Kontzeptua

Ahozko kontakizunen bilakabideak

Oralidad

Honaino azaldutako aldaketa motak, kontakizunen igorbideetan zehar gertatzen dira noski. Igorbideak deritzan azpi-atal honek beraz, ez du asmo bezala kontakizunen igor bideetan gertatzen diren fenomeno guztiak deskribatzea, baizik eta, aldaketa baten ondorioz kontakizun batek jatorrizko oreka galtzen duen unetik, "izoztua" edo erregistratua izan arte iragaten den tartearen berri ematea. Gure abiapuntua, kontakizun bat herren geratzen deneko une teorikoa da, eta hortik aurrera zer eginen ote duen galdetzen diogu geure buruari.

Adierazi berri ditugun aldaketa mota baten edo batzuen eraginez desorekatuta geratu den kontakizunak, aurrera eginen du bi kontalari motaz osatzen diren igorbideetan zehar. Kontalari hauek dira, kontalari errepikatzailea, kontakizuna entzun bezala ia hitzez hitz errepikatzen duena, eta kontalari hobetzailea, kontakizunaren baitan sumatzen dituen herrenkeriak leuntzen eta borobiltzen saiatzen dena. Aurrenekoak jarrera arrunt oharkabeaz dihardu, eta ez dauka inongo erreparorik batere zentzurik gabeko mezuak igorri eta kontraesanik ikusgarrienak ere bere horretan errepikatzeko. Bigarrenak aldiz, esaten ari dena aztertu egiten du eta trakeskeriarik sumatzen baldin badu, kontakizunaren egitura hobetzeari ekinen dio, kontraesanak irtenbideratuz, hutsuneak betez eta alferrikako osakinak suntsituz, kontakizunak, egitura, esangura eta itxura borobil ulergarri eta harmoniatsuak ukan ditzan.

Kontakizun bat dabilen igorbideko bi kontalari mota hauen arteko proportzioak erabakiko du kontakizun horren azken egoera, erregistratua izaterakoan erakutsiko duen itxura alegia: zenbat eta gehiago izan kontalari errepikatzaileak, orduan eta ageriago azalduko dira jasaniko aldaketen aztarnak (kontraesanak, hutsune semantikoak eta adierazirik gabeko adierazleak batik bat).

Alderantziz, zenbat eta ugariago izan kontalari hobetzaileak, orduan eta nekezago kausitu ahal izanen dugu horietako aztarnaren bat: kontakizuna orekatua eta borobila azalduko zaigu eta bere adierazmami berrian ez dugu arraildura edo pitzadurarik sumatu ahal izango.

Kontalari errepikatzailea eta kontalari hobetzailea ez dira halere errealitatean aurki daitezkeen bi kontalari mota fisiko edo pertsonalak, baizik eta bi kontalari mota teoriko edo funtzionalak. Benetako kontalari errealetan suma daitezkeen bi joerak irudikatzen dituzte, baina eredu mailakoak dira halere, eta ez ditugu errealitateko kontalari fisikoekin nahasi behar. Benetako kontalari erreal bat, eredu errepikatzailetik hurbil ibil daiteke, eta besteren bat berriz, eredu hobetzaileari lot dakioke. Alabaina era berean zera gerta daiteke,- eta izan ere gertatzen da-, kontalari fisiko erreal bera eredu errepikatzailearen arabera aritzea zenbaitetan, eta beste zenbaitetan aldiz eredu hobetzaileari jarraikiz jokatzea, bi ereduon arteko hautapena, komunikazioan parte hartzen duten zenbait zirkunstantziak agindurik etorki, hala nola, kontakizun mota, entzuleria mota, istorioa kontatzen duenak duen helburua, istorioaren kontalariarenganako helbidea, eta kontalariaren istorioarekiko jarrera asmoa eta erabilera, alegia, kontalariak bere istorioarekiko duen jarrera zein ote den, begirunez fidelki errepikatzea hala irudimen biziaz eta graziaz apaintzea entretenigarri atsegina izan dadin. Baserritar euskaldunak ez du honako bi kasuotan ber gisan jokatzen, alegia, bere umeari bere zaharrengandik ikasitako legenda bat kontatzerakoan, -leku jakin eta ezagun batean gertaturikoa, etxeko arbasoak aipatzen dituelarik eta etxeko ondare mitologiakoaren zati bat dena-, edota egunaren hondarrean lagun artean bildurik horren antzeko beste bilera batean entzundako istorio harrigarria, -garai eta leku zehaztu ezinetan gertaturiko istorio harrigarria-, kontatzen duenean bere adiskideak dibertitzeko.

Aurreneko kasuan kontakizun hori berak entzun bezala ahalik eta berdinen errepikatzen saiatuko da, eta bigarrenean ordea fideltasuna bigarren mailako kontu bilakatzen da, kontalariaren abilezia eta entzuleria liluratzeko gogoa nagusi direlarik.

Kontalari errepikariak zer esaten duen batere erreparatu gabe, istorio bat bere horretan errepikatzeko duen gaitasuna zenbaterainoko den, bikain erakusten du ondoko kontakizunak. Gogoan izan behar da 1920an jaso zela eta sexu aukerak ez zirela gaur egun bezain zabalak.

"Basajauna be bizitzen zen Zeanuriko basoetan. Behin batean gazte bat joan zen basora eta Basajauna topatu eban. Esan eutzon honek ea bere nobioa izan gure eben. Mutil horrek begiratu eutzen ondo eta ikusirik anketan erpeak eukesala esan eutzon ezetz. Orduan Basajaunak esan eutzon laster hilgo zela, eta esan eta egin, hurrengo egunean hil zen, eta Basajauna joan zen bere entierrura". (Barandiaran 1973).

Bi kontalari mota teoriko hauen presentziak berehala dakarkigun auzia zera da, alegia, bakoitzak duen garrantzia erlatiboa finkatzea. Hots, zein da horien arteko proportzioa igorbidean zehar? Zein dira gehienak, errepikatzaileak ala hobetzaileak?

Egin berria dugun hausnarketak erantzun bide hastapen bat erakusten du nolabait, alegia, esan nahi baita ez dagoela osaketa bakar bat kasu guztietarako, baizik eta, kontakizun motari eta komunikazioaren inguru eta asmoari dagokien faktore multzo batek igorbidearen osaketaren proportzio ezberdina finkatzen duela kasu bakoitzean. Baieztapen honetan oinarrituz, honako hausnarketa egin daiteke, hots, erdi aroko Bagdad-eko kontu kontalari profesionalen ingurugiroko igorbideetan eredu hobetzailea zela nagusi eta alderantziz, euskal legenda mitologikoen igortze prozesuan zehar eredu errepikatzaileak osatu duela gehiengoa.

Dena dela, erabateko erantzuna, a posteriori bota daiteke bakarrik. Esate baterako, Agerrera joan ohi ziren jentilen istorioari buruz, kontalari errepikatzaileen ahotan ibili dela nagusiki esan daiteke, zeren eta Jentilaroko ikuspuntua gorde baitu gizarte kristautu baten baitan zenbait mendetan zehar, lehenago erakutsi dugun kontraesan larria egoskor gordeaz batere estutu gabe, alegia, jentilak alde batetik sorginak eta mamu gaiztoen antzera eguzkiari ihes egiten dioten gaueko izakiak izan, eta aldi berean, lagunbera, eskuzabal eta bihotz onekoak izateak plazaratzen duen kontraesana.

Halaber, esparru geografiko zabal batean zehar han eta hemen bildutako kontakizun baten bertsioek elkarren antza handia agertzen badute, guztien igorbideetan errepikatzaileak nagusitu direla esan ahal izanen dugu. Hau oso nabarmena da Jentilen Akaberaren mitoa osatzen duten motiboen kasuan esate baterako. Motibu horien arrastoak aldaketa nabarmenegirik gabe (elkarren arteko lotura oraindik ezagutzeko modukoa zelarik, alegia) aurkitu ahal izan dira Euskal Herrian, Irlandan, Eskozian, Alemanian eta Eskandinabian, saxoien Erdi Aroko hedatzeak oraindik urrunago eraman dituztela alde batera utzita. Bospasei mila urte ingurukoa litzateke arrastoon arteko denbora tartea, hots, enbor beretik bereizi zireneko tartea.