Kontzeptua

Legenda

Legenda, garai eta leku zehatz batean kokaturiko ahozko kontakizun bat da, egiantza duena eta kontalariak nahiz entzulegoak egiazkotzat jotzen dutena, eta norberaren mundua eta gizartea ulertzeko eta zilegitzeko balio duena. Erraz bereizten da ipuin harrigarritik, azken hau ez delako garai eta leku zehatz batean kokatzen, ez duelako egiantz asmorik eta ez duelako ezta ere ulerbide edo zilegitze-bide funtziorik. Aitzitik, legenda eta mitoa bereiztea ez da batere samurra. Bereizi beharraren beharraz batzuk diote mitoa legenda baino garai zaharragoan kokatzen dela edota mitoa izaki gorenei lotzen zaiola nagusiki, legenden protagonistak gizazkoak diren bitartean, baina bereizketa behartu eta antzu samar hauek bazter utzita, legenda eta mitoa ber gauzatzat hartu ohi dira.

Mitologiaz jarduterakoan egin beharreko lehen oharra zera da, alegia, mitologia ez dela ipuin edo kontakizun harrigarri bilduma soila. Era horretan ikusten ohitu bagara, zerarengatik da, hots, bere testuingurua galdutako kontakizunari baino ez diogulako mitologia deitu ohi. Testuinguruaren galerak harrigarriago bihurtu ohi du kontakizun mitikoa, ulergaitza dena harrigarriagoa izan ohi delako beti. Fosildutako mitoari baino ez diogu esaten mito. Baina mitoa, bere testuinguruan indarrean dagoen mitoa, egunerokoa eta arrunta da zeharo. Haren eraginpeko inork ez du harrigarritzat joko.

Euskal mitologiaz dihardugunean berriz, aurrekotik datorren oharra egin behar dugu berehala. Euskal mitologia, gaurko euskaldunen mitologiari esan beharko bagenio ere, gehienbat 1870 eta 1970 bitarte nekazari euskaldunen artean bildutako mitologia bildumari deritzogu.

Oharrok eginik, gatozen bada mitologia zehatzago definitzera: Mitologia, oharkabeko eredu funtzioa duten mezuen bilduma da. Oharkabeko eredu funtzioa duen mezu oro da mito. Ereduok bi mailako izan daitezke: eredu adierazlea, eta eredu zilegitzailea. Eguzkia ilunabarrean Lurraren baitan sartzen dela dioskun kanta, eredu adierazle funtzioa duen mezua da: Kosmosak nola funtzionatzen duen adierazten digu. Eguzkia sartaldean Lurraren baitara bildu, eta lurpean zehar egunezkoaren alderantzizko bidea egin ondoren hurrengo egunsentian sortaldean jalgitzen da Lurraren baitatik. Etxetik irten eta errepide bazterrean nabarmen ikusten dugun, NBAko jokalari entzutetsuak betetzen duen panel erraldoia, eredu zilegitzaile funtzioa duen mezua da. Harenak bezalako kirol-oinetako pareagatik 200 ¤ ordaintzea zilegi dela diosku oharkabean. Mezu ezberdinak, gai eta garai ezberdinak, baina funtzio bera: eredu izatea. Eredu izatea kosmosa ulertzeko eta eredu izatea gizartea eta gizarteko jokabideak ulertzeko.

Ulertu esatea ez da halere agian oso egokia, galderarik eta gogoetarik ezean benetan ulertzerik ez dagoelako. Hori baita hain zuzen mitoaren ezaugarri nagusietakoa: oharkabekoa izatea. Mitoa aldez aurreko erantzuna da. Galderarik sor ez dadin aurretik emandako erantzuna. Galderaren lo-belarra. Beti txorikume izango den gogoaren habi goxoa. Beraz agian ulertzeko baino, ulertze itxuraz onartzeko esan beharko genuke zuzenago.

Euskal Mitologia beraz, aipatu garai eta giroko jendeari euren kosmosa eta gizartea oharkabean ulertarazi eta onar arazteko funtzioa duten mezuen bildumari esango diogu.

Halere, garai eta giro jakin horietako euskaldunen kosmosa eta gizartea ez ziren, ez, jatorri bakarrekoak. Euskal Herria aspaldiko autopista bateko ertzetan dago, eta euskaldun haien mitologiak baditu, garai eta kultur eragin ezberdinei zor zaizkien hainbat geruza. Geruza hauek gainera ez dira tipularen mintzen antzekoak, aurreko eta atzeko mintzetatik erraz eta garbi bereizten direnak. Geruza hauek akuarelaz egindako koloretako orbainen antza dute. Gainekoak azpikoaren kolorea alda arazten du. Eta azterketa lana behar da geruza bakoitza zer nolakoa zen jakin ahal izateko.