hark Printzearena eta Sukaldariarena gainditzen ditu borrokan, baina Zakurrarenaren aurrean galtzaile gertatzen da. Bizitzaren grazia eskatzen dio, eta Zakurrarenak barkatu bakarrik ez eta anaiatzat hartzen du. Beranduago, laurak leitze batera heltzen dira. Bertan, hiru herensugek bahituriko hiru printzesa daude. Zakurrarenak jaitsi, hiru herensugeak eho, eta printzesak askatzen ditu, bakoitzari eraztunak eskatuz ezaupide gisa. Irten aurretik bakoitzak egin behar duen hautua adierazten die: aurreneko printzesa Erregerenarentzat, bigarrena Sukaldariarenarentzat eta azkena berarentzat. Printzesak lurgaineraturik, Basagizon zuriak argi ikusten du berarentzako saririk ez dagoela, eta haserre, soka moztu eta Zakurrarena leitze barruan uzten du. Printzesak haien erresumara abiatzen dira ustezko salbatzaileekin. Zakurrarena leitzetik irteteko modua aurkitu eta haien atzetik heltzen da erresumara. Bertan morroi gisa hartzen duten urraginaren etxean, hain zuzen ere biharamunean ezkontzen den printzesaren ezteietarako eraztun bat egiteko mandatua eman dioten urraginaren etxean. Zakurrarenak, eraztuna berak eginen duela esaten dio urraginari. Bere mailuarekin urrea jo eta jo dihardu, baina gero printzesak leitzean emandako eraztuna luzatzen dio urraginari. Biharamunean erauntsia sorraraziz ezteiak ospatzea eragozten du. Berdin beste bi printzesekin. Azkenean printzesek beren eraztunak ezagutu eta hauen bitartez beren salbatzailea ezagutuko dute. Zakurrarenak Basagizon zuria ehoko du eta hiru anaiak hiru printzesekin ezkonduko dira.

(Afanasiev, 1978).

Errusiar ipuin honek, aurreko euskal ipuinarekin ukan dezakeen ahaidetasun lotura bakarra zera da, biak ipuin tipo AT301eko bertsioak direla, beste inongo lotura estuagorik gabe; alabaina, bertan aurkitzen dugu sorgin lapurraren ipuinean sumatutako bitxikeria argi dezakeen motiboa, izan ere, ziur aski ipuin tipo honen eta inguruko ipuin tipoen bertsio gehiagotan ere kausitu ahal izanen dena. Urragin baten etxean morroi bezala sarturiko heroiaren motiboa, bere gezurrezko ihardun horrekin urrea mailuz jo eta jo, gero, printzesa askatu zuenean hark oparitutako eraztun jatorra emateko, Ataungo ipuinak ezagutu behar izan du noizbait, eta eraztunaren motiboa galdu ondoren, gaztearen ihardunaren argazki ulergaitz hori besterik ez du gorde: burdinazko mailu txiki batez leiho ondoan egun osoz batek daki zer jo eta jo ari den gaztearen irudia.

Motibo berri bat kontakizun batean sartzea, arrazoi desberdinei zor dakieke: testuinguru mailakoak izan daitezke beharbada, -moda dela eta kito-, edota motiboak berak ukan ditzakeen zenbait baliotan, -polita edo adierazkortasun handiko izatea adibidez-, datzake. Dena dela, so egiogun nola gertatzen den bereganaketa hau xiberutar mendietako Tartalo (Polifemo) ipuin honetan.

"Haur bat juan züzün egün batez oihanialat. Batü zizün Tartaro bat eta Tartaro harek eraman zizün bere etxerat. Tartaro harek egün oroz jaten zizün jente bat eta haur haren aldia ere ari züzün huilantzen. Gai batez Tartaroa einherik jin züzün eta lo jarri züzün suphazter khantian. Ordian haurrak zer ez dü egiten?

Hartzen dizü gerren bat eta irazten diozü boronteko begi bakotxa. Gero Tartaroaren aharien artian gordatzen düzü. Bortha ez beitzian idekitzen ahal, ez zakizün nula behar zian eskapatü. Hartzen dizü aharirik handiena eta lahardekatzen dizü: Gero haren larriaz üngüratzen düzü eta txintxarria lepuan ezartzen dizü.

Biharamenian Tartaroa abiatzen düzü aharien kanpo igortera eta jarten düzü bortha saihexian haurra eskapa ez dakion. Haur hori egoiten düzü emeki emeki azkenetarik, bena Tartaroak hunkitzen zitizün igaitian ahariak oro. Haurra hunkitziareki, ezagützen dizü eta lotzen ziozü ilheti, bena larria ützirik haurra eskapatzen ziozü. Ordian Tartaroa lasterrez abiatzen ziozü ondoti, bena ez zitezün gida. Ürthikiten diozü erhaztun eder bat hüra har dezan. Haurrak hartzen dizü eta ezarten erhi txinkarrian. Bena erhaztun harek oihu egiten zizün: " Ni hebe, ni hebe!" eta ordian Tartaroa lasterrez huna ziozün haurrari eta hatzeman abantzu zizün. Nahi zizün erhaztuna ideki bena ez zirozün. Zer egiten du ordian? Erhia muzten dizü eta ürthekiten dizü bere erhaztunareki hur handi bat beitzen harat.

Erhaztuna ari beitzen aitzina oihuz: " Ni hebe, ni hebe!" Tartaroa hur hartarat jauzi züzün eta han itho".

(Cerquand, 1881-82).


"Haur bat joan zen egun batez oihanera. Topatu zuen Tartaro bat eta Tartaro hark eraman zuen bere etxera. Tartaro hark egunero jaten zuen gizon emakumeren bat, eta haurraren aldia ere ari zen hurbiltzen. Gau batez Tartaroa nekaturik etorri zen, eta lotara jarri zen sutondo txokoan. Orduan haurrak zer ez du egiten? Hartzen du burduntzi bat eta iragazten dio kopetako begi bakarra. Gero Tartaroaren aharien artean gordetzen da. Atea ezin zuen ireki eta ez zekien nola alde egingo ote zuen. Hartzen du aharirik handiena eta zintzurra mozten dio: gero haren larruaz bildu eta txintxarria lepoan ipintzen du. Biharamunean Tartaroa abiatzen da ahariak kanporatzera, eta jartzen da ate saihetsean haurra eskapa ez dakion. Haur hori egoten da isil isilik azkenekoekin, baina Tartaroak ukitzen zituen igarotzerakoan ahari guztiak. Haurra ukitu eta bertan ezagutzen du eta iletatik heldu. Baina larrua utzirik haurra eskapatzen zaio. Orduan Tartaroa lasterka hasten zaio atzetik baina ez zitekeen gidatu. Jaurtitzen dio eraztun eder bat hura har dezan. Haurrak hartzen du eta ipintzen du behatz txikian. Baina eraztun hark oihu egiten zuen: "Ni hemen, ni hemen!", eta orduan Tartaroa lasterka bertan zetorkion haurrari, eta harrapa hurren zuen. Nahi zuen eraztuna ireki, baina ez zezakeen. Zer egiten du orduan?, behatza mozten du, eta ondoan zegoen ur handi batetara botatzen du eraztuna eta guzti.

Eraztunak aurrera segitzen zuen oihuz: "Ni hemen, ni hemen!", eta Tartaroa ur hartara jauzi zen eta bertan ito".

Eraztun hiztun hori etorri berria dugula begi bistan uzten du bere agerrera bortxatuak. Izan ere, gertakarien hurrenkera borobil eta harmoniatsua, bat batean eteten da gertakari bitxi horretaz: Tartaroa, itsuturik dagoela, ezin zaio umeari jarraiki, baina hala ere zuzen jaurtitzen dio eraztun magikoa; eta umea berriz, izuak hartuta herioan bide doan arren, horra non gelditzen duen lasterra, -nonbait bere estutasunaz une batez ahazturik-, etsaiak jaurtitako eraztun madarikatua jaso eta behatzean ipintzeko. Kontraesan hauek alde batetik, eta pasadizoaren agerrera bortxatu eta traketsak bestetik, zera erakusten digute, alegia, pasadizo hau etorri berria dugula, ipuinari duela gutxi lotu zaiola eta beraz, honen egituran borobilkiago integratzeko behar hainbat astirik ez duela oraindik ukan.

Ez da gauza bera gertatzen "Kixmi" ezagunaren kasuan. Barandiaranek dioskunez, "Kixmi" omen zen jentilek Jesukristori ematen omen zioten izena, haien hizkuntzan "tximino" esan nahi omen zuena. Bada, "Kixmi" hau jentilak jaurtikitako eraztuna bezain arrotz eta txertatu berria izan arren, ez da ordea hura aurkitu dugun bezain egoera traketsean geratu, eta ondo egin du bere bidea parasitatu duen legendan. Izan ere "Kixmi" erdi aroko sermoilarien jardunez iritsi bide zen Ataunera, duela lauzpabost mende gehien jota, eta dolmenismoaren mito fundatzailea den "Jentilen akaberaren" legendan txertatu ondoren, hain ondo egokitu zen, mito zaharrari esanahia aldatu eta protagonismo guztia bere gain erakartzea lortu zuela. Testuinguru aldaketak lagundurik, "Kixmi" txertatu den Jentilen Akaberaren bertsioek zera kontatzen dutela ematen dute, hots, kristautasunaren etorrerak eragindako jentilaroaren amaiera. Horrela interpretatzen du legenda Barandiaran berak ere. Elementu arrotz eta txertatu berria ez da besterik gabe integratu soilik. Nagusitu egin da gainera, elementu jatorrak zeharo ezkutatuz.

Ipuina jatorriz sortu deneko testuinguruko osakin bat ez da gehiago ageri egungo testuinguruan, eta honek, mezuaren zati bat gaizki ulertzera eramaten gaitu. Hauxe da, Utsaleako zubiko laminak deritzan kontakizunean gertatzen dena. Ikus ditzagun Jean Barbier-ek Senperen bildutako legenda honen zenbait pasarte:

"Duela bizpahiru ehun urte, laminek ba omen zuten egoitza bat Senperen, Utsaleako zubiaren azpian. Bainan nahi bezenbat behaturikan ere, nehork ez omen zuen deus jakiten ahal barne hartako berririk. Behin batez halere, lamina hetarik bat hiltzera omen zoan. Haren lagunek bazakiten arras ongi orena etorria zuela, eta futxo!, ez zitekeen hil deus gisaz, gutarteko jende batek lamina ez zen batek, hura ikusi eta haren aitzinean, den otoitzik ttikiena erran gabe. Laminetarik bat joan zen beraz,- Gaazetxean baitzuten ezagun bat eta-, harenganat.

"Etorri behar duzu, otoi, gure etxeraino...! Gure lagunetarik bat arras gaizki da, eta ez du bere azken hatsa botako ahal, zuk ikusi eta otoitz ttiki bat harentzat erran dukezun arte. Sari ederra izanen duzu, berrogoi eta hamar liberako bat, eta gainerat oraino, ikusgarri zerbeit."

Gaazetxeko gure emaztekiak deliberatzen du beraz joatea, zernahi izanen bazen ere. Utsaleako zubiari buruz heldu zirelarik, laminak erraiten dio emaztekiari:

"Gure etxetik sarri ateratzearekin deus harramantzarik entzuten baduzu ez otoi gibelera beha! Zoazi beti aitzina zure bidean... Bertzenaz zure ikusgarria galduko duzu, zuhaur batere ohartu ere gabe."

"Ontsa da, ez duk segurki gibelera behatuko!"

Utsaleko zubiaren ondora heltzen dira beraz, eta heien etxean sartzeko behar baitzen urean iragan, laminak makila berezi batekin kaxk jotzen du ura, eta ura egiten da berehala bi zati. Biak gero iragan ondoan, laminak berriz kaxk emaiten dio makilarekin, eta ura, kuxean jin zen bere lekurat.

Gure emaztekia sartzen da beraz etxe barnera, eta lamina hil-urrenaren aitzinean otoitz bat erranik abiatzen da kanporat. (...)".

(Barbier, 1975).

(Sariaren ematea eta guretzat garrantzirik ez duten zenbait pasadizo datoz ondoren)

Kontakizunaren funtsa den motiboa, -Gaazetxeko andrea hil hurren dagoen laminaren ondoan egotea eta haren alde otoitz egitea alegia-,ez da haboro kontalariak ulertua eta beraz honek aitzakia bat asmatu beharrean ikusten du bere burua (laminak ezin dira hil kristau baten otoitzik ezean), bitxi samarra iruditzen zaion jokabide hori zuritzeko. Euskal mitologiaren balio ideologikoen azterketatik badakigu elkarrekiko laguntza ohiturak agindutako auzo-legezko jokabide onesgarria besterik ez dela Gaazetxeko andreak egiten duena, hots, gaixotasun eta heriotza kasuetarako jainkozko eta gizazkoen hesparru baterakoia den auzoan legezkoa den ohiturak agintzen duena. Testuinguru gako honen hutsuneak, mezuren esanahi jatorraren jauskera dakar. Legenda kontatzen den giroan eta garaian, laminak ez dira izaki gaizto bihurtu oraindik, baina eredu-emaile izateari utzi diote dagoeneko.

Datu berri bat sartzen da kontakizuna sortu zeneko testuinguruan. Bereganaketa honek zenbait mezuren interpretazio berria eragiten du. Honen adibide zehatza, Jentilbaratzako jentilak eta Agerreko baserritarren arteko hartu emanak ikusarazten dizkigun kontakizunean dugu.

"Lehenago Jentilbaratzan jentilak bizi izaten omen ziren. Askotan gauez Agerrera jaitsi ohi omen ziren eta han jokoan aritzen omen ziren egunsentian oilarrak kukurruku jo artean.

Behin Agerreko nagusia gaizkitu egin omen zen eta elizakoak egitera omen zihoan. Hau jentilek jakin zutenean, kristauak ez izanagatik, urrezko sobrekama Agerrera jaitsi omen zuten, eta berarekin gaixoaren ohea elizakoak joaterako jantzi omen zuten.

Agerrekoek jentilen sobrekamaren gura izan nonbait ere eta hala iltzez oheari josi omen zioten, eta baita geroxeago oilarrari kukurruku joarazi ere. Jentilak oilar kantua aditu zutenean heldu beren sobrekamari eta berealdiko "errun" (ziztuan) abiatu omen ziren; baina sobrekama puska bat ohearen ertzari josita geratu omen zitzaien. Orduan jentilek deiadar egin omen zuten, Agerre Agerre zen bitartean ez zela etxe hartan eririk edo makirik faltako. Eta harrez gero eria edo makia beti izan omen da Agerren".

(Barandiaran 1972-73)

Atal honen hasieran esan dugunez, ia ezinezkoa da gainontzeko hiru motatako batekin gutxienez loturik ez dagoen aldaketa mota bat aurkitzea. Halere, horixe da kontakizun honek erakusten diguna, alegia, soil soilik datu baten sarrera testuinguruan ezein osakin zaharraren jauskerarik gabe, eta testu mailako aldaketarik gabe halaber. Datu berria, jentilen kokapena dugu, alegia, gauez bizi eta eguzkiari ihes egiten dioten izaki harrigarri beldurgarrien multzoan sartzea, halakoekin parekatzea.

Bere bidean topatzen dituen erlijioak gaitzestearren haien ordezkariak deabruratu ohi dituen kristautasunak bere eragina erakusten digu hemen, jentilak gaueko izakien multzoan sarraraziz.

Begi bistako ezkortasunezko datu hau txertatzeak, mezuaren esanguraren gardentasuna uhertzen du, eta baita ere eskuarki erabat aldarazi denboraren poderioz. Honen adibide garbia zera dira, lamientzako eta Basajaunarentzako garai bateko opariak, gero lapurretak bailiran interpretatuak,jainkozko hauek izaki izugarri bilakatu direnean.

Alabaina, Jentilbaratzako ipuin honetan bere lehen hazia sumatzen badugu ere, jentilen deabruratze prozesua ezin izan da burutu: oraindik ere jentilak dira bertan ohiturazko ortodoxiaren aldarrikatzaile jatorrak, eta jende kristau zikoitz esker txarreko batzuen biktima gisa erakusten zaizkigu. Testuinguruak bereganatu duen datu ezkor berri horrek ez du oraindik zentzu aldaketa sakonik eragin, baina dena den, hortxe dago txertaturik.

Halere, testuinguruko gako berri bat kontakizun batean txertatzen denean, ohikoa kontakizunaren mezua aldatzea da. Hau oso begi-bistakoa da esate baterako Ekialde Erdiko ipuingintzan. Ekialde Erdian erlijio islamikoa nagusitu zen garaian, hainbat ipuinen esanahia goitik beheraino aldatu zen. Adibidez, berraragitzea aipatzen zutenak. Berraragitzea zera da, gizakia hil ondorenean bere arima, animalia baten barnean berriro piztea eta animalia hori bihurtuta beste bizitzaldi bat izatea. Berraragitzean sinesten duten erlijio batzuetan gizakia ez dago sailkapenaren buruan, erdialdean baizik, eta hainbat animaliatan berraragitzea, bertutez bizi izandako bizitzaren ordaina izan daiteke. Sineste horretan oinarrituriko istorioak ugariak ziren Ekialde osoan hinduismoa nagusi zen garai eta giroetan. Islama zabaldu zenean guztiak aldatu ziren, ordea. Islamaren arabera, gizaki bat animalia bihurtzea, gerta lekiokeen maldiziorik handiena da, eta bizitza gaizto batengatik merezitako zigorra. Garaiko dokumentazio aberatsean poliki jarrai dakioke honelako ipuinek egindako ibilbideari. Erlijio berriak ekarritako testuinguru-gako berriak goitik behera aldatzen ditu ipuinak. Lehenagoko protagonista zintzoa, -zintzotasunari esker animalia bihurtzen zena hil ondorenean-, gaizto anker bilakaturik aurki dezakegu, gaiztokeriak baino ezin baitu ulertarazi bera animalia bihurtu izana (Claude Bremond, Sémiologíe des Traditions Narratives mintegia, Paris, École des Hautes Études en Sciences Sociales, 1981). Bidebatez, honek erakusten digu, beste hainbat kontakizunetan ere aurkituko duguna, alegia, ahozko kontakizunen transmisioan, transmititzen dena ez direla kontzeptuak edo juzkuak, irudiak baizik. Gizon zintzoaren kontzeptua galdu egiten da bidean, eta ez dago inongo oztoporik hain zintzoa zen hura arrunt gaizto eta madarikatu bihurtzeko. Hinduismo giroan hain zintzoa zen eta hil ondoren animalia bihurtu zen gizon hura, Islama zabaldutakoan ez da bihurtzen, hain zintzoa izan eta hil ondorenean Paradisura joan zen gizona. Pertsonaiaren nortasuna mutur batetik besteraino joaten da, bidaia ezin kontraesankorragoa eginez. Eta hori guztia zertarako? Gizona animalia bilakatzen den irudiari eusteko. Irudiak dira ahozko kontakizunen funtsa. Irudietan oinarrituta dihardu gure burmuinak.