Kontzeptua

Ahozko kontakizunen bilakabideak

Artikulu honetan, ahozko kontakizunak eta bereziki, ipuin harrigarriak eta mitoak nola eraldatzen diren aztertzen da. Batetik eraldapen horiek zein eratan sortzen diren adierazten da, eta bestetik deskribatzen da, eraldapen horiek zer-nolako bilakabidea izan dezaketen gero, ahozko transmisio kateetan zehar.

Gure ingurugiroan gero eta gutxiago dira ahozkotasuna benetan bizi izan dutenak. Berez ahozko literaturaren esparrukoak diren ipuin harrigarriak esate baterako, idazkera tarteko zela iritsi zaizkigu gehienoi, irakurri egin ditugulako edo norbaitek irakurri egin dizkigulako. Eta berrikiago zinemaz, telebistaz edo beste ikus-entzunezko bidez jasotakoak ere, idazkeraren zordun dira guztiak, noizbait idatziz erregistraturiko bertsioren batean oinarritzen direlako; baita ipuin kontalariek kontatzen dituzten ia guztiak ere. Idatzi diren ahozko kontakizunak berriz, ez dira bere horretan herriaren ahotik jasota bezala gorde. Apaindu egin ohi dira, leundu, borobildu. Ahozkotasunaren ezaugarri nagusiak galtzeraino ia beti. Zeren eta, esan dezagun, ahozko kontakizunak ez dira apainak ez dira leunak, ez dira borobilak. Trakeskeriak eta inperfekzioak izan ohi dituzte.

Ahozkotasuna esatea, egongaiztasuna eta higikortasuna esatea da. Ipuin eta mitoen igorpena nahiz beren harrera eta finkapena oroimenean, uherdura baten arriskupean dago beti. Uherdura hau edo hauek, komunikazio mailan (batek esandakoa entzuleak gaizki ulertu) edo oroimen mailan (noizbait entzundakoa ez zehazki gogoratu) eman daitezke, eta edozein momentutan ager daitezke kontakizunaren mamia nolabait aldaraziz. Arrisku honen probabilitatea ez da beti berdina kasu guztietan, baina halere, handia edo txikia, beti hor izanen dugu.

Kontakizunak honelako zauri semantikoa pairatzen duenean, bere metabolismoa lanean hasten dela esan genezake, aurreko osasuna eskuratu nahian, hots, eraldaketaren aurreko oreka iritsi nahian berriro ere. Kontakizuna orduan, aurrekoa ez bezalako oreka berri batera helduko da, eta bertan geratuko da harik eta igortze eta jasotze prozesuan zehar oreka hori herren utziko duten uherdura berriak gertatu arte.

Ahozko kontakizunen ibilbidea beraz, honelako zerbaitetan laburbil genezake, alegia, zenbait oreka egoera, hauetako edozein biren artean desoreka argiago edo disimulatuagoko zenbait egoera tartekatzen direlarik.

Etengabe aldatze hau dela medio, esan daiteke oso gutxi direla munduan, erregistratzeko garaian erabat leun eta borobil agertu diren kontakizunak. Ia denek erakutsiko dizkigute haien orbain zaharrak eta zauri berriagoak, gorabeheraz jositako izaera horren lekuko. Oreka berreskuratze batek hainbat urrats eskatzen ditu, apurka-apurka kontakizunaren egiturari herrenkeria eragiten dioten gorabeherak berdindu eta erabateko leuntasuna iritsi ahal izateko. Beraz, probabilitate arazo hutsa da, erregistraturiko bertsio ia denetan inperfekzioak agertzen badira.

Kontakizunaren jatorrizko egoeratik abiatzen garelarik, aldaketak nola gertatzen diren erakusten digu modeloak lehenik eta behin; ondoren, eraldaketa hauek har ditzaketen bilakabideak marrazten dizkigu. Taulako behealdeko adarrak berriz, inongo aldaketarik gabeko ibilbidea marrazten du.

Auziaren gakoa zera da, kontakizunen atzetik ibiltzea haien bilakabideetan zehar, eta bertan gertatzen den guztiaren lekuko izatea. Honela, eraldaketa desorekatzaile eta berrorekatzaile mota guztiak lanean ikusi ondoren, edozein kontakizunetan honelako eraldaketek utzitako orbainak ezagutzeko gauza izanen gara, eta areago, zenbaitetan, horrelakorik ahalezkoa denean, orbainen azpitiko aurreko oreka egoera berreraikitzeari ekinen diogu, eta nork daki!, jatorrizko egoera bateraino ez ote garen helduko zenbaitetan. Baina oraingoz, goazen bi sail hauek banan bana astiro eta zabal azaltzera:

Oralidad