Kontzeptua

Euskal Ahozko Literatura

Ahozko literatura ahorik aho zabaltzen dena da, normalean giza talde edo gizarte bereko kideen artean. Horrek berorrek izaera eta ezaugarri bereziak ematen dizkio: asko errepikatzen da, memorian gordetzen denez esataldi batetik bestera aldaerak ditu, inoiz ez da berdin-berdina, denboran zehar txatalak galtzen ditu eta baita beste batzuk hartu ere, nahastean batzuetan... Horrek ondorio bat erakusten digu: ahozko literatura bizi-bizia da, etengabe aldatzen eta birsortzen ari da.

Mamiaren aldetik gizarte baten adierazgarri da, giza talde baten pentsaera, bizimodua, bizitza eta mundua ulertzeko era adierazten ditu. Gizarte horren bateragilea ere bada, kohesionatu egiten ditu giza talde bateko kideak.

Ez du beti literaturaren entzuterik izan, idatziak baino prestigio gutxiago izan du, baina berez banaezinak dira, batak bestea elikatzen du. Ikustea baino ez dago gure artean ere idazleek zenbat edaten duten herri literatura eta kulturatik. Adibide esanguratsuak ditugu Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga eta beste.

Ahozko literatura herri literatura ere bada, eta sarritan folklorearekin nahastu izan da.

Erromantizismo garaian hasi zen ahozko literaturari balioa ematen. Alemanian hamazortzigarren mende amaieratik aurrera sortu eta garatu zen mugimenduarentzat, ahozko horretan herriaren espiritua edo Volksgeist ikusten zuten, herri horren arimaren gordailua zen eta.

Grimm anaiak, Jacob eta Wilhelm, ditugu Alemanian ibilbide horren aintzindariak, aleman-hizkuntzako lurraldeetan ipuinak (Marchën) bildu eta eredu literariora bihurtu zituztela. Uste baino askoz entzute handiagoa hartu zuten ipuinok, hainbat hizkuntzatara itzulita zabaldu ziren eta.

Hemeretzigarren mende erdirantza, 1846an, sortu zuten folklore hitza, Londreseko Ateneum aldizkarian ateratako idazlanean. Volksgeist eta folk-lore hitzek biek daukate barruan herriaren kontzeptua. Europa osoan hedatu zen aparteko sentiberatasuna herrian sortu eta zabaldutako literaturaz, haren edertasuna estimatzeko joera Euskal Herriraino heldu zen. Unamunok, Vicente Aranak eta Camilo Villabasok 1884an Sociedad El Folk-lore Vasco-Navarro sortu zuten, euskaraz Erriko Yakintza izena hartu zuena. Azkue handiak ere hitz berau erabili zuen bere azken lan erraldoia argitaratu orduan: Euskalerriaren Yakintza.

Ahozko literaturan memoriak, oroimenak garrantzia handia dauka, batetik bestera gogoratzeko ez bakarrik argumentuak, horiek adierazteko hitzak eta formulak ere, hau da, funtzio jakinak betetzen dituzten egitura finkoak.

Hizkera erraza, sinplea erabiltzen da normalean halakoetan, asko errepikatzen dira berbak eta esaldiak, parekotasunak egiten dira sarri (paralelismoak eta kontrajarpenak), bizitasuna lortzeko indartzaileak, sentimenduak eragiten dituen giroa sortzekoak...

Ahozko literaturaren trasmisioan beti daude aktore bi, esataria eta entzulea. Batek esan, abestu, antzeztu egiten duen bitartean beste batek edo batzuek entzun egiten dute, hark entzundakoa errepikatu eta berriro igorle, trasmisore bihurtzen da. Trasmisio hori egien den ekitaldiari performance esaten zaio. Ekintza horretan komunikazioa sortzen da igorlearen eta hartzailearen artean, eta hor zeresan handia dauka testuinguruak; lekuak, denborak, publiko motak, egoerak... Horren ondorioz, era batekoa edo bestekoa izango da.

Mircea Eliadek emana du ahozko literaturaren definizio hau: "Noizbait norbaiten ahotik irten dena eta oroitzapen kolektiboak gorde izan duena". Esaldi horretan jasota dago ahozko literaturaren muina. Alde batetik, egilea norbait da, ez daukagu egile ezagunik, ez dugu ezagutzeko moduko pertsonarik produkzio horren atzean. Norbait horrek sortua entzuleek entzun eta gogoan gorde izan dute; memoria, oroimena da sorkuntza horren gordelekua. Eta transmisioa ahotik belarrira egin da, belaunik belaun iraunaraziz jatorriko norbait haren sorkaria. Horri esaten zaio tradizioz transmititzea, eta hala transmititzen denari esaten zaio tradizioko literatura edo literatura tradizionala.

Literatura tradizionalean testuak belaunaldirik belaunaldira igarotzen dira, eta ez da behar gizarteko talde jakin bat transmisio horretarako, gizarteko edozeinek egin dezake. Hala ere gutxi batzuk izaten dira ahozko literatura hori zabaltzen dutenak, eta ezagunak izan ohi dira euron inguruan.

Literatura ez tradizionalean, ostera, testuak performancea amaitzeaz batera aldendu, galdu egiten dira, ez dira entzuleen gogoan geratzen. Gure artean bertsolarien kasua da argiena. Bat-batean sortzen dituzte bertsoak, entzuleek eta inguruko giroak horretara eraginda, baina bertsook ez dira gerora errepikatzen. Hala ere, bat-bateko sortzaileok darabiltzaten elementu, formula, hizkuntza eta konposizio teknika finkatuak badira tradizionalak.

Ahozko literaturaren era biok itxura baten ondo bereizirik daudela badirudi ere, bien arteko muga ez da batere zehatza; esan daiteke transmisio mistoa edo bitarikoa ere badagoela. Esaterako, behin baino gehiagotan performance batean sortutako bertsoak entzuleek buruan oso-osorik gorde, errepikatu eta tradizionalizatzeko bidea egin du.

Ez hori bakarrik; poesia ez tradizionalaren egileek tradizioko formula, erregistro eta sinboloak erabiltzen dituzte, era bien arteko mugak lausotuz. Hala bada, mota bion arteko aldeak eta mugak ez dira beti ikusten errazak.

Euskal literaturaren barruan ez tradizionaltzat jotzen dira bertsolaritza eta pastorala. Genero tradizionalen artean, berriz, honakoak aipatuko ditugu: kopla zaharrak, baladak, kantu lirikoak, ipuinak, errefrauak (paremiologia), inauterietako antzezpenak eta Gabonetakoak.

Gure hizkuntza berandu etorri da literaturaren esparrura inguruko hizkuntzen aldean. Hori dela eta, ez dakigu aurretik zer zegoen edo zer egiten zen. Hala ere, ikerleek balio handikotzat jotzen dute gure ahozko literatura, inoren lotsarik izateko beldurrik gabe. Mitxelenak dioenez, gure ahozko literatura ugaria eta era askotakoa da, ez dago zalantzarik ezta beste herri batzuetakoekin konparatu gabe ere.

Lehenengo lekukotasunak XVI-XVII. mendeetakoak ditugu. Ordurako ahoz tradizionalizatuta zeuden pasarteak jaso zituzten kronikagileek idatziz, baina kontatzen dituzten gertaerak mende bat edo bi lehenagokoak dira.

Testuok ez zaizkigu osorik heldu, erakusgarri ona dira hala eta guztiz ere.

Garibayk Compendio Historial de las Crónicas (1571) lanean, Beotibarko guduaz (1321) kantu hau dakar:

Mila urte igarota
Ura bere bidean,
Gipuzkoarrok sartu dira
Gazteluko etxean,
Nafarrokin batu dira
Beotibarren pelean.

Bertsolaritza gizonezkoen kontua izan da oraintsura arte gure artean, baina bat-bateko bertsogintzako lehenengo saio ezaguna emakume baten ahotik datorkigu, eresien generoan, Milia Lasturkoren heriotzean ahizpak hildakoari kantatua. Hari Sancha Ortiz andreak erantzun ei zion bat-bateko beste kantu batez.

Hamabosgarren mendeko beste kanta batzuk ezagunak ditugu, hala nola Pedro Abendañokoren erostak (1443), Mondragoeri su ematea (1448), Olasoren kanta eta Martin Bañez Artazubiaren heriotzako eresia, Isasti historialariak dakarren Sandailiaren kanta, Salinasko kondearena, Juan Lazkanokoren kanta, Nafarroako kondestablearen kanta, Diego Lopez Harokoarena, Perutxorena eta beste. Luis Mitxelenak batu zituen denak Textos arcaicos vascos liburuan.

XIX. mendekoak ditugu gure tradizioko kantuen lehenengo bilketa ezagunak. Zuberoatik datoz lehenengo biltzaileak: Augustin Xaho; Francisque Michelek Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa litterature et sa musique liburua 1857an agertu zuenean, hango kanta gehienak Arxu zuberotarrak emandakoak zituen; eta Jean Dominique Julien Sallaberry, 1870an Chants populaires du Pays Basque argitaratu zuena.

Lehenengo ipuin-biltzaileak gure artean kanpokoak izan ziren. Jean François Cerquandek Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau aldizkarian, "Legendes et récits populaires du pays basque" titulupean, 1874-1885 bitartean, 117 kontakizun argitara zituen. Euskal Herrian bizi zen Wentworth Webster (1828-1907) ingelesak ere hainbat ipuin eta istorio bildu zituen Saran, Lapurdin. Istorio hauetariko batzuk, ingelesera itzulirik Londresen argitaratu zituen. Julien Vinsonek 1883an liburu bat argitaratu zuen frantsesez: Le folk-lore du pays basque. Antoine Abaddiaren eraginez ere bildu ziren herri-kontakizunak.

Bertako biltzaileak ere badira XIX. mendean zehar, batez ere herri-literatura genero batzuetan oso goiztiarrak. Mende hasieran bertan Juan Antonio Mogel nabarmendu zen errefrau biltzen, herri-ipuin eta kantaren batekin. Gerotxoago Juan Ignacio Iztuetak, folkloreko zenbait alderdi jorratu zituen, dantzei buruz gehien bat.

XX. mendean azalduko dira Iparraldean, Jean Barbier lehenengo, eta Mayi Ariztia eta Piarres Lafitte geroago. Eta beste biltzaile nekagaitz batzuk ere baditugu, lan zabalaren egileak, gerora ondare erraldoia eskura utzi digutenak. Emankorrenetarikoa, Resurrección Mª Azkue (1864-1951) dugu. Haren Cancionero Popular Vasco eta Euskalerriaren Yakintza altxor ikaragarriak ditugu gaur egun ere.

Erreferentziako biltzailea dugu Jose Migel Barandiaran (1889-1991) ere, ipuin eta elezaharrak Obras Completas bildumako ale batean berrargitaratu ziren denak batera.

Aita Donostiaren lana eta Jorge Riezu haren jarraitzailearena balio handikoa dugu, kantu arloan batez ere. Izan ere, Riezuk atondu zituen Obras Completas del Padre Donostia hamabi aletan.

Manuel Lekuona (1894-1987), biltzaile eta ikertzaile handia dugu. Literatura Oral Vasca obra izan zen herri literaturaren esparruko ikerketa urratu zuena. Horrez gainera, Kardaberaz Bazkunaren bitartez, zaletasuna zabaldu zuen eta berak ikasleei esanda ikasleok egindako bilketak asko ugaritu dute gure corpusa. Hari zor zaio, neurri handi batean, gure artean ahozko literaturari duintasuna ematea eta ikertzaileen gaitzat hartzea.

Zutabe horien ondoren, eta Espainiako gerrate zibilaren ondoren batez ere, beste batzuk etorri dira arlo honetara. Besteak beste, Jesus M. Leizaola, Angel Irigarai, Antonio Zavala, Jose Maria Satrustegi, Juan Mari Lekuona, Euskal Herriko Unibertsitateko Letra Fakultateko "Maria Goyri" Mintegia Gasteizen, Labayru Ikastegiko "Mikel Zarate" Literatur Mintegia Bilbon, Jon Juaristi, Jean Haritchelhar, Jon Kortazar, Patri Urkizu eta beste.

Denen artean aparteko aipamena merezi du Antonio Zavalak (1928-2009). Auspoa bildumaren sortzaile eta zuzendaria zenak, hirurehun liburutik gora utzi ditu, batez ere bertsolaritzari buruz. Herri literaturako beste azpi genero batzuk ere landu ditu, baladen corpusik handienaren egilea dugu kasurako, Euskal erromantzeak / Romancero vasco izenburupean. Horrez gainera, hitzaldien bidez, ahozko literaturaren azterketarako iturri derrigorrezkoa dugu.

Bestalde, herri-literaturari dagokion material asko aldizkako agerkari eta egunkarietan sakabanaturik dugu, batez ere aspalditxokoetan, biltzaile eta berri-emaile anonimoen bitartez gehienetan. Batzuk aipatzeko: Gure Herria, Eusko Folklore, Euskalerriaren alde, Euzkade, Fontes Linguae Vasconum.

Errefrauak esaldi laburrak dira, batzuetan hitz solteak baino ez, herri jakituria jasotzen dutenak hainbat arlotan. Esaldi erritmikoak izaten dira, soinu eta esanahi-jokodunak.

Euskaraz izen bat baino gehiago daukate: errefrau, esaera zahar, errefain, esakune, esaera, erranairu, erran zahar, zuhur-hitz, errapu, atsotitz.

Gaur egun ezagutzen den lehenengo errefrau bilduma Refranes y sentencias comunes en bascuence, declaradas en romance con números sobre cada palabra, para que se entiendan las dos lenguas izenekoa da, 1596an argitaratua. 539 errefrau biltzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz eta zenbakiturik. Beste errefrau sorta bi ditugu XVI. mende amaierakoak, Esteban de Garibay Zamalloa historialariaren bidez heldu zaizkigunak.

XVII. mendeko errefrauak, ezagutzen ditugunak, Euskal Herriaren ekialdekoak dira. 1657an Parisen argitaratu zen Les Proverbes Basques recueilles par Sr. D'Oihenart, plus les poesies basques du mesme auteur lana. 537 errefrau ditu guztira, euskaraz emanak eta frantseseko itzulpenarekin. Oihenarten aurretik baziren beste bilduma batzuk Iparraldean; adibidez, Jaques Bela, Bertrand Zalgiz eta Voltoirerenak.

Horiez gainera, beste lan batzuetan txertatuta daude sorta batzuk. XVII. mendekoen artean, Landuchioren hiztegia (1562), Rafael Mikoletaren Modo breve de aprender la lengua vizcaína (1653) eta Axularren Guero (1643) gogora daitezke, besteak beste.

XVIII. mendekoak beste liburu batzuetan sakabanaturik heldu zaizkigu; adibidez, Pierre d'Urte (1715) eta Manuel Larramendiren hiztegietan.

XIX. mendean, erromantizismoaren eraginez, indar hartzen du errefrauak batzeak. Juan Antonio Mogelek Peru Abarka idazlanean txertatu zituen hainbat. Haren ondoren datoz P.A. Añibarro, J.M. Zabala eta J.A. Uriarte Bizkai aldean eta Duvoisin kapitaina Iparraldean.

Ikerlan eta bilketarik onenak eta ugarienak XX. mendekoak dira. Julio Urkixo, R. Mª Azkue, Damaso Intza, Gotzon Garate emaitza ederra utzitakoak dira.

Igarkizunei euskaraz hainbat izen ematen zaie: asmakari, asmaketa, asmakizun, papaita, pipitaki-papataki...

Herri literaturaren barruan, genero txikitzat hartzen dira, eta gurean ez daukagu bilduma handirik ez zahar-zaharrik. François Cerquandek "Legendes et récits populaires du Pays Basque" argitaratu zituenean, 1874-1882 urteetan, sartu zituen 54 igarkizun. Julien Vinsonek, Le folk-lore du Pays Basque (1883) lanean, horiek denak eta Antonio Machado Alvarezek 1880an erdal corpusaren barruan ateratako beste pilotxo bat bildu zituen, guztira 78 .

XX. mendean ekarpenik handiena, berriz ere, Resurrección Mª Azkuerena da, beste banaka batzuk ere badauden arren.

Asmakizunak gehien bat jolasa, jokoa dira, emandako sasi-deskribapen bat, edo soinu-jokoen bitartez adierazita, beste zerbait asmatu behar da.

Igarkizunek, hasiera edo sarbidea emateko edo formulatzeko modu jakin batzuk dituzte. Hara hemen batzuk, Azkueren bildumatik aterata: "Zer dala eta zer dala, beti handitzen joan eta halata ere lekutik higitzen ez dana?", "Pipitaki papataki, nik baitakit gauza bat, kenduaz hazi eta gehituten dena" (zuloa), "Ezetz igarri ...", "Ez duzula igartzen, urtearen hasieran gizen-gizen jaio eta guenean argal-argal hilten dana" (egutegia), "Puntan punta bi, atzean zulo bi, artaziak dira ta ezetz igarri". "Gelatxu ta gelatxu, gelarik adina damatxu" (lainoa); "Iturriratekoan etxera so eta etxeratekoan iturrira" (ipurdia); "Beti lehorretan eta beti bustirik" (mihia).

Batzuek erantzuna barruan ematen dute, baina beste itxura batekin. Beste batzuek ingurumariak azaltzen dituzte, hortik abiatuta asmatzeko zer den.

Aho-korapiloei dagokienez, izenak berak adierazten duenez, ahozkatzeko orduan korapilatzen diren esaldiak dira. Berbak ondo ahoskatzen ikasteko, mihia bizkortzeko ariketa ederrak dira. Sarritan jokoa egiten da zeinek arinago esan, edo esaldia zortzi, hamar, hamabi bider nork esango arnasarik hartu gabe. Hona adibide batzuk: "Akerrak adarrak okerrak ditu. Adarrak okerrak akerrak ditu. Okerrak akerrak adarrak ditu. Baditu, bere, bereak ditu"; "Zorri barri sarri larri eta barregarri"; "Iputz-apezak napar-istupez atorra; napar-apezak iputz-istupez atorra".

Behin bakarrik esateko ez hainbeste, baina bost edo zortzi aldiz arnasa baten esan behar izanez gero hor dator jokoa, baita korapiloa ere.

Juan Mari Lekuonak izen hori eman zien dantza, musika eta letra batzen dituzten herri kantu txikiei. Dantza eta kantuarekin batera, jolasa ere badira, lelo errepikatuekin batera. Sailkapena ere berea da.

Poesia dekoratiboa esaten die esanahi argirik gabeko poema laburrei. Gehienetan haurrei abesten zaizkie. Berba ezagunen batekin batera, soinuek sentsazioak eragiten dituzte, mezu jakin bat eman baino gehiago. Lo-kanta hau dugu adibide bat:

Ttun-kurrun-kuttun-kuttun-ku
ttun-kurrun-kuttuna!
Run-kuttun-kuttun-kuttun-ku
Run-kurrun-kuttuna!
Lo!
Run-kurrun-kuttun-na.

Egitura paralelistikoak osagai berdinak behin eta berriro errepikatuz osatutakoak dira. "Oi Pello Pello" kantua dugu horren adibidea. Estrofak denak dira berdinak, baina bakoitzean zeregin bat gehitzen zaio emakumearen lanari, gau osoa igaro arte. Lanaren nekea sentiarazten digula ematen du.

Leloak. Trikiti- eta fandango -kopletan sarritan errepikatzen dira hasierako edo amaierako bertsoak, tartean lelo bat sartuta, "Ai ene!" "Ai morena!" erako adierazpideak edo interjekzioren bat, ironia, umorea, grazia areagotzeko.

Arin-arin eitten dau
Soloan erbiek:
hutsik egiten ditu
punturik erdiek,
Ai, ai, ai!
punturik erdiek
ole morena!
Punturik erdiek
ole salada!
Soloan erbiek.

Enumerazioak. Kantu mota honetan, kateak lotzen dira, jeneralean zenbakien bidez adierazita, progresioa erakutsiz, gutxitik askora, txikitik handira edo bestelako irizpideren batekin, baina beti logika bati erantzuten diola.

Hamabi karga ardao zuri, hamaika karga ardao gorri, hamar karga ogi zuri, bederatzi zezen gorri handi, zortzi idi, eta zazpi behi, eta sei ahari, eta bost ahuntza, eta lau oilo, eta hiru uso, eta tortoilo bi, eta eper bat, drangiandran... hamalau frailek eta hiru andrak hauxe afaria jan genduana bart.

Elkarrizketa errimatuak. Halako kantuetan, galdera-erantzunez osatutako elkarrizketaren bidez katea sortzen da, galdera baten erantzuna berriro itaun bihurtuta.

-Bela bela jauna.
-Aita non da, jauna?
-Aita soloetan.
-Soloetan zer egiten?
-Artoak ereiten.
-Artoak zetako?
-Oiloarentzako.
-Oiloak zetako?
-Arrautzea egiteko.
-Arrautzea zetako?
-Abadearentzako.
-Abadea zetako?
-Mezea esateko.
-Mezea zetako?
-Aingerutxu biren erdian
zerura joateko.

Gure tradizioko ahozko literaturan kopla zaharrak txatal laburrak dira, baina altxorrik handienetakoa. Sarritan kantatzen dira sortan, koplak bata bestearen atzean josita, nahiz eta elkarrekin zerikusirik edo loturarik izan ez. Ez dago argi noizkoak diren ez jatorriari buruzko beste ezer, baina guganaino heldu dira herriarentzat estimazio handikoak direlako. Sentimentu handiz kantatzen ditu jendeak, hainbat egoeratan. Izan ere, doinua aldatuta, letra bera agertzen da lo-kantuetan, dantza-kopletan...

XX. mendearen hasierako bi hamarkadetan, Manuel Lekuonak ekarpen handia egin zuen irakasle gisa ahozko literaturari literatura balioa emanez. Bere eskoletako irakatsien bitartez, eta argitalpenen bitartez, era honetako koplak eta herri kantuak, bertsolaritza eta abar, literatura mailara ekarri zituen. Harrezkero, aztergai dira unibertsitatean eta adituen lanetan. Garai horretako giroak asko estimatu zuen herriaren adierazle diren tradizioko pasarteok, eta Euskal Pizkunde garaian ahalegin handia egin zuten halakoak jasotzeko ere.

Lekuonak ohartzen duen moduan, kopla zaharrek lau bertso izaten dituzte, zati bitan banatuta. Lehenengo bertso-pareak naturako osagaiak erabilita ideia abstrakto bat adierazten du; bigarrenak, ostera, errealitateari lotutako ideia bat, ustez aurrekoarekin zerikusirik ez duena. Hala ere, jendearen gogoan estima handia izan dute kopla hauek; horrek esan nahi du gogoan loturaren bat egiten dutela, baduela kantu horrek osotasunean zerbait erakargarria eta iradokitzailea. Adibidez:

Itxasoan laino dago
Baionako barraraino.
Nik zu zaitut maiteago
Txoriak bere kumeak baino.
Halako koplak erromerietan dantzari laguntzeko kantatzen dira sarri.
Tiriki tauki tauki
mailuaren hotsa;
hamalau hargin baino
hoba dok arotza.
Tiriki tauki tauki
urunak eralgi;
ontza bat txokolate
hamalau atsori.
Hamalau atso eta
hamabost jikara
ondora arrimatzeko
bildurrez ikara.

Horrezaz gainera, eske-errondetan ohikoak dira, Santa Ageda martiriaren bezperan etxerik etxe taldeak ateratzen direnean, kasurako, edo Gabonetan Marijesi, Abendu, urteberri eta Erregenetan. Eske-errondetan, gainera, sasoia edozein dela, hainbat kopla behin eta berriz errepikatzen dira, etxean bizi direnei dagozkienak: etxeko jauna, etxeko andrea, zaldun gaztea, neska gaztea, ezkongabea, apaiza...

Oles da oles etxekotxuak
joten jatzuez atiak,
bakar-bakarrik itxita nator
andrea eta umeak.
Jesusen jaiotza da eske-errondak egiteko beste une bat:
Abendu santu honetan
bihar da denporia
orain kantatzen dogu
Kristoren jaiotzia.
Hogeta laugarrena
dogu abenduan
deseo genduena
logratu genduan.

Lo-kantuetako asko ere genero honetan sartu beharrekoak dira. Batzuetan esanahirik gabeko berba apaingarriekin hornituta egoten dira, loa ekarrarazteko.

Obabatxue lotiritaine,
ez egin lorik basoan;
otso goseak jan ez zagizan
bildotsa zarelakoan.
Obabatxue urrurru,
gaur zoaz ta bihar erdu;
alboan do(d)an tontoa baño
maiteago zaitut nik zu.

Kopla zaharren tankera literatura idatzian ere hainbat idazlek erabili izan dute. Lauaxetaren, Gabriel Aresti eta Bitoriano Gandiaga ditugu adibide agerienetakoak.

Baladak edo erromantzeak, izen biekin eman izan baitira, kantu narratibo laburrak dira, gertaera latzak, gordinak kontatzen dituztenak gehienetan. Euskal baladak, bere ezaugarri eta bereizgarri eta guzti, Europako baladen corpusarekin bat egiten du. Europan orokorrean Erdi Aroan finkatu zen baladaren estiloa eta hala iraun du. Herrialde guztietan corpus handiak bildu dituzte, eta denetan ezberdintasunak badaude ere, oinarria berdintsua dute.

Baladetan gertaerak kontatzen dira, narratiboak dira. Ekintza, gainera, hasi eta amaitu egiten da, eta pasarte bortitzak, trukulentoak izaten dituzte: indarkeriazko heriotzak, borrokak, maitasun ezinekoak... Hasieratik bertatik iragartzen da zerbait gertatu dela eta amaiera ez dela hain ona izango.

Etorri nintzanean Prantzia kortetik,
ama bilatu neban sutean tristerik.

(Frantzie kortekoa)

Haltzak ez du bihotzik ez gaztanberak hezurrik
enian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik.

(Bereterretxeren kantorea)

Baladetan, ipuin eta tradizioko generoetan bezala, ez da informazio zehatzik ematen. Pertsonaiak modu orokorrean edo generikoan izendatzen dira eta beren jokabidearen bitartez baino ez dira ezagutzen. Eszena bakarra izaten dute askotan noizbait bi ere, eta elkarrizketa zuzenen bitartez ematen dira gertaerak, dramatizatuta. Testuetan ezinbestekoa baino ez da esaten, ez dago luzemendutan ibiltzeko tarterik. Gugana heldu direnetan elipsi asko dago, bitarteko gertaerak falta dira, eta laburtu behar horrek trinkotu egiten du tentsioa, indar gehiago emanez kontakizunari.

Baladen ezaugarri bat da kantaldi bakoitzean berritzea, aldaeretan bizitzea. Guretzat interesgarria da ahalik eta aldaerarik gehien ezagutzea balada-gaiak osatzeko. Batzuetan txatalak heldu zaizkigu, edo kantu zatiak elkarrekin nahastuta. Aldaera ugari izanez gero, txatalak bereizi eta kantuak osatzeko aukera dago.

Baladetan lehenari eusteko joera handia dago, bertan gordetzen dira kantariarentzat guztiz galduta dauden gertaerak, ohiturak, esaerak... Alde horretatik informazio interesgarria daukate historia, literatura eta hizkuntzaren aldetik.

Tradiziozko generotzat hartzen den neurrian, baladen egilerik ez da ezagutzen. Ez dakigu izan duten, baina izanda ere, honezkero haren zantzurik ez dago. Herriak bere egin ditu, giza talde baten errepertorioan sartu dira eta kantariek moldatzen dituzte, bertsio ustez original baten ardurarik gabe.

Gure artean baladak kantuz ematen dira, doinuari lotuta. Doinuak, sarritan, narratibo samarrak dira, ez hain melodikoak, eta baliteke testu bera doinu batekin baino gehiagorekin ematea ere. Hala ere, doinuen ugaritasuna ez da hainbestekoa.

Kantuz ematen diren neurrian, bertsoak ditugu gure balada-testuak. Bertso-kate luzeak, bertso pareetan errima dutela. Dena den, errimarena gutxi gorabeherakoa da, antzeko amaiera izatea nahikoa da sarritan, hoskidetasuna.

Errepikapena da baladetan errekurtsorik erabiliena. Errepikapen hauek memoriarako lagungarri dira alde batetik, baina aldi berean dramatikotasuna indartu ere egiten dute. Gure errepertorioan era askotako errepikapenak aurki ditzakegu, bertso-lerroaren barruan, estrofa berean bertso-lerroen artean, estrofak osorik berbaren bat bakarrik aldatuta, lelo bat estrofaren ostean...

Horiekin batera paralelismoak eta kontrasteak egiten dira ugari, antzeko egitura erabiliz elementuren bat gehitu edo zehaztu egiten dela, eta tentsioa gero eta gehiago indartuz.

Baladetako iruditeria nahiko ohikoa da, eta ez da asko aldatzen. Pertsonaiak eta egoerak eredu finkoetan kokatzen dira, zalduna hitzekoa eta ederra da, andrazkoa ederra eta gaztea, aita ez da ia inoiz ageri, ama etxekoandrea da, etxean ez da ezer txarrik gertatzen, etxetik kanpora, ostera, arrisku guztiak txarrak eta kaltegarriak dira.

Iparraldean aspaldi-aspalditik balada okzitano eta frantsesek sarrera eta eragin handia eduki dute bertako errepertorioan, eta horrek ia-ia geure mendera arte iraun du.

Gaur egun ere oraindino azaleratzen dira noizbehinka artean argitara gabeko aldaerak, batzuk XIX. mendekoak, norbanakoen edo liburutegietako ondasunen artean gordeak. Azken aldian Jabier Kalzakortak egin ditu ekarpenik handienak horretan. Hona "Brodatzen ari nintzen" balada ezagunaren orain arte ezagutu gabeko Altzaiko bertsioa, Jabier Kalzakortak Idatz & Mintz aldizkariaren 51. zenbakian argitaratua. Gai horren orain arteko bertsiorik osoena da.

1
Aldixe batez nindiegualarik sala baxian brodatzen,
ma[r]inel bat entzün dizüt itxason gañen k(h)antatzen,
itxason gañen k(h)antatzen eta koplak ejer[r]ik emaiten.

2
Broderia phausa eta juan nintzan amagana,
eia plazer nündianez eitzi ixtan[t] bat galeriala,
k(h)anta bat entzün beitüt hari koblen ikhastera. (bis)

3
-Alhaba, abilua jaun gazte harengana,
eia plazer dianez jin gaur gurekin aihaitara,
gaur gurekin aihaitara eta eni koblen k(h)antatzera. (bis)

4-Jaun gaztia, haur naizüla ni mezia zu[r]egana,
eia plazer düzünez jin gaur gurekin aihaitara,
gaur gurekin aihaitara eta eni koblen khantatzera. (bis)

5
-Anderia, inposible da gaur ene hara jitia,
adia faborable beitü[t] juan behar dit aitzina,
adia faborable beitü[t] juan behar dit aitzina.

6
-Hasteko, zük batüzü etxian hi[r]u anaie,
gaur ni hara jin balin banendi, haiek hil nindiokeie.
Gaur ni hara jin balin banendi, haiek hil nindiokeie.

7
-Hori ere hala düzü: nik badit hi[r]ur anaie,
bena haietarik batere ez da emazte ez gizon-e[r]haile,
bena haietarik batere ez da emazte ez gizon-e[r]haile.

8
Gehiena dizüt Aita Santu, biger[r]ena Er[r]ege,
biger[r]ena Er[r]ege eta tipiena kardinale,
biger[r]ena Er[r]ege eta tipiena kardinale.

9
-Anderia, plazer badüzü ixtan[t] bat jin untzin barne[r]a,
gero biak juanen gira gaur ziekin aihaitara,
gaur ziekin aihaitara eta zuri koblen k[h]antatzera. (bis)

10
Andereaurena fazil heltü da sarthü da untzin barnera,
hain[n]bestereki jaun kapitaña[k] eman deio ürhe-sagar[r]ra,
[eman deio ürhe-sagarra] eta harekin lo-belhar[r]a.

11
-Pharti adi, ma[r]inela, hala ezak untzia,
o[rai] bulhar[r]ian diat desir nian lili[a],
o[rai] bulhar[r]ian diat desir nian lili[a].

12
-Kapitaiña, kapitaiña, pharkamentürekilan!
Andere gaxo hor[r]i, othoi, emozu libertatia!
andere gaxo hor[r]i, othoi, emozu libertatia!

13
-Ma[r]inela, ma[r]inela, hala ezak, untzi[a]!
Hala ezak untzia edo galdü[r]en dük bizia,
hala ezak untzia edo galdü[r]ren dük bizia.

14
-Ma[r]inela, ma[r]inela, eta zer phentsatzen düzü?
Ingoiti ene aita eta ama ene txerkhan dabiltzazü,
ingoiti ene aita eta ama ene txerkhan dabiltzazü.

15
-Zure aita eta ama zure txerkhan ez dabiltza.
Hi[r]u milla lekuatan hebentik hür[r]ün dia,
beste hai[n]beste egin eta gu[r]e etxialako. (bis)

16
Maradika dakiola dendariari e[r]hia!
Zeren hain hertsi egin deion saiaño huni ger[r]ia,
zeren hain hertsi egin deion saiaño huni ger[r]ia!

17
-Mainela, mainela, othoi, phesta ezpata,
eia li[bra] diokedanez saiaño honi ger[r]ia,
eia li[bra] diokedanez saiaño honi ger[r]ia.

18
Ma[r]inela fazil heltü da g[ero] [ph]estatü do ezpata,
hainbesterekin andereaurenak erdi[r]atü dü bihotza,
hainbesterekin andereaurenak erdi[r]atü dü bihotza.

19
-Maradika balekio a[r]utzari besua!
zeren hain zor[r]hotz egin deion ezpata huni moskua,
zeren hain zor[r]hotz egin deion ezpata huni moskua.

20
-Mainela, ma[r]inela, idoki ezak hebenti untzia!
Ez diokek soporta a[r]ima desespe[r]aturik,
ez diokek soporta a[r]ima desespe[r]aturik.

Tradizioko ahozko literatura irudikatzeko irudirik erabiliena mahaiaren inguruan edo sutondoan jendea jarrita elkarrekin kontuak esaten edo kantuan izaten da. Horrez gainera, artazuriketak eta taldeko zereginak jarriko genituzke. Halakoetan ipuin, esaunda edo istorio asko esaten ziren, bizimodua horretara eratuta zegoenean. Horregatik, literatura genero hau nekazaritza eta baserriko bizimoduari lotzen zaio gehien.

Ipuina genero zabalagoa da, baina tradizioko ipuinera lotuz gero, esango dugu belaunaldiz belaunaldi gizartean kontatu ohi diren fikziozko gertaerak biltzen dituen narrazioa dela. Trasmisioa modu kolektiboan egiten da eta ipuinaren egilerik ez dago, esatari bakoitzak bere ekarpena egiten dio. Gertaerak ordena logiko batean kateatzen dira narrazioaren barruan, prosaz esanda, eta horren emaitza ipuina da.

Tradizioko ahozko literatura guztia bezala, ipuina ere bizia da, etengabe aldatzen da, esatariaren eta entzulearen arabera. Kontalariak, narratzaileak, ipuina kontatzean baliabide jakin batzuk erabiltzen ditu, jakinaren gainean edo konturatu gabe. Ipuinetan ezaugarri batzuk betetzen dira normalean estiloari dagokionez.

Sarrera lasai baten ostean, ekintzak gero eta tentsio handiagoa hartzen du, eta amaieran berriro ere lasaitu egiten da.

Errepikapen asko eta asko egiten dira, intriga edo tentsioa handitzeko, mamia garatzeko eta, bide batez, memorian gordetzeko.

Pertsonaiak ez dira indibidualak, estereotipoei erantzuten diete: gurasoak eta seme-alabak, aberatsak eta pobreak, onak eta txarrak... sarritan elkarren kontrakotasunean hartzen dute nortasuna.

Nekez ematen da zehaztasun handirik ez pertsonaiak, ez tokia, ez denbora zehazteko. Kontalariak joera izaten du inguruan gertatu dela esateko, hain herri edo menditan, kasurako, baina berez unibertsalak dira.

Gertaerak kateatzeko modua erraza da, elkarren segidan ematen dira. Egitura sinplea izaten dute, eta hainbat pasarte formulen bidez betetzen dira, hasiera-amaierak kasurako, edo pertsonaiak izendatzeko erak.

Herri ipuinak hiru talde edo multzotan sailkatzen dira, ipuin miresgarriak, batetik, animalia-ipuinak, bestetik, eta ipuin barregarriak, azkenik.

Euskal ipuinen corpusa Europako eta Europaz gainerako tradizioan sartzen da, hau da, inguru horietako tradizioetakoekin bat egiten du neurri handi batean. Leku batetik bestera aldatu egiten dira ipuinak, jakina, baina lotura handia dago elkarren artean, azken finean, ipuinok gizakion eta gizarteen oinarrizko beharrak asetzea dute helburu han eta hemen. Gizakiok gure mugak ditugu eta bizitzan zehar hainbat egoera berdin izaten ditugu, eta horiek dira kontakizunon oinarria eta ardatza.

Aipatu ditugun ipuin moten artean, ipuin miresgarriek osatzen dute multzorik interesgarriena. Izenari dagokionez, cuentos de hadas gaztelaniaz, contes de feés, contes merveilleux frantsesez, fairy tales ingelesez, Märchen alemanez esaten zaie. Euskaraz izen bat baino gehiago eman izan zaie, goian aipatu ipuin miresgarriez gainera: ipuin harrigarriak, amandre-ipuinak eta ixtorio-mixterio gogoratuko ditugu, zabal ibili diren neurrian.

Beste hizkuntzetan bezala, euskal ipuinetan ere hasiera formula jakin bat izaten da. Gaztelaniaz Erase una vez, ingelesez Once upon a time, alemanez Es war einmal ezagunak bezala, euskaraz Bazen behin, Behin, beste askotan bezala eta parekoak ditugu ohikoenak. Horrek adierazten du ez dagoela une edo garai jakin bat, ez dagoela leku zehatzik. Ekintzak noizbait eta nonbait gertatzen dira, eta horrela gertaerak miresgarriak izan daitezke.

Beste horrenbeste gertatzen da pertsonaiekin. Normalean izenik ere ez daukate, eta dutenean izen guztiz arruntak dira. Bestelako deituren bidez izendatzen dira gehienetan: familiako senidetasuna (aita, ama, alaba gaztea, seme zaharra...), gizarte maila (morroia, erregea, soldadua...), lanbidea (okina, errementaria, baserritarra...).

Ipuin miresgarriak aztertu dituzten adituen artean, Vladimir Propp errusiarrak laburbildu zituen halako gehienetan normalean betetzen diren funtzio orokorrak. Haren esanetan, egitura edo morfologia nahiko egonkorra daukate ipuinok. Berak funtzio deitzen dituen sekuentzien zerrenda osotu zuen. Sekuentzia horiek ordena berean betetzen dira ipuinetan, den-denak beti agertzen ez badira ere. Proppen azalpenari jarraituz, ipuin miresgarrietan heroi bat dago, eta heroi hori etxetik ateratzen da, munduz mundu ibiltzera, zoriaren bila. Ibilbide horretan traba edo arazo batzuk izango ditu, banan-banan gainditu beharrekoak, eta horretarako inguruan izango ditu laguntzaileak eta arerioak.

Heroiaren ausardia frogatzeko eragozpen guztiok gainditutakoan, amaierara helduko gara, eta amaiera ona izango da, hori baita ipuin miresgarrien beste ezaugarri nagusietako bat. Azkena adierazteko ere, hasieran legez, formula egin bat erabiltzen da, adibidez, Ongi bizi izan baziren, ongi hil ziren, Halan bazan ez bazan, sar dadila kalabazan, eta urten dadila Derioko plazan.

Batzuetan, kontalaria ipuinean sartzen da hori hala izan zela adierazteko, lekuko gisa. Sinesgarritasuna, indarra eman nahi zaio horrekin ipuineko gertaera miresgarriari. Amaiera hauek jasota daude zenbait ipuinetan: Orduan han nintzen edo Orduan han nintzen eta orain hemen.

Berez, ipuinon miresgarritasunak naturaren legeak urratzea dauka oinarrian. Urratze hori era askotakoa izaten da: animaliek hitz egitea, normalean txikiak diren animaliak erraldoi gisa agertzea, saguen neurriko pertsonak, printzesa edo printzeak paita, uso, pizti edo munstro bihurtzea eta abar.

Narrazio tradizionalen artean, ipuin miresgarriez gainera, elezahar edo esaundak beste multzo batean sartzen dira. Halakoetan azaldutako kontaerak ez dira asmatuak edo fikziozkoak. Benetako gertaerekin lotuta egoten dira, jatorriko gertaerak itxuraldatuta badaude ere denboran zehar egindako ibilbidean. Era askotako edukiak izaten dituzte. Batzuk leienda hagiografikoak dira, beste batzuk historikoak, eta iturri, zubi eta antzekoak agertu edo egiteari buruzkoak ere izaten dira. Leku eta denbora jakin batean kokatzen dira normalean, gainera. Gure mitologiako izaki harrigarrien narrazioak esaunden bitartez heldu zaizkigu: lamia, basajaun, prakagorri, jentil, tartaroren kasuak dira.

Lamina eta Harri-Pikatzailea

Duela aspaldi aspaldi, ba omen zen harri-pikatzaile bat. Harriari joka akitzen zela, eta bertze zerbeit hobeko zuela, nahiko zuen aberats.

Baitzen denbora hetan Lamin hainitz, Lamin hetarik batek entzun eta, hor egiten du Aberats.

Bainan, ase zen hala ere, bera baino gehiagokoak oraino bazituela, eta Enperadore nahiko zukeen. Eta Enperadore egin zuen Laminak.

Udamin batez, iguzkiak kexarazi zuen, eta bere buruarekin egin zuen: Iguzki hobeko zuela. Eta Iguzki egin zuen Laminak.

Bainan, aroa pitta bat goibeldurik, hedoi aintzinean eman zitzaion, eta gaitzitua osoki, hedoi hobe zuela bururatu zitzaion. Eta Hedoi egin zuen Laminak.

Bainan, euri-pesia batzuk gaitzak igortzen zituela lurrera, ohartzen da Hedoia harroka handi bat harrotzen ere ez zuela, eta hedoi baino nahiagoko zukeen harroka. Eta Harroka egin zuen Laminak.

Baina, burdin-mailua eskuan, gizon batek puska puskaren ondotik jauzarazi zion, eta gizon hura behar zuela eman zen oihuka. Eta Harri-pikatzaile egin zuen beraz Laminak, trufaz erraiten ziola:

"Bat duenak bertzea nahi; horra aintzinean bezenbat bahaizela! Gaurgoiti, gauden beraz hola hola: ni Lamin eta hi Harri-pikatzaile".

Eta Lamina bethikotz itzali zitzaion Harri-pikatzaileari.

Bertsolaritza kantuan bertsoak bat-batean sortzea da, gai baten edo batzuen inguruan. Saio tankeraren arabera, batzuetan gai-jartzaile batek eman edo zuzentzen die gaia bertsolariei, edo bertsolariek eurek euretara jarduten dute, gehienetan bik, elkarren artean dialektika modukoa sortuz, elkarri bertso bidez ziria edo kontrako iritzia erakusten dutela ia beti.

Argumentua edo mezua, bertsoaren mamia, garanduz garanduz doa, eta amaierarako uzten da ideia nagusia, garrantzitsuen edo eragingarriena, mezuaren muina. Bertso-ahapaldia ona izateko kontuan hartzen da neurria ondo betetzea, puntuak edo errimak egokiak izatea, beti ere hitza errepikatu gabe, hau da, poto egin gabe. Gaiari lotzea eta egoki garatzea ezinbestekoa da.

Normalena bertsolari bat baino gehiagoren arteko saioa da, elkarren arteko lehia, elkarri gaia eman eta erantzunez kantaldiari bizitasuna emanez.

Bertsolaritza aspaldi-aspaldikoa dela jakin arren, gizonezkoen taberna giroarekin lotuta egon da. XX. mendean Manuel Lekuona hasi zen bertsolaritzaren balioa goratzen literatura aldetik eta, mendearen azken hamarkadetan zabaldutako bertso-eskolen bitartez, jende eskolatua bereganatu du, bai bertsolari bai entzuleen artean.

Horren eraginez neurri batean, hasi gara plazan andrazkoak ikusten. Neurrietan, betiko zortziko nagusi, zortziko txiki, bederatzi puntuko ezagunenez gainera, bertsolariek eurek sortutako doinuak eta neurri bereziak ugaritzen doaz. Eta bertsolaritzaren agertokiak eta moduak asko ugaritu dira, performance mota askotara zabaldu da: triki-bertsoak, bertso-afariak, musikari klasikoei laguntzen, antzerkietan txertatuta...

Herri-antzerkiaren barruan, pastorala dugu garrantzitsuena. Herriari estu lotuta dago, artzain-giroarekin gehien bat. Zuberoan estima handiz gordetzen da urtero egiteko ohitura.

Egitura nahiko finkoa dauka, gaia edozein dela, beti dago ongiaren eta gaizkiaren arteko lehia, borroka. Pertsonaiak urdinak (onak) eta gorriak (txarrak) dira, bakoitzak dauka ibiltzeko modu bat, kantatzekoa, dantza egitekoa... Ate bana eta eszenatokiko alderdi bana erabiltzen dute sartu-irtenetarako. Erdian ate zuria dago, eliza eta zeruarekin zerikusia duten pertsonaiak ibiltzeko.

Eszenatokia landa batean egiten da, lauki batean, eta gainean jartzen dira musikariak, aktoreei kanta-dantzetan eta sartu-irtenetan laguntzeko. Errejenta edo zuzendaria taula gainean dago, orkestraren azpian eserita. Dena kantuz ematen da eta, argumentua garatzeko doinua oso antzekoa bada ere, asko lantzen dira pastoral bakoitzerako sortutako kantuak, baita dantzak ere.

Urtero herri batek hartzen du pastorala antolatzeko ardura, eta antzezleak herriko jendea dira. Lehenago gizonek baino ez zuten parte hartzen, baina apurka-apurka andrazkoak sartu dira normaltasun osoz. Iraupenari dagokionez ere, garai batean normala zen bi-hiru egun ematea antzezpenean. Gaur egun, ostera, pastoralak berak hiru ordu inguru irauten du, desfilea, dantzak eta guzti egun osoa ematen badute ere.

Pastoraletan era askotako gaiak erabili izan dira. Iraganean errege, santu, heroi historiko, Bibliako eta historiako pertsonaien gainekoak izaten ziren. XX. mendearen erditik aurrera batez ere euskal gai eta pertsonaiak dira ardatzak.

Hasieran lehen pheredika egiten da, aurkezpen moduko bat da, ikusleei harrera egin, ikuskizunaren berri eman eta haien arreta bereganatzeko. Eta amaieran azken pheredika eskerrak eman, txarto eginak barkatzeko esan eta agurtzeko.

  • AREJITA, Adolfo; ETXEBARRIA, Igone; IBARRA, Jaione. Mendebaldeko euskal baladak. Bilbo: Labayru Ikastegia-BBK, 1995.
  • ARRATIBEL, Jose. Kontu zaarrak. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1980.
  • AZKUE, Resurrección Mª. Cancionero Popular Vasco. Bilbo: Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • AZKUE, Resurrección Mª. Euskalerriaren Yakintza. Madril: Espasa Calpe, 1989.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel. Obras Completas. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972-1984.
  • KALZAKORTA, Jabier. Lamia, sorgin eta Tartaroen erresuma ezkutua. Bilbo: Labayru Ikastegia-BBK, 1997.
  • KALZAKORTA, Jabier. Dantza-kopla zaharrak. Bilbo: Labayru Ikastegia-BBK, 2007.
  • Kantu, kanta, khantore. Baiona: Kordelieren irarkolan, 1967.
  • LAKARRA, Joseba; URGELL, Blanca; BIGURI, Koldo. Euskal Baladak. Donostia: Hordago, 1983.
  • LEKUONA, Juan Mari. Ahozko euskal literatura. Donostia: Erein, 1982.
  • LEKUONA, Manuel. Literatura oral vasca. 3. arg. Kardaberaz bilduma; 22-B, 1964.
  • MARKAIDA, Mª Eugenia... [et al.]. Ahozko literatura: genero txikiak. Bilbo: Labayru Ikastegia, 1991.
  • MICHELENA, Luis. Historia de la Literatura vasca. Madril: Minotauro, 1960.
  • MICHELENA, Luis. Textos arcaicos vascos. Madril: Minotauro, 1964. Berrarg. Anejos ASJU-XI. GFA / DFG & EHU / UPV. Donostia 1990.
  • OYHARÇABAL, Bernard. La pastorale souletine: édition critique de Charlemagne. Anejos del Anuario del Seminario "Julio de Urquijo". Donostia: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1991.
  • Refranes y sentencias (1596). Edizio kritikoa, Joseba Lakarra Andrinua. Bilbo: Euskaltzaindia, 1997.
  • ZAVALA Antonio. Euskal erromantzeak. Romancero Vasco. Oiartzun: Sendoa, Auspoa Liburutegia, 1998.